Bad F-Line, leku bila

Bad F-Line, leku bila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bad-fline-leku-bila/@@download/image/40p11-1.jpg
2004/04/02
erreportajea
Ainhoa Irazu
Bad F-Line, leku bila
Bad F-Line laukote arrasatearrak bosgarren diskoa kaleratuko du hil honetan. Izenbururik ez du diskoak, aurrekoek bezala. Techno-punk industrialari eutsi dio taldeak.

Nor bere herrian ez da profeta, esaerak dioenez. Eta, orain arte, horixe bera gertatu zaio Arrasateko Bad F-Line taldeari. Desobediencia Espainiako diskoetxearekin grabatu zituzten lehendabiziko lau diskoak, eta Espainian makina bat jarraitzaile dituzten arren, etxean ez dute nabarmentzea lortu.

Zergatik? "Batetik, gaztelaniaz aritzen gara. Gainera, gurea ez bezalako musika estiloak nagusi dira hemen. Musika techno industrialak ez du arrakasta handirik hemen. Kontua da atzerapenez heldu ohi direla gauzak hona. Jakina, salbuespenik bada. Esaterako, kasu gehiago egiten digute Ipar Euskal Herrian Hego Euskal Herrian baino", esan digu Iñaki Bengoa programazioez arduratzen den arrasatearrak.

Programazioak ardatz

Oraingoan, Oihuka diskoetxeak kaleratuko du euren lana, eta ondorioz, Euskal Herrian bultzada handia izateko itxaropena dute. "Hala nahi genuke, behinik behin. Dena dela, horrela gertatzen ez bada guri bost axola. Izan ere, egiten duguna guretzako egiten dugu ", dio Bengoak.

Esan bezala, techno-punk industriala egiten du taldeak. "Punk-a gure jarrera halakoa delako: gustuko ez ditugun gauzak salatu nahi ditugu. Industriala, estilo horren eragina nabarmena delako. Technoa, gure musika ekoizteko teknologia erabiltzen dugulako, programatzaileak, kasu", dio Bengoak. S.A. taldeko Jimik ekoitzi du diskoa, eta 15 kantu bildu dituzte bertan, tartean aurreko lanetako zazpi kanturen erremixak. Oraingoan, gris zilar kolorekoa da diskoaren azala. Kolorea izan da beti diskoen bereizgarrietako bat.