'Barraka' bideo-jokoak irabazi du Durangoko Azokako laugarren sormen beka

'Barraka' bideo-jokoak irabazi du Durangoko Azokako laugarren sormen beka Ibai Aizpuruaren bideo-jokoak irudi errealak, stop-motiona, umorea eta animazio tradizionala nahastuko ditu. Urtebete izango du proiektua garatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/barraka-bideojokoak-irabazi-du-durangoko-azokako-laugarren-sormen-beka/@@download/image/sormenbekaDA.jpg
2021/12/09

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ibai Aizpuruaren bideo-jokoak irudi errealak, stop-motiona, umorea eta animazio tradizionala nahastuko ditu. Urtebete izango du proiektua garatzeko.
'Barraka' bideo-jokoak irabazi du Durangoko Azokako laugarren sormen beka

Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarrak eskuratu du Durangoko Azokako laugarren sormen beka Barraka izeneko bideo-joko proiektuarekin. Barraka abenturadun bideo-joko umoretsua izango dela azaldu dute, eta irudi errealak, stop-motiona eta animazio tradizionala nahastuko dituena. Epaimahaiak adierazi duenez, "haurrentzako fantasiazko mundu estetikoki eder eta gozagarria" sortzen du. Oso proposamen "iradokitzaile eta tengarritzat" jo dute proiektua eta "helduei barruko umea ateratzen" lagunduko diena: "Haur izan garen guztiontzat ezagunak diren bizipen eta erreferentziak ditu: herri txiki bateko festak, barrakak, gozokiz jositako mundu bat… plazerez betetako mundu bat". 

Aizpurua sortzaileak aurreratu duenez, "jokalari batentzako esplorazio eta abenturako bideo-joko umoretsua da. Abentura hau Ainhoa izeneko neskaren azalean biziko dugu. Bideo-jokoa Euskal Herriko herri txiki bateko festetan girotuta dago. Ainhoa barraka sorgindu batean sartu eta fantasiazko mundu bitxi batean murgilduko da".

Ibai Aizpurua bera arduratuko da diseinua, irudiak, animazioak, soinuak eta programazioak sortzeaz. Musikarako, berriz, Gonzalo Sardon "Amenaza"-ren laguntza izango du. Irundarraren arabera, proiektu honen helburua "edonor erraz murgildu daitekeen euskarazko abentura-bideojoko umoretsu bat" gauzatzea da. 15.000 euroko diru-laguntza jasoko du horretarako, eta urtebeteko epea izango du proiektua garatzeko, hurrengo urteko Azokan aurkeztuko baitu emaitza. 

Urtero diziplina ezberdin batekin lotuta egoten da sormen beka eta edizio honetan sorkuntza digitala izan da gaia. Orain arteko irabazleak honakoak izan dira: AtopiaRPG euskarazko lehenengo rol jokoa, Kai Nakai reggatoi abeslaria eta Bañolet websaila. Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak bekaren asmoa sortzaile berriei euren ibilbide profesionala garatzeko laguntza ematea dela gogorarazi nahi izan du eta Durangoko Udalaren konpromisoa eskertu du.