Baginari eskainitako lehen museoa

Munduko biztanleen erdiak du, eta halere, giza anatomiaren ezezagun handiena da; horregatik, baginari dedikatutako munduko lehen museoa ireki dute Londresen. Crowdfunding bidez lortu dute proiektua aurrera ateratzea, eta dagoeneko hilabete egin du zabalik. Emakumeen gorputzeko estigmekin akabatu eta tabuak apurtzeko helburua du museoak, eta noski, anatomiaz zertxobait irakastekoa ere.
Kanpotik ez du atentzio handirik erakartzen Vagina Museum-aren eraikinak, baina ateak zeharkatzerakoan ozen eta argi oihukatzen dute emakumeen genitalei gorazarre egiten dieten eskultura, margo eta artelanek. Florence Schechter, museoaren zuzendariak, soilik 3 urte behar izan ditu proiektua gauzatzeko. Schechterrek ideia izan zuen Islandian kokatutako zakilen museoa ezagutu zuenean: "Harriturik egiaztatu nuen mundu osoan ez zegoela baginari eskainitako museorik, eta bat irekitzea erabaki nuen". Crowdfunding-ak sekulako arrakasta izan du, eta egun errealitate bihurtu da baginari eskainitako museoa. Sarah Creed komisarioa eta Zoe Williams marketing arduradunarekin batera Candem Marketen bertan ezarri dute betiereko erakusketa.
Bagina omentzeko artelanekin batera, emakumeen osasuna eta sexualitatea gai duten filmak, hitzaldiak eta tailerrak ere eskainiko ditu museoak. Bisitatzeko irrikaz?