Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programek kartel lehiaketa antolatu dute

Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programek kartel lehiaketa antolatu dute https://www.gaztezulo.eus/albisteak/auzolandegiak-eta-euskadiko-gazteak-lankidetzan-programek-kartel-lehiaketa-antolatu-dute/@@download/image/2012279369auzolandegiak.jpg
2012/12/13
berria
Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programek 2012ko kanpainako irudia behar dute, eta horretarako, kartel lehiaketa abian jarri dute. Edozein teknikak balio du: argazkiak, marrazkiak, colageak, etab., eta leloa ere beharrezkoa izango da. Lanak aurkezteko epea martxoaren 6ra bitarte dago zabalik.

Auzolandegietan leku askotako gazteak biltzen dira, borondatez eta musutruk, aldi baterako elkarrekin bizi eta gizarte osoarekin zerikusia duten proiektu batean parte hartzen dutenak. Komunitateko lanak egiten dituzte, bereziki nekazal eremuetan, eta tokiko kultura eta ohiturak jasotzeko aukera paregabea izaten dute, bertan laguntzeaz gain.
Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak aurkezteko, kartel lehiaketa antolatu dute aurtengoan ere. Bertan parte hartzeko 18 eta 30 urte bitartekoa izan behar duzu, eta gehienez lau lan aurkeztu ditzakezu, bi programa bakoitzeko. Saritutako lanak, noski, interneten eta papereko euskarrietan jarriko dituzte, eta originalak izan behar dute.
Bi programetako kartelen irabazleek sari bana jasoko dute: joan etorriko hegazkin bidaia bat, hain zuzen, aurten lankidetza programaren bat egingo den Hego Ameriketako herrialdeetako batera. Bidaia ez da programaren baitan egingo, norbere kontura baizik. Iragan urtean, besteak beste, Argentina, Bolivia, Kolonbia, Ekuador, El Salvador, Guatemala, Haiti, Honduras edota Mexikora joan ziren.

Irudiaren ezaugarriak


Irudia bera: JPG formatuan, 72 ppp-ko bereizmena, 70x50 zm-trako neurria.

Leloa: Edozein izan daiteke, baina ez da irudian txertatu behar, izen emate orrian jarri baizik. Euskaraz zein gazteleraz egin daiteke.

Izen emate orria: Hemen aurkituko duzu inskripzio orria.