Badakizu nork joko duen Bilboko Aste Nagusian?

Badakizu nork joko duen Bilboko Aste Nagusian? Hasi motorrak berotzen, hilabete besterik ez da falta eta! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badakizu-nork-joko-duen-bilboko-aste-nagusian/@@download/image/01-NOLA-SOINU-HALAN-ZEINU-kE5D-U60292989898ycH-624x800@El Correo.JPG
2018/07/11
albiste-laburra
Hasi motorrak berotzen, hilabete besterik ez da falta eta!
Badakizu nork joko duen Bilboko Aste Nagusian?

Abuztuaren 18tik 25era izango da aurten Bilboko Aste Nagusia, eta dagoeneko ezagutu ditugu aurten arituko diren zenbait talderen izenak.

Gatibu, La Pegatina, Doctor Deseo, Santiago Auseron, David de Maria, Sebastian Yatra, Skakeitan eta Vendetta dira Udalak antolatutako kontzertuetako batzuk. Gainera, konpartsen eskutik beste hainbat zuzeneko egingo dituzte Bilboko txoko ezberdinetan, eta hiriburuko areto ezagunenetan ere emanaldi bereziak egongo dira.

Gatiburi egokituko zaio aurten festetako kontzertuen egitaraua irekitzea 18an. Txupinazoaren egunean, Abandoibarrean arituko dira gernikarrak. Hilaren 19an, domeka, Bilboko Udal Bandak eta Doctor Deseo taldeak beren estiloak uztartuko dituzte eszenatoki honetara hurbildu nahi duten guztien gozamenerako.

Ska euskaldunak bere lekua izango du Europa parkean hilaren 22an, eguaztena, Skakeitan + Vendetta taldeekin. Vendetta nafarrentzat beraien azken kontzertuetako bat izango da.

Hilaren 23an,  La Pegatina taldeak joko du. Egun berean, Europa parkean dantzan arituko dira gazteenak Maxima FM taldearekin.

Hurrengo egunean, hilak 24, Abandoibarrako eszenatokia belaunaldien arteko nahasketa baten lekuko izango da, Santiago Auseron + Sexy Sadierekin. Radio Futura taldearen kantaria izan zenak eta Mallorcako taldeak, indie musikaren aitzindariak, indarrak batuko dituzte adin desberdinetako ikusleak erakarriko dituen kontzertu batean.

David DeMaríaren balada erromantikoek jarriko diete amaiera Abandoibarrako kontzertuei abuztuaren 25ean.

Uriko beste eszenatoki batean, Europa Parkean, egun horretan Sebastian Yatrak pop ukitua jarriko dio gauari Aste Nagusia amaitzeko.

Prest duzu zapi urdina?