Banana bat zoko ilunean

Banana bat zoko ilunean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/banana-bat-zoko-ilunean/@@download/image/69p24_1.jpg
2006/12/01
erreportajea
Lander Garro
Banana bat zoko ilunean
Hausnarketa koXkorrak euskal literatura erotikoaren inguruan

Literatura erotikoa definitzeko tentazioari iskin egingo diot, horixe baita sasi-adituok gure ezjakintasuna ezkutatzeko erabiltzen dugun trikimailuetako bat: eskatzen zaigun gaia bera auzitan jartzea. Muinetik ihes egiteko modua izan ohi da. Ez, ez dut literatura erotikoa zer den definituko.

Esan dezadan, hasteko, euskaraz erotismo gutxi idatzi dela, eta idatzi denean, akaso, ez dela sobera asmatu. Beste hizkuntzetan, agian, berdin gertatu da, eta berdin gertatu denez, literatura erotikoa esaten denean, zinez erotikoa ez den literatura aipatzen da. Hau da, halako pasarte epelez ondutako literatur liburu soilak.

Literatura erotikoaren helburua, ordea, ez da hori. Literatura erotikoa, izan, esku bakarrez irakurtzeko literatura da. Irakurri bitartean masturbatzeko, alegia, edo masturbatu bitartean irakurtzeko. Inspiratzeko. Gurean, ordea, Francoren eta elizaren itzal luzea pairatu behar izan dugu urteetan, eta, hasteko, hiztegiarekin arazo dexente aurkitu ditugu. Lehen idazle pioneroak literatura zertzelada likitsez edertzen hasi zirenean, saiakera apalak egiten zituzten, zeharkakoak. "Maritxu nora zoaz, eder galant hori? Iturrira bartolo nahi baduzu etorri. Iturrian zer dago? Ardotxo zuria, biok edango dugu nahi duzun guztia". Horra, adibide bat. Badira gehiago. Gehiegi. Bistan denez, sexu premiaren larritasunean orgasmoa lortzeko asmoz dabilenari, gutxirako balioko dio aipatutako pasarteak. Pre-erotismoa izango al da?

Txori ala banana?
Urteak aurrera joan ahala, ordea, aje horrek irauten du. Zakilari txori ala banana deitzea, aluari triangelu beltza, zoko iluna, edo armiarma, edota masturbatzeari idiarena egitea (norbait eszitatu al daiteke idiarena egitea bezalako esamolde batekin?!). Sexua hitz bilakatzeko arintasun falta nabarmena dago geure liburuetan. Akaso idazleek, idazle izateko tentazioari ezin diotelako iskin egin, edertzeko tentazioari, sotil izateko nahi banidosoari (eta, jakina denez, erotismoa idazteko, hobe zeharkako bideak bazterrean uztea, bidezidorrak ez hartzea).

Txalaparta argitaletxeak 1998an erotismo bilduma bat jarri zuen abian, nabarmenegia zen hutsuneari aterabidea aurkitzeko: "Literotura" bilduma. Juan Martin Elexpuru bergararrak izan zuen saila ale interesgarriz taxutzeko erronka, eta horretan hainbat urte eman dituzte (orain horretan ote dabilen zalantza daukat). "Literotura"-ri zor diogu, besteak beste, esku bakarrez irakurtzeko euskaraz dagoen libururik onenaren argiratatzea (ez da euskaldun batek idatzia, Sade Markesak baino): "Filosofia apaingelan" (Juan Martin Elexpuruk eta Bego Montoriok itzulia). Modu konstruktibo batez masturbatzeko premian bazabiltza, erosi liburua. Ez dizu hautsik pilatuko.

Bildumak, bestetik, euskaldunok idatzitako zenbait ale utzi dizkigu, eta horiekin ere beroaldiren bat itzaltzerik izango duzu. Elexpuruk berak, Aitor Aranak eta Juan Carlos Merinok prosan onartu zuten erronka. Bestetik, Paddy Rekaldek, poesia liburu eder bat atera zuen: "Sex Abaroa".

Egia da, bestetik, bildumaren sorrerarekin batera, askoren arteko liburuak osatzeko ekimenak sortu zituela Elexpuruk, eta hortik pieza ederrak atera dira. Bestetik, antologiak kaleratzeko lana hartu zuen argitaletxeak, eta ekimen horri esker, ahaztutako lagin ugari deskubritu ahal izan ditugu, eta ez gaur egungoak bakarrik. Esku artean daukadan "Euskal lizunkerien antologian", adibidez, XVIII. mendeko testuak aurki daitezke. Bada zerbait.

