Banksy, denda irekitzera behartuta

Banksy, denda irekitzera behartuta Kale artistak Londresen salgai jarri ditu hainbat lan, izena ez galtzeko; irabaziekin erreskate ontzi bat finantzatuko du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/banksy-denda-irekitzera-behartuta/@@download/image/184780.jpg
2019/10/04
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Kale artistak Londresen salgai jarri ditu hainbat lan, izena ez galtzeko; irabaziekin erreskate ontzi bat finantzatuko du.
Banksy, denda irekitzera behartuta

Kapitalismoaren atzaparretatik ez da inor libratzen, ezta Banksy bera ere; zorion txartelak ekoizten dituen enpresa bat bere izena legalki erosten saiatu da, eta halakorik ekiditeko, graffitigileak bere produktuak salgai jartzeko denda bat ireki du Londresen. Etxea "edertzeko" lanak bildu ditu dendan; kale artistak Instagramen azaldu duenez, dendak Gross Domestic Product (Barne Produktu Gordina) izena du, eta kristalezko erakuslehioak 24 orduz egongo dira argiztatuta, jendeak edozein unetan ikusi ditzan salgai jarritako lanak. 

Aldiz, dendara sartzea ez da posible izango; lanak eskuratzeko interesa duenak Internet bidez egin beharko du erosketa. 12 eurotik aurrerako prezioetan, bertan eskegitako lanak Erresuma Batuan ekoitziak dira, materia birziklatuekin. Erosteko webgunea oraindik ez dago irekita, baina hau da helbidea: https://grossdomesticproduct.com/.

Adi, denda ez baita betirako bertan egongo. Salmentekin lortzen duen dirua berriz, Mediterraneoko etorkinei laguntzeko erreskate ontzi bat erosteko asmoa du Banksyk: "Italiako agintariek konfiskatutako ontziak ordezkatzeko erabiliko da dirua, beraz, baliteke produktu hauek erosita delitu bat egitea".

Hain zuzen, salgai jarritako gauzen artean etorkinen salbamendu txalekoekin egindako lanpasak daude eskuragarri. Etxea edertzeko prest?

Banksyren ‘Devolved Parliament’ obra, 11 milioi eurorengatik saldua

Sistemaren aurka gogor egin arren, sistemak biziki maite du Banksy, eta hala erakutsi du Sotheby's subasta etxeko azken salmentak. Hain zuzen, kale artistaren Devolved Parliament obra ezaguna saldu berri dute 11 milioi euroren truke. Obrak Erresuma Batuko parlamentua irudikatzen du, politikariak tximino bilakatuz. Hain zuzen, iaz artistak bere beste obra mitiko bat erdi suntsitu zuen subasta horretan, eta artearen gauzak nolakoak diren, obraren prezioa biderkatu egin zen.