Azpiegiturak eztabaidagai

Azpiegiturak eztabaidagai https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azpiegiturak-eztabaidagai/@@download/image/57p50-1.jpg
2005/11/04
erreportajea
Nora Gurrutxaga Insausti
Azpiegiturak eztabaidagai
Gaur egun, Euskal Herrian, ingurumenari eragiten dioten proiektu estrategiko asko egin dituzte jada, eta beste batzuk, egiteko bidean dira: Itoizko urtegia, Pasaiako eta Bilboko kanpoko portuak, Abiadura Handiko Trena, zenbait errepide erraldoi… behar ote ditugu proiektu hauek guztiak?

1993an abiarazi zen Itoizko proiektua. Proiektuaren helburua Irati ibaieko ura porlanezko horma baten bidez pilatzea da. Itoizko urtegiak 122 metroko luzera du, eta itsasoaren mailatik, 592 metrotik gora iristeko asmoa dute. Horren guztiaren ondorioz, Longida ibarrako herriak (Itoitz, Nagore, Unziti...), eta horien ondare historiko-artistikoa, urpean geratuko dira. Bi ibaitatik dator urtegian pilatutako den ura: Iratitik eta Urrobitik. Dagoeneko hasiak dira ura biltzen, eta 4 urte barru amaituko da ur guztia pilatzeko prozesua. Ura metatuz joan ahala, ikusiko da urtegiak nola erantzuten duen.

Nafarren ur-hornikuntza Nafarroako Ubidearen bidez egiteko asmoa dute. Nafarroako Ubideak 177 kilometroko luzera du, eta horren bitartez, 57.000 hektarea labore ureztatuko dira. Horrez gain, industriaren eta herritarren ur-beharrak asetu nahi dira ubidearen bitartez, 60 herritako (Iruñea barne) 300.000 biztanle ingururenak, hain zuzen.

Kalte ekologiko handia

Azpiegitura hau egiteko, Nafarroako Foru Erkidegoak naturguneen legea aldatu behar izan zuen. Longida ibarrako jende askok bere etxetik alde egin behar izan du jadanik, eta itxuraldatu egin dituzte bi hegazti-babesgune, eta hiru natura-babesgune: Txintxurrenea, Gaztelu eta Añarbe harkaitza. Ondorioz, kalte nabarmena egingo zaie landaretzari eta animaliei.

Esate baterako, ondo zaindutako artadi, harizti, ibai eta basoak desagertu egingo dira. Animaliei dagokienez, ibaien osasunen adierazlea den igaraba, desagertu egin da Iratitik. Gainera, igarabari ezezik, sai arrearen, arrano beltzaren eta Pirinioetako muturluzearen populazioari ere eragin die proiektuak.

Segurtasunari dagokionez, pitzadurak agertu dira urtegiko horman. Horren ondorioz, lurrikarak gertatzen ari dira egunero Irati ibarrean. Lurrikarez gain, Itoizko sarbidean lurjauzi ugari izaten ari dira urtegia betetzearen ondorioz. Azken batean, ezbeharren bat gertatuz gero, Nafarroako gizartea izango da lehen kaltetua.

Pasaiako kanpoko portua

2003. urtean, merkantzia garraiatzeko ahalmenak goia jo zuen Pasaiako portuan, eta hori dela eta, portua handitu beharraz eztabaida sortu zen. Esan beharra dago, portuan merkataritzak behera egin duela berriro ere, azkeneko bi urteotan; baina hori horrela izanik ere, Pasaiako portua itsasertzera zabaltzea proposatu dute.

Pasaiako portuak zabaltzeak alderdi on eta txarrak ditu. Gaur egun, kotxe eta kamioi ugari dabiltza nonahi, eta errepideak gainezka daude. Errepideetako kamioi kopurua jaitsi dadin, merkantzia itsasotik garraiatzea da irtenbideetako bat.

Orain arte, txatarra (% 38,61) eta burdingintza produktuak (% 25,75) dira itsasoz gehien garraiatu diren gaiak. Dena den, beste gai mota batzuk ere garraiatzen dira: ikatza eta kokea (% 11,16), ibilgailuak (% 5,24), petrolioa (% 4,33), ongarri natural eta artifizialak (% 3,28), etxegintzarako materialak (% 2,62), paper eta egur-orea (% 1,91), egurra (% 1,86), eta magnesita, laborea, potasa, aluminioa, granitoa nahiz fosfatoa (% 5,24).

Itsasoko autopistak

Beste lurralde batzuetan, Frantzian adibidez, itsasoko autopistak eraiki dituzte errepideetako kamioi kopurua apaltzeko. Frantzian itsasontzitan garraiatzen dira kamioiak. Baina, Bilbo eta Baiona elkarrengandik hain hurbil egonik, beharrezkoa al da Pasaian portu berri erraldoia?

Gainera, Pasaiako portua kanporatzeak, Jaizkibel mendiaren kostaldeari eragingo dio. Jaizkibel ondare naturala da, eta 2000 Natura sarearen barnean dago. Azpiegitura erraldoi hau egingo balute, bertako itsas labar bereziak galduko lirateke, eta, horiekin batera, galbidean diren zenbait espezie ere bertatik desagertuko lirateke. Paisaia ere asko eraldatuko litzateke, eta eremu zoragarriak desagertu.

Abiadura handiko trena

Argi dago errepideak ibilgailuz beteta daudela, eta kamioiak izan ohi dira ibilgailu horietako asko. Hain zuzen, arazo hori konpontzeko, garraio publikoa bultzatzea erabaki dute. Gaur egun, denbora da trenaren desabantaila nagusia: trena azkarrago ibiliko balitz, agian, jende gehiagok erabiliko luke garraiobide hori.

Abiadura Handiko Trena bidaiariak eta merkantziak garraiatzeko erabiltzea aurreikusi da. Gisa horretara, hiri nagusiak lotzeko balioko du Euskal Herriko Y deritzonak. Beharbada, proiektuak ongizate soziala ekarriko du, baina ingurumenean kalteak sortuko ditu, zalantzarik gabe. Proiektuaren kostua oso handia da, Europatik eta Espainiatik diru-laguntza izango den arren. Eta txartelaren salneurria?

Azterketa sakona behar

Azpiegitura hauen inguruko ingurumen-azterketak egin behar dira, ingurumenean sortuko dituzten eraginak norainokoak diren ikusi, eta gerora erabakia hartzeko: egin ala ez egin. Baina nola egin daiteke hori, gaur egun ingurumenaren gaineko inpaktuen ebaluaketa-prozesu osoa biziaturik dagoenean? Ingurumen azterketek, balioko al dute inoiz proiektu txikitzaileak berdez janzteko baino zerbait gehiagorako?