Lehen izena, Mirande
Euskal idazle asko ausartu dira, hitzez sexu instintoa berpizteko saiakeran, baina, batik bat, ale sueltoetan gorpuztu da saiakera, obra oso bat sortu gabe. Euskarazko erotismoa aipatzerakoan, lehen izena Jon Miranderena izan ohi da. Idazle malapartatuak gainerako idazleek baino lotsa gutxiago izan zuen bere garaian, eta baita askatasun handiagoa ere. Izan ere, "Haur besoetakoa" bikainaren egilea paristarra zen, euskalduna izan arren, eta Parisen, jakina denez, ez zegoen hemengo giro iluna. Mirandek Pigalle-ko sexo museoak bisitatzen zituen bitartean, gu Arantzazun genbiltzan, ez dakit zein apostoluei begira, haiek abangoardia zirela sinetsita. Horrekin guztia esanda dago, ezta?

Mirandek, 50eko hamarkadaren amaieran, pedofiliaren gaia jorratu zuen (lehen aipatutako liburuan), eta istorioaren baitan, halako pasarte beroak tartekatu zituen, inoiz esplizitoa izatera heldu gabe (aluari, adibidez sabela deitzen zion). Baina liburuak, nire gusturako, pertsonaien barne munduari erreparatzen zion, nagusiki. Mihise arteko kontuak, zinez, irakurleak –irakurri bitartean– asmatu egin behar zituen.

Generoaren gainbehera
Garai batean, genero erotikoaren aldeko oldarraldia suertatu zen munduan barrena, horrek, nolabait, sexu askapenarekin lotura zuelako. Sexua guztiz bizitzea, bidenabar, sexua bakarka egiteko aukera izatea da, eta testuinguru horretan, esku bakarrez irakurtzeko liburuek zerbitzu aproposa eskaintzen zuten. Gurean, noski, Espainiakoak eta Frantziakoak bilakatu ziren erreferentzi: beti bezala. Horien arrakastaren harira, argitaletxeek bildumak sortu zituzten, Txalapartak hogei urte beranduago egingo zuen mo-dura... Euskal Herrian pionero izanda! Bada marka, geurea.

Azken urteetan, ordea, generoak gainbehera apokaliptikoa sufritu du. Txalapartaren "Li-terotura" bera, formarik es-kasenean dabil. Espainiako Estatuan Sonrisa Vertical saria banatzen zuten urtero, libururik onenen artean. Saria ere bertan behera geratu zen, sariketak aspaldiko funtzioa betetzeari utzi ziolako, antolatzaileen esanetan. Zer gertatu da? Jada ez al dugu masturbatzeko premiarik? Osoki erromantikotu eta izarrei begira eragiten ote diogu klitoriari? Hori al da gertatu dena? Ez dakit honen inguruko ikerketarik argitaratu ote den. Nik ez dut ezagutzen. Baina, okertzeko arriskua hartuz, zera esango dut: gaur egun, internetek be-tetzen du garai batean Sade Markesak betetzen zuen funtzioa. Klik single bat eginez, edonongo irudiak eskuratu ditzakegu, doan. Mota guztietako irudiak: hirukoteak, etnikoak, gogorrak (hardcore), sodomitak, miazkaketa larriak, zurrupaketa latzak, penetrazio amaitezinak, homosexualen artekoak (itsas gizonez jantzitakoak barne), lesbikoak, yate batean gainean egindakoak, voyeur batek filmatutakoak, lau hankatan, basoaren erdian, tabernaren barra gainean, launaka, bosnaka, seinaka, taxian, poliziaren autoan, zakurrarekin, zaldiarekin, eta, nahi ba-da, ohean, senarrarekin. Sexua, edonoiz, edonola, pantaila handian, koloretan... nola lehiatu horrekin? Zer eta nola idatzi behar da menu horri kontra egiteko? Internetek badauka gauza on bat, gainera: intimitatea bermatzen duela. Amaitu dira, hortaz, sexuzko liburu edota aldizkarientzako gordeleku arriskutsuak bilatzeko lanak (lan nekagarri haiek, arraioa!). Ordenagailua itzali, eta kito. Ongi ibili.