BADATOR EUSKAL HERRIA ZUZENEAN ERABERRITUA!

BADATOR EUSKAL HERRIA ZUZENEAN ERABERRITUA! Euskal Herria Zuzenean festibalaren 2019ko edizioa ekainaren 28, 29 eta 30ean ospatuko da Behe Nafarroako Irisarri herrian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badator-euskal-herria-zuzenean-eraberritua/@@download/image/Captura de pantalla 2019-04-09 a la(s) 08.32.54.png
2019/04/09

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Euskal Herria Zuzenean festibalaren 2019ko edizioa ekainaren 28, 29 eta 30ean ospatuko da Behe Nafarroako Irisarri herrian.
BADATOR EUSKAL HERRIA ZUZENEAN ERABERRITUA!

Euskal Herria Zuzenean ez da uda inbaditzen duten beste hainbat eta hainbat jaialdi bezalakoa. Iparraldeko festibal honetan beti izan du kulturak lehentasuna. Jaialdia festa egiteko aitzakia baino gehiago da kontzertuez gain tailer interesgarri eta beste hainbat ekitaldirekin osatzen baita. Oraingoan, lehengo aldiz Irisarrin ospatuko da auzolanaren bidez eraikitzen den jaialdi artisau hau Irisarriko biztanle, ostalari eta herriko etxearen laguntzarekin batera.

Bada festibalak ziklo berri bat hasi du aurten. EHZren antolaketa gazte talde berri batek hartu du bere gain jaialdiaren arima auspotuz Ipar Euskal Herrian bertoko kulturari bultzadatxo bat emateko asmoz. Aurtengo edizioan beraz, gazteen artean sortu den auzolan eta elkarlaguntza izpiritua inoiz baino gehiago sentitu ahalko dira. Gainera, antolatzaileek deia zabaldu dute guztiok izan gaitezen EHZren laguntzaile: antolatzaileak, festibalariak, kazetariak... Herri oso batek osatzen baitu EHZ! Horregatik erabaki da aurtengo edizioan galtzagorrien gaia jorratzea. Galtzagorriak euskal mitologiako pertsona txikiak dira eta kondairak dioenez orratzontzietan gordetzen dira udako solstizio gauean. Beharrezko zelarik, baserritarrak gauez askatzen zituen eta, eguzki atera aitzin, pertsonaia kokin hauek lan ikaragarrienak kolpez betetzen omen zituzten. Hortaz, auzolanaz eraikitzen den festibalaren sinbolotzat hartu nahi izan dituzte galtzagorriak aurten.

Horrez gain, aurtengo ekitaldiko izen batzuk ere argitara eman dituzte jada, erakutsiz beste behin, ez dela beste jaialdi guztiak bezalakoa baizik eta Euskal Herriko kulturarentzat arnasgune bat dela. Hori dela eta Elkar Fundazioaren aurtengo Elkar Saria EHZrentzat izan da. Etapa berri honetako gazteen grina eta lana sustatu nahi izan du Elkarrek sari honen bidez.

PROGRAMAZIOA
Hauek hiru egunetan zehar entzun ahalko diren taldeetako batzuk:

Iseo & Dodosound with The Mousehunters
Oihaneko Zühainetan
Gari & Maldanbera
Koban
Broken Brothers Brass Band
Mountauk

Baina musikaz gain, 2019-ko EHZ-ren edizio honen berrikuntzetariko bat, tailer eta emanaldiei emango zaioen tokia da. Hemen eskainiko dena:

Tailerrak
EHZren barruan gure gizarteko gai garrantzitsu eta garaikideak jorratuko dira tailer parte-hartzaile batzuen bidez: G7 gailurra Miarritzen, feminismoa, etorkinak, besta eredua ala burujabetza bezalako gai ugari tratatuko dira.
"Toi D'Abord" zirko konpainia
Toi d'abord zirko konpainiak bere Encore plus eta Tu viens emanaldiekin publiko guztia irri eta arrisku artean jarriko du dena puntaraino menperatuz. Clown bikoteak, Jérémy Olivier eta Thomas Lafittek osaturikoak, balantza bat eta kobre musika erabiltzen ditu umorea eta arriskua jorratzeko. 2014an sortutako ordubeteko emanaldia publiko guztientzat egokia izango da.
"Led Silhoutte" kolektiboa
Led Silhouette dantza konpainia lesakarrak, Gaizka Sarasolaren zuzeneko musikarekin, EHZrako espereski prestaturiko pieza eskainiko du: "Hiru gorputz, hiru mundu, hiru orbita. Sorkuntza espazio berean elkarbizitzen, elkarrelikatzen."

Aipatu halere izen hauek hasiera besterik ez direla eta festibalaren egunak hurbildu ahala izen gehiago konfirmatzen joango direla antolatzaileak, beraz adi!

AURRESALMENTAK
Halere, izen hauek jada konbentzitu bazaituzte jakin lehengo hiru eguneko bonoko sarrerak 35 eurotan daudela ehz.eus webgunean eta horiek bukatzea 45 euroko prezioa izango dutela.

Urte askotarako EHZ!