Baltistango lagunei, esker onez

Baltistango lagunei, esker onez https://www.gaztezulo.eus/albisteak/baltistango-lagunei-esker-onez/@@download/image/65p48-1_1365510124.jpg
2006/07/07
erreportajea
Orkatz Goenaga
Baltistango lagunei, esker onez
Karakorum mendikateko tontor erraldoiak igo ahal izateko, Baltistango zamaketarien laguntza eskerga izan dute behin baino gehiagotan euskal mendizaleek. Hain zuzen, laguntza hori eskertu eta zorrak kitatzeko asmoz sortu zen Felix Iñurrategi/Baltistan Fundazioa. Baltistango herrixka batean, Matxulun, Felix Iñurrategiren amets politena gauzatzen ari dira. 

Karakorum mendikatean daude munduko tontor garaienetako batzuk; haietako asko, zortzi milakoak eta zazpi milakoak. Baltistan herrialdea Karakorum mendikatearen erdiko bailaran dago. Hain zuzen, Baltistango Matxulu herrixkako bizi baldintzak hobetzeko asmoz sortu zen Felix Iñurrategi/Baltistan fundazioa.
Baltistanek historia luze eta gatazkatsua izan du, eta badu Euskal Herriarekin antzekotasunik. 400 urtez budisten esku egon zen Baltistan, eta ondoren, independentzia lortu zuen. Egun, aldiz, Pakistan estatuaren barruan dago. Bestalde, Baltistanek badu beste antzekotasun nabarmen bat gure herriarekin: hain zuzen, nortasuna eman dion hizkuntza, hiztun gutxi dituena, baina oso aberatsa.

Pakistan hegoaldeko herri gehienetan bezala, Baltistanen ere nekazaritza da ekonomia jarduera nagusia, eta ia elikagai iturri bakarra. Hala, Matxulu  inguruko lur-sailak ez dira oso emankorrak. Garaierak eta bertako klimak bizi-baldintzak gogortu egiten ditu, eta, ondorioz, uzta garaia oso motza izaten da. Egurra, berriz, lur-sail handiak dituzten jabeen esku dago soilik; izan ere, behin jakiak ereinda, lur-sail txikietan ez da zuhaitzentzako tokirik izaten.

Felix Iñurrategi eta Baltistan

Asko dira, inguru horietan ibili, eta bertako jendearen eskuzabaltasunaz maitemindu diren euskal mendizaleak. 1999 urtean, euskal mendizale batzuei Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako sari bat zela medio, eta 2000. urtean Felix Iñurrategik Gasherburm II-tik jaistean izan zuen ezbehar latzak bultzatuta, Felix Iñurrategi/Baltistan Fundazioa sortu zuten.

Hasieratik, argi eta garbi izan zuten Fundazioaren asmoa: euskal mendizaletasunak horrenbeste zor dion Matxulu herriari eta ingurukoei oinarrizko bizi-baldintzak hobetzen laguntzea. Hasieran proiektu ugari planteatu zituzten arren, azkenean proiektu haietako bi nagusitu ziren: ureztatze sistema tradizionala hobetzeko sistema, eta goi mendi-eskola.

Ureztatze sistema

Duela gutxi arte, matxuluarrek urtzen ari den glaziar batetik lortzen zuten ura; eta ur hori, ureztatze sistema tradizionalaren bidez banatzen zuten lur-sailetara. Azken urteetan, ordea, lehorte bortitzak izan dituzte inguruan, eta uda garairako, ez zuten urik izaten. Matxuluarren elikaduran ere ondorioak eragin zituen lehorte horrek. Horregatik, inguruan dagoen Hushe ibaitik, ura herrira igotzeko ponpa sistema bat asmatu dute fundaziokoek. Iaz amaitu zituzten lanak.

Fundazioaren beste helburu bat nekazaritza ekoizpena hobetzea da. Epe luzerako proiektua da, eta 10 urteko lana aurreikusi dute. Hainbat aditu izan dira Matxuluko lurretan, eta hango lurra eta klima aztertuta, nekazaritza tradizionala oinarri bakartzat hartu, eta nekazaritza ekoizpena hobetzeko proiektuari ekin diote.

Goi mendi-eskola

Fundazioko lagunak 2004an hasi ziren goi mendi-eskola eraikitzen, eta iaz amaitu zuten hori ere. Goi mendi-eskolak helburu ugari ditu. Alde batetik, Matxulu eta inguruko herrixketako neska-mutilak eskolaratzea, eta hezkuntza garapenerako laguntzak ematea. Bestalde, Felix Iñurrategi/Baltistan Fundazioak antolatutako goi mendi ikastaroak egitea da bigarren helburua.

Goi mendi ikastaro hauen bitartez, zamaketari-lana era seguruagoan egiteko aukera izango dute bertako biztanleek. Bestalde, goi mendi-eskola, mendizale atzerritarrentzako aterpetxea eta hotela ere bada, eta horrek, eskola bere kabuz mantentzeko aukera ematen du, baita proiektu eta ekintza gehiago finantzatzeko ere.

Horiek dira Felix Iñurrategi/Baltistan Fundazioak abian jarri dituen proiektuetako batzuk. 400 bazkide eta hainbat enpresa eta erakunde laguntzaile ditu fundazioak. Fundaziokoak lanean jarraitzeko gogoz daude, matxulutarren eta baltistandarren oinarrizko bizi-baldintzak hobetzeko. Egia esan, nekez asmatuko zuten, euskal mendizaleei emandako laguntza eskertzeko modu ederragorik.