Batzuei agur...besteei ongi etorri

Batzuei agur...besteei ongi etorri https://www.gaztezulo.eus/albisteak/batzuei-agurbesteei-ongi-etorri/@@download/image/65p18-2_1365514291.jpg
2006/07/07
erreportajea
Arantxi Padilla
Batzuei agur...besteei ongi etorri
Joan den urtean, Ballet Biarritz Junior izeneko dantza konpainia gaztea sortu zuen Miarritzeko Balletak. Oraintsu amaitu da 18-22 urte bitarteko dantzariak hartzen dituen konpainia honen lehen ikasturtea, eta ekainaren 4an, aurten baletean arituko diren dantzariak aukeratzeko deialdia egin zen. Batzuk joan, eta beste batzuk etorri, baletaren mundu gogorrean ere hori da legea.

Iaz, Miarritzeko Balletak entzunaldia antolatu zuen, Ballet Biarritz Junior-eko lehen dantzariak aukeratzeko. 45 lagun aurkeztu ziren frogara, eta haietatik 12 aukeratu zituzten: Irma Hoffren, Jone Miren Agirre, Judith Argomaniz, Victoria de la Fuente, Pauline Fabien, Noémie García, Miren Gómez, Sara Hernández, Séverine Lefevre, Aurélie Luque, Anne Sophie Placier eta Gisela Ribak. Haietatik zazpi, entsegun batean harrapatu genituen.

Aipatu dantzariek, agur esan diote jada Ballet Biarritz Juniorri. Izan ere, urtero partaideak aldatzea da Ballet Biarritz Junior-en filosofia: "Gure xedea puntako dantzari hauek laguntzea da, profesional gisa saltoa eman dezaten", diosku Adriana Pousek. Aurrerantzean, dantzariek entzunaldiz entzunaldi aritu beharko dute: "Beti horrela izan da, benetako kontratu bat iritsi arte", dio Adrianak

Sei ordu egunero

Iaz, 45 dantzari aurkeztu ziren Ballet Biarritz Junior-ek egindako lehen deialdira. Joan den ekainaren 4an, bigarren en-tzunaldia antolatu zuten, eta 80 dantzarik eman zuten izena. "Mundu osoko curriculumak jaso ditugu: Japon, Txina, Korea, Italiatik… erabat harrituta gaude", dio Adriana Pousek. Egia esan, erantzun hori ez da batere harritzekoa, Miarritzeko Balleta zuzentzen duen Thierry Malandain, erabateko erreferentzia baita balet munduan. Dena den, erreferentzia direnen aginduetara aritzeak, badu bere alde gogorra. Dantzariek 6 ordu ematen dituzte egunero, koreografiak, ariketak, eta bestelakoak egiten. "Dantzari baten karrera profesionala, atleta batena bezalakoa da", dio Adrianak. Hala ere, gustuko herrian, aldaparik ez.

Bizitza osoa, entzunaldiz entzunaldi



Jone Miren Agirre baionarra da, eta Irma Hoffren, aldiz, donostiarra. Hemeretzina urte dituzte. 2005-2006 ikasturtean elkarrekin aritu dira Ballet Biarritz Junior-en. Orain, agur esateko eta etorkizunari begiratzeko garaia heldu zaie: "Hemendik aurrera zer? Etorkizuna gris samar ikusten dugu, baina entzunaldiz entzunaldi jarraituko dugu. Bizitza osoa horrela daramagu, eta ohituta gaude", dio Jone Miren Agirrek.

Jone Miren 7 urterekin hasi zen baleta egiten. 11 urterekin Parisera abiatu zen, eta hango operan 3 urtez aritu ostean, Cannesen jarraitu zuen. Iaz, Ballet Biarritz Junior-en lehen entzunaldira aurkeztu zen, eta aukeratuetako bat izan zen. Ordutik hona, Donostian bizi da Jone Miren. "Gogorra da bizimodu hau, eta harremanei eusteko zeresanik ez. Hori da honek guztiak duen alderdi txarretako bat", dio Jone Mirenek.Beraz, zein litzateke ametsezko egoera ideala? "Dantza konpainia on batean denbora luzerako kontratua egitea" diote biek, "bizimodua nolabait ziurtatuta izatea lortuko genukeelako". Izan ere, azken ba-tean, horixe falta dute Irmak eta Jone Mirenek guztiz profesionalak izateko; baletetik bizitzea. Eskolak izaten dituzte goizeko 09:00etatik arratsaldeko 15:30etara; eta ordu gehiegi dira baleta soilik zaletasuna izateko. Hala ere, lan egiteko gogo faltarik ez dute; "Ballet Biarritz Juniorren bizitako esperientzia bikaina izan da, eta ikasitako guztiak etorkizunean fruituak emango ditu"