Bartzelona: Arterapia

Bartzelona zoratuta dabil egunotan. Arte garaikidearen katedralean, Zush izeneko artista bat bere itxialdi partikularra egiten ari da. Albert Porta artista 60ko ha-markadan eroetxe batean egon zen eta bertako gaixo lagun batek Zush izenarekin bataiatu zuen. Orain Macba-n (Museu d'Art Contemporani de Barcelona), "Tecura" erakusketa ikusgai jarri du, eta artista museoan bizi da, erakusketa itxi bitartean. Macban beste ezhoiko artelan sorta bat ere badago; "Prinzhorn bilduma" izenburupean, 1890 eta 1920 bitartean Europako hainbat eroetxetako gaixoek sortutako 200 marrazki jarri dituzte.
Erakusketak Hans Prinzhorn (1886-1933) psikiatra eta arte historialariaren izena hartu du. 20ko hamarkadan, Prinzhornek Europako hainbat eroetxetako gaixoen artelanak biltzeari ekin zion. Alemaniako naziek bilduma debekatu zuten, baina aldi berean, surrealistek asko ikasi zuten, eta beranduago, Estatu Batuetara iritsi zenean, espresionismo abstraktuan ere eragina izan zuen. Bartzelonakoa, agian, bilduma ikusteko azken aukera izango da, dirudienez laster Alemanian Prinzhorn museoa irekiko dute eta.
Azkenik, bi erakusketa hauek, zera proposatzen dute: eroei bazterketak ez diela asko laguntzen, baina artea terapiatzat jotzeak, aldiz, ondorio onak ekartzen dizkiela. Zushek astero arte tailerrak egin ditu Macba-n, zenbait gaixorekin, eta orain arte emaitza onak izan ditu. Nork esan du artea ez dela "praktikoa"?