Autogestionatutako sukaldaritza

Autogestionatutako sukaldaritza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/autogestionatutako-sukaldaritza/@@download/image/69p40_1.jpg
2006/12/01
erreportajea
Gaztezulo
Autogestionatutako sukaldaritza
Autogestionatutako sukaldaritza: hori da, Bonberenea gaztetxea ondoen definitzen duen hitz jokoa. Tolosako gazte ipurterreek "Bonberenea Suffle" izeneko dvd-a kaleratu berri dute.

Azken zazpi urte hauetan, 400 kontzertu baino gehiago antolatu dituzte Tolosako Bonberenea gaztetxean. Beraz, kontu egin ezazue, zenbat talde aritu diren hango oholtzan, eta zenbat pasadizo xelebre izango dituzten kontatzeko. "Duela urte batzuk, "Oztopo guztien gainetik. Bonberenea" izeneko bilduma kaleratu genuen, eta hainbat talderen abestiak bildu genituen. Bigarren bilduma hau beste pauso bat izan da, eta talde eta estilo gehiago sartzen ahalegindu gara", diosku Bonbereneako Patxik, bilduma honen bultzatzaileetako batek. "Beti bezala, talde batzuk kanpoan geratu dira; baina inor ez da haserretu horregatik. Dvd honetan euskal talde minoritarioak sartu nahi izan ditugu; diskoren bat duten taldeak dira guztiak, baina kantu bat zuzenean jasotzeko aukerarik ez dutenak", dio Patxik.
Sufflea, ezin gozoago

Gastronomia eta musika lotzen ditu suflle honek, ahosabaia modu askotara goza daitekeela erakutsiz. Baina Bonbereneakoek, zergatik egin diote keinu irudimentsu hori sukaldaritza munduari? Patxik erantzun digu berriro: "Tolosan gozogintzak tradizio luzea du;  adibidez, aski ezagunak dira Ezeiza edota Gorrotxategiko gozoak. Beraz, Tolosako izaera hori umorez hartu dugu, eta guk ere suffle handi bat egitea pentsatu genuen, baina suffle txiki askorekin, taldeak estiloka antolatuz. Bestalde, Pirritx eta Porrotx pailazoak dira azkenburua, urtero hona etortzen direlako. Bonbereneako txaranga ere menu horretan dago, jakina", diosku Patxik.

Urrian dvd-aren 1.000 ale atera zituzten, baina berehala saldu zituzten. Hori dela eta, ale gehiago atera dituzte, besteak beste, Durangoko Azokan egon ahal izateko. Gor diskoetxearen postuan eskuratu ahal izango duzue Bonbereneako dvd-a, 12 euroren truke. Bestalde, www.bonberenea.com helbidean eta Euskal Herriko hainbat dendatan salgai jarri dute sufflea. On egin!

DVD-ko taldeak



“Kafe eta glass azukrezkoa”Taldeak: Señor No, Nuevo Catecismo Catolico, Lobo Electrico, Brigada Criminal, Lendakaris Muertos, Captain Nemo, Kuraia, Potemkin, Lif.

“Eztia mamiarekin”Taldeak: Zea Mays, R, Humus, Berri Txarrak, Eraso!, Kokein, Peiremans+, Kerobia, Sei Urte, Bide Ertzean.

Pattarraz flanbeatua”
Taldeak: Inoren Ero Ni, Zein?, Nueva Vulcano, Izaera, Bad F-Line.


Bertako sagarrekin”
Taldeak: Zura, Anari, Jone, Petti, Anje Duhalde.

“Basoko fruituekin”Tzesne vs Paralux, Xabier Erkizia.

“Ginga”Bonberenea Txaranga, Pirritx eta Porrotx