Azal egarri

Azal egarri https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azal-egarri/@@download/image/20128283726sexu_1360241547.jpg
2012/09/07
erreportajea
Testua: Maider Altuna. Bitxigorria.
Azal egarri
Gizakiok azal egarri jaiotzen gara. Bereziki, maitasunari eta gozamenari dagokienean, gorputzaren gertutasuna eta kontaktua behar dugu. Burmuinarekin batera, organo sexual eta gune erogeno garrantzitsuena da azala.

Jaioberriak hil egiten dira azalaren kontaktua eta laztanak falta zaizkienean; gure aiton- amonak, bestalde, ximelduz doaz ez badute gertutasunaren epeltasuna; eta eri garenean, ferekak ere badira sendagaia. Izan ere, jaiotzen garen une beretik, maitasuna adierazten dugu eta baita sentitu ere azalaren bitartez.
Azalak inguraturik gaude, azalak biltzen gaitu eta, beraz, gure muga da. Bizitza osoan zehar besarkatzen gaituena da eta besteengandik bereizten gaituena. Era berean, azala da besteekin konpartitzen duguna, are gehiago harremanak estutuz doazen heinean.

Errezeptore sentsorial guztiak azalean ditugu. Eta errezeptore sentsorialak dira kanpotik datozkigun estimulu eta informazio sentsible horiek barruan sentitzen ditugun sentsazio bilakatzen dituztenak. Ingurunea eta gure barrena kontaktuan mantetzen dituztenak dira, alegia. Ondoren, garunak nerbioen bidez informazioa jasotzen duenean, berau deskodifikatu eta jasotakoari erantzuten dio. Makinaria sentsorial honek primeran funtzionatzen du haurtzarotik zahartzarora arte, nahiz eta gainontzeko gorputza oraindik heldugabea izan edo jada ahituta egon.

Mundura sortu berriak garelarik, garuna oraindik heldu gabe izaten dugu, eta zahartzaroan nerbio sentsorialek astiroago egiten dute lan; baina azalaren bidez sentsazioak bizitzeko gaitasunak, ordea, oso ondo funtzionatzen du jaioberritan bezalaxe zahartzaroan ere. Zergatik? Funtzio honi dagokion garun atala (garun erdia edo mamiferoa deritzona) jaiotzetik hil arte mantentzen delako bere horretan, kasik higatu gabe.

Beranduen garatzen den eta, aldiz, bizkorren zahartzen den garun atala parte frontala da, horregatik da memoria arinen hondatzen den funtzio intelektuala. Baina memoria galdu arren, azaletik iristen diren estimuluei erantzunez, garunak (zaharkitutakoa eta erabilitakoa ere) oxitozina, serotonina eta dopamina isurtzen segitzen du. Asko sinplifikatuz, oxitozina goxotasuna aktibatzen duen neurotransmisorea da. Dopamina plazera aktibatzen duena. Eta serotonina animoa goratzen duena, gustura sentiarazten gaituena. Orgasmoa hiru substantzia hauei lotuta dago, eta azalaren bidez jasotako zirri, laztan, muxu, masaje, besarkadekin... garuneko kimika hau aktibatzen dugu.

Azalaren ikuspuntutik, beraz, genital maskulino eta femeninoekin sarketa ez den bestelako esperientziak izan ditzakegu, azalez inguratuta baitaude. Gainera, gune hauetan, azaleko errezeptore sentsorialen kontzentrazioa bereziki altua da.
Horrenbestez, agerikoa da giza sexualitatea ez dela ugalketara mugatzen, azala eta garuna baitira organu sexual garrantzitsuenak. Zergatik eta zertarako jarraitu insistitzen genitaletan eta hauen funtzioetan?

JOLASERA!



Zaporedun kremak
Usain onekoa ez ezik, jangarria ere baden krema hidratatzaile sorta. Zapore ezberdinetakoak daude aukeran; gorputz osoan zehar masaje lasai eta sentsualak emateko. Bi metro azal ditugu krema hauek aitzakiatzat harturik arakatzeko. Eremu zabala, sorpresaz betea. Gal zaitez orain arte ezezagunak zitzaizkizun gorputzeko txoko horietan barrena...

PROBA EZANK



Sukaldean