Badaude

Badaude https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badaude/@@download/image/alaia5.jpg
2008/05/02
erreportajea
Alaia Martin


Badaude lagunak. Badaude maitemindu egin zarela jakinarazten dizuten lagunak. Badaude ez zaudela maiteminduta ohartarazten dizutenak ere.

Badaude zerbait berezia eskaintzen dizuten lagunak. Badaude dena eskaintzen dizutenak.

Badaude ilea moztu behar zenukeela esaten dizuten lagunak. Badaude beti ondo zaudela esaten dizutenak. Badaude beti ongi egon zaitezen zaintzen zaituztenak.

Badaude isiltzen ez diren lagunak, badaude lagun isilak. Isiltasuna oparitzen dizutenak, zuk bete dezazun. Edo beraiena azpititula dezazun. Badaude lagun zoroak, zure zorakeriek zentzua dutela sinestarazten dizutenak, eta lagun zentzudunak, zure zorakeriei zentzua ematen ahalegintzen direnak. Badaude kafeinadun edo teinadun edariak kontsumitzeko lagunak, badaude garagardoak partekatzeko lagunak, zu ohartu gabe O.Oa ematen dizuten lagunak, patxarana konpartitzeko lagunak –patxarana, adibidez-, ajeko EH Kola kontsumitzeko lagunak. Eta denak zurekin kontsumitzen dituztenak.

Badaude bakarrik egon nahi duzunean laztantzen zaituzten lagunak, badaude norbait behar duzunean laztantzera ausartzen ez direnak. Badaude musu ematen dizuten lagunak, badaude musukatzen dituzunak. Laguntasunaren beste kontzepzio bat ezagutarazi dizutenak, haiek ohartu ere egin gabe. Badaude zuk gehiago nahita lagunak baino ez diren lagunak, badaude bestelako laguntzat nahi zintuzketen lagunak.

Badaude ezagutu gabe lagun sentitzen dituzun lagunak. Badaude ondoan egonda ezagutzen ez dituzun lagunak, badaude urrun egonda zer pentsatzen ari zaren asmatzen dutenak. Badaude zure ahotsa irakurtzen duten lagunak, badaude begi irakurterrazak dituztenak.

Badaude sexuaz hitz egiteko lagunak, badaude politikaz hitz egitekoak, badaude filosofatzeko lagunak, badaude gai absurdoenez hitz egiteko lagunak, isilik egoteko lagunak, ahaztu dituzun lagunak, gogoratzen zaituzten lagunak, txikitako lagunak, oraingo lagunak, biharkoak, eta txikitakoak, oraingoak eta biharkoak direnak.

Inorengan konfiantzarik ez izaten erakutsi digute. Huts egingo digutela, min egin diezaguketela, eta emateagatik ematen duena edo inozoa dela edo intentzio ilunen bat duela. Horregatik egiten dugu huts, horregatik min, eta horregatik kostatzen zaigu ematea trukean jasoko dugun jakin gabe. Irakurri izan dut, lagunduko zaituen esku baten bila bazabiltza, zure besoaren amaieran topatuko duzula. Hala da; zure esku ahurrei begira bazaude, ez dituzu besteen eskuak ikusiko. Badaude lagunak.