Badaezbada… antisorgailuak

Badaezbada… antisorgailuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badaezbada-antisorgailuak/@@download/image/17p24-1_1369946920.jpg
2002/04/05
erreportajea
Badaezbada… antisorgailuak
Sexu harremanetan, inongo ezustekorik ez izateko, antisorgailuak erabili behar dira. Antisorgailuak nahigabeko haurdunaldiak saihesteko ezinbesteko tresna dira. Hona hemen nagusiak.

Preserbatiboa
Abantailak: Kondoiak fidagarritasun handia du, %87tik %96era bitarte. Alegia, nahiko ziurra da, baldin eta ondo erabiltzen bada. Antisorgailuen artean merkeenetakoa da. Bestalde, haurdunaldia ezezik, sexu bidezko gaitasunak ere saihesten ditu, hiesa, adibidez.

Desabantailak
: Txanoa janzteak ia-ia derrigorrezkoa izan beharko luke, eta batez ere, ohikoa ez den neska edo mutil batekin sexu harremanak izanez gero. Kontua da parranda gauetan, edota alkoholaren eraginez, batzuei ahaztu egiten zaiela. Bestalde, mutil batzuei, oraindik ere, kosta egiten zaie txanoa janztea, sexu harremanetan gozamena murrizten duelakoan. Arrazoi hau ez da batere onargarria.

Diafragma
Abantailak: Preserbatiboa baino fidagarriagoa izan ohi da (%94-%99). Kondoia baino garestiagoa den arren (18-24 euro), bi edo hiru urtez erabil daiteke, sexu harreman kopuruaren arabera betiere. Krema espermizidaz igurtzi behar da beti. Zenbait sexu gaixotasunari aurre egiteko ere baliagarria da. Aluan sartuta, umetokiaren lepo ixten du.

Desabantailak
: Ginekologoarengana jo behar da, norberak zein tamainatakoa behar duen jakiteko. Horrez gain, beharrezkoa da neskak bere gorputza ongi ezagutzea, behar bezala jartzeko.

Pilulak
Abantailak: Bikotekide iraunkorra duten neskentzako antisorgailurik aproposena da. Obuluak sortzea eragozten dute eta beraz, ia-ia %100eko ziurtasuna dute. Hilekoak eragindako oinazea ezabatzen dute.

Desabantailak
: Ginekologoak agindu behar ditu. Emakume osasuntsuek arazorik izaten ez duten arren, zenbait gaixorengan ondorio txarrak izan ditzakete. Normalean egunero hartu behar dira. Ondorioz, ezinbestekoa da kontrol zorrotza izatea.

Biharamuneko pilula
Abantailak: Larrutan egiterakoan, istriputxoren bat egon bada (txanoa pitzatu bada, adibidez) pilula hauek hartu eta haurdunaldia eragozten dute. Sexu harremanaren ondorengo 24tik 72 ordura hartu behar dira. Ia-ia %100eko fidagarritasuna dute.

Desbantailak
: Pilulok hormona asko dituzte eta beraz, bigarren mailako ondorioak izan ditzakete. Hortaz, ahal dela, saihetsi egin behar dira. Adituen esanetan, pilula mota hau eskatzen duten gehienek ez dute azken sexu harremanean inongo antisorgailurik erabili eta normalean aitzakiak jartzen dituzte (lehen aipatutakoa, esaterako, preserbagailua pitzatu zaiela, alegia). Antisorgailurik garestiena da.

Umetokibarneko Gailua (DIU)
Abantailak: Oso ziurra da (%90-%99). Behin jarri eta ia bost urtez ipinita izan daitekeenez, ez dago ahanzteko inongo arriskurik. Plastiko malguz eta metalez egindako obejktu txiki bat da eta umetoki barruan ezarri behar da. Oso erraza da erabiltzen.

Desabantailak
: Zenbait emakumeri odol jarioa eragin diezaieke. Horrez gain, hilekoak mingarriagoak izan daitezke eta odol-jarioa, handiagoa. Infekzio arriskua ere badago batzuetan, eta beraz, mutil ezberdinekin sexu harremanak izan ohi dituzten neskentzat ez da oso gomendagarria izaten.

Kondoi hitzontziak



Ba al zenekien preserbatiboek hitz egiten ere badakitela?. Euskal Herriko hainbat tabernatan jarritako makinek, behintzat, hala diote: "kondoi askok esaten dute ondo egokitzen direla". Badakizu, beraz, kondoia sexu jolasetarako lagun ezezik, elkarrizketakide ezin interesgarriagoa ere izan daitekeela.

Antisorgailuak erabil itzazu



Aspaldiko mezua da: antisorgailuak erabili behar dira nahigabeko haurdunaldiak saihesteko. Horrez gain, ez dago kondoia erabiltzea bezalakorik, hiesaren arriskua uxatzeko. Dena den, gazte askok, oraindik ere, ez dute lehendabiziko sexu harremanetan inongo babes neurririk hartzen. Inma Vila Eibarko Familia Planifikazio Zentroko ginekologoak adierazi digunez, "lehendabiziko sexu harremanak izan ondoren, guregana datozen gazteetako askok ez dute inongo antisorgailurik erabili".

Hala ere, gaur egun gazteek inoiz baino eskurago dituzte antisorgailuak. Horrexegatik, Inmak gazteei dei egin die osasun zentroetara jo dezaten informazio bila.

Azken boladan, bestalde, ika-mika izan da Katalunian, institutuetan preserbatibo makinak jartzeko proposamena mahai gainean jarri delako. Inmak hipokritatzat jo du ika-mika: "nahi ala ez, gazteek sexu harremanak izango dituzte. Beraz, ahalik eta sexualitate ziurrena izan dezaten bermatu behar da. Ez dut uste sexu harremanik izan nahi ez duenak ondoan preserbatibo makina izateagatik izango dituenik".