Autosexualitatea: Zer da eta zer esaten digu bizi garen gizarteaz?

Autosexualitatea: Zer da eta zer esaten digu bizi garen gizarteaz? Kilimak sentitzen dituzu sabelean zuregan pentsatzen duzunean? Zure zita perfektua zure buruarekin bakarrik egotea da? Ispilura begiratzen duzunean kitzikatzen zara? Galdera horien erantzuna baiezkoa bada autosexuala izan zintezke. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/autosexualitatea-zer-da-eta-zer-esaten-digu-bizi-garen-gizarteaz/@@download/image/amor-propio.jpg
2019/06/25

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Kilimak sentitzen dituzu sabelean zuregan pentsatzen duzunean? Zure zita perfektua zure buruarekin bakarrik egotea da? Ispilura begiratzen duzunean kitzikatzen zara? Galdera horien erantzuna baiezkoa bada autosexuala izan zintezke.
Autosexualitatea: Zer da eta zer esaten digu bizi garen gizarteaz?

Gorantza doan joera da autosexualitatearena eta ez gintuzke harritu behar. Harreman sentimentalek bizi garen gizartea ulertzen laguntzen digute, eta ego zein muturreko indibidualismoaren garaian, norbere buruarekin harreman bat mantentzeak pausu logikoa dirudi.

Halere, norbere buruarekin maiteminduta egotea ez da ideia berria. K. a. 43. urtean Ovidiok jada Nartzisoren istorioa kontatu zuen. Alta, autosexualak bezala identifikatzen diren edozeinek esango dizu bereak ez duela nartzisismoarekin zerikusirik. Beraz, zer da autosexuala izatea?

Nabarduretan sartu gabe, pertsona autosexuala estimulu sexualak bere buruarengan soilik aurkitzen dituen pertsona da. Identitate likidoen garaian ordea, onena autosexualitatea zer ez den azaltzea izango da.

Autosexualitatea ez da autoerotismoa. Masturbatzeak ez zaitu autosexual bilakatzen, zuregan pentsatzen egiten ez baduzu behintzat, hala balitz, orduan bai, autosexuala izan zintezke.

Autosexualitatea ez da bakarkako sexualitatea ere. Azken honek beraien bizitza sexuala masturbaziora soilik mugatzen duten pertsonei egiten die erreferentzia. Autosexual batek ordea, nahiz eta bere buruarekin maiteminduta egon, beste pertsonekin harremanak izan ditzake. Kasu honetan, polimaitasuna praktikatzen duen autosexual bat izango litzateke.

Autosexualitatea ez da norbere buruarekin “ezkontzea”. Nahiko ohikoa omen da joera hau 2003. urtean Sex and the City telesailean Carrie Bradshaw-ek bere buruarekin ezkontzea erabaki zuenetik. Halere, ekintza hau burutzen duten gehienek ekintza sinboliko bezala egiten dute, ez beren buruarekin maiteminduak daudelako. Orduan, zer gertatzen zaio autosexuala den pertsonari?

Autosexualitatearen ordezkari ezagunena Ghia Vitale aldizkari online bateko argitaratzailea da. Vitalek bere autosexualitatea lau haizeetara zabaltzen du internet bidez. Artikulu eta elkarrizketa ezberdinetan azaldu du nola kitzikatzen den dutxatik atera eta bere burua ispiluan ikusten duenean. Horrez gain, bere zita erromatiko gustukoenak paseoak bakarrik emanez naturarekin gozatzea edota egun berezietan lentzeria sexya jaztea direla aldarrikatu du. Finean bere burua amorante bat tratatuko lukeen bezala tratatzen du. Autosexualak beraz, autarkia erromantikoa praktikatzen duten pertsonak dira.


Autosexualitateak bere bandera propioa ere badu.

Eszeptizismoa nagusi
Halere, eszeptiko asko dago joera honen inguruan. Askok ukatu egiten dute autosexualitatea badenik ere, diotenez muturreko nartzisismo kasu bat besterik ez da. Baina beharbada, autosexualitatea bizi ditugun garaien ondorio ekidinezin bat besterik ez da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi ulertzeko erraza denik.

Sare sozialek gure buruarekiko dugun pertzepzioa erabat eraldatu dute. Sinestarazi digute denak duin garela zaleak eta jarraitzaileak edukitzeko. Bereziak garela eta munduko like guztiak merezi ditugula. Laburbilduz: besteak baino hobeak garela. Zentzu honetan, norbere buruarekin maitemintzeak eboluzio koherentea dirudi.

Guztiz kontrakoa ere izan liteke ordea; gehiegizko estimuluen aurrean dugun defentsa mekanismoa. Gehiegizko konektibitateak gure obligazio sexualak biderkatu ditu, eta aldi berean, pantailen bitartez komunikatzen garenez, mundu errealeko elkarrekintzak deserosoak bihurtu zaizkigu. Horregatik, etengabe gabiltza planak ezeztatzen eta autosexualitatea plan guztien ezeztatze behin betikoa da. Tinder-ek etxeko komunetik ligatzea ahalbideratzen dizu, autosexual izateak ordea, zuzenean besteen aprobazioa behar izatetik askatzen zaitu.

Egun, besteen onarpena guk pentsatzen duguna baino garrantzitsuagoa bihurtzen ari den honetan, gure autoestimua zaintzezko modu bat izan liteke autosexual izatea. Autosexuala izatea terapia modu bat izan liteke. Gehiegizko aukeren aurrean sendagaia. Beti zerbait hobea galtzen ari garen sentsazioa dugun honetan, gure bizitza konpartitzeko gu baino hoberik ez dagoela autokonbentzitzean antsietateari mugak jartzen dizkiozu.

Ez dakit ordea, hau ote den irtenbidea. Argi dago besteak maitatzeko lehen araua norbera maitatzea dela, baina zer ginateke besteei eskaintzen diogun maitasunik gabe? Boris Pastermak handiak Dóktor Zhivago liburu bikainean ederki islatzen du ideia hau. Irakurri eta ondoren zuk zeuk atera ondorioak:

“...kontzienteki lo egin nahi izatea da benetako lo ezina, norbere digestioaren lanaz kontzienteki ohartzen saiatzea nahaste nerbioso baten bila joatea da. Kontzientzia pozoia da, autointoxikazio tresna bat da indibiduoarentzat. Kontzientzia kanpora zuzenduta dago eta bidea argitzen digu estropezu egin ez dezagun. Martxan dagoen lokomotor baten aurrean dagoen piztutako faroa da kontzientzia. Zuzendu argia barrura eta hondamendia gertatuko da.

Beraz, zer izango da zure kontzientziaz? Ongi diot, zureaz. Baina guztiaren gainetik, zer zara zu? Hori da koska. Saiatu gaitezen orientatzen. Zer modutara dituzu zure buruarekiko oroitzapenak, zure organismoaren zer zatiz zara kontziente? Zure giltzurrunez, zure gibelaz, zure odolaz? Ez, gogoratu eta ohartuko zara beti egon zarela kanpora adierazita, zure eskuen obretan, zure senideetan, besteetan. Eta entzun orain arretaz. Gizakiaren arima beste gizakietan presente dagoen gizakia da. Horixe da, arnastu duena, elikatu dena eta mozkortu dena, kontzientzia izan duen bizitza guztian zehar. Bere arima, bere hilezkortasuna, besteekin igarotako bizitza da. Eta zer? Besteetan bizi zara eta besteetan geldituko zara. Zer ezberdintasun dago zuretzat ondoren oroitzapen deitzen bazara ere? Etorkizunaren konposizioa sartuko zara.”