Australiar bat, Basque Countryko festetan

Australiar bat, Basque Countryko festetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/australiar-bat-basque-countryko-festetan/@@download/image/64p34-1.jpg
2006/06/02
erreportajea
Lander Garro
Iaz Euskal Herriko festetan ibilitako australiar aborigen baten letter-a jaso dugu GAZTETXULOko erredakzioan. Hona hemen bere burutazioak.

Cadizko trenean Rebecca galdu nuenean, erabaki nuen bakarrik hobe ibiliko nintzela. Hasieran izutu egin nintzen; bakardadearen hasierako ezustea, badakizue. Baina, berehala, nire buruari esan nion: ez dut inoren lehia jasan beharko. Rebecca petral horrek, gainera, morrosko guztiak lapurtzen zizkidan, bere edertasun itsugarri horri esker.

Uda osoan zehar País Vasco-ko festetan aritzea pentsatu nuen, Trotamundos-en irakurri bainuen, han ondo jan, eta hobe edaten zela. Irrikitan nintzen jakiteko, bestetik, egia ote den San Fermin izeneko festetan mundu guztiko morroskoek zezenen aurrean lasterka egiten dutela; behin eta berriz telebistan ikusi arren, nire begiekin baieztatu arte ez bainuen sinetsiko.

Iruñea

Iruñera entzierroak ikusteko asmoarekin joan nintzen, esan bezala. Horixe zen helburu bakarra. Iritsi orduko, ordea, bestelako kontuetan nahasi nintzen. Txupinazoaren ordua zen, eta poliziek udaletxeko plaza inguratzen zuten. Zerbait arriskutsua bilatzen ari zirela zirudien, hain zeuden suminduta, tente, haserre antzera. Festa sasoia izanda hain jarrera eskasean ikusteak harritu ninduen: arriskutsua behar zuen, bai, bilatzen ari ziren hori.

Halako batean, polizietako batek agindua eman zuen, eta guztiak abiatu ziren alde batera, ukalondoka jendea baztertuz. Hara jarraitu nien, eta bilatzen zutena deskubritu nuen: banderak ziren. Gero jakin nuen ikurriñak zirela, eta Nafarroako agintariek festa gogoa ere galtzen dutela, haiek ikusi orduko. Polizia batek dozenaka bandera eraman zituen eskutan, harro. Ordu batzuk geroago, ordea, beste horrenbeste ikusi nituen, nonahi. Jendeak natural eramaten ditu, agintariek gorrotatu arren.

Hango indigenekin elkartu nintzen, eta ez nituen zezenak ikusi. Iruinseme bati galdetu nion, egia ote den jendeak piztien aurrean korri egiten duela, eta harek baietz esan zidan, galderarekin harrituta. Egia da, beraz!

Gasteiz

Zeledon izeneko panpina da jai hauetako protagonista. Esaten dutenez, pertsonaia da, legendarioa. Baina nik ikusi nuen, eta panpina da. Metalezko ari batetik zintzilikatzen dute, eta Ama Zuriaren Plaza izeneko bat zeharkatzen du, jendearen oihuen artean, aterkia eskuan, aurpegian irribarre inozo horrekin.

Jendea saltoka ibiltzen da une horretan, ondokoak txanpainaz bustitzeko tema bereziz, inor zapaltzeko beldurrik gabe (festa guztiak hasten dira antzeko zeremoniarekin). Zeledon izeneko panpinak, plaza zeharkatu ondoren, hitz batzuk bota zituen eztakitzein elizako terrazatik, eta hizketan ari zela, herritarren multzotik tomate batzuk bota zizkioten, agintariengandik gertuegi egoteagatik.
Gerora jakingo nuen, agintarien trajeak tomatez eta arrautzez betetzea dela País Vasco honetan usadiorik maitatuenetakoa, batik bat gazteen artean. Alegia, tomaterik gabe ez dagoela festarik. Naturarekiko maitasuna ote da?

Baiona

Baionako festak ez dira festak, bestak dira. Herritarrak blusak erantzi eta zuriz janzten dira egunotan, eta zapi gorriak janzten dituzte, San Ferminetan bezala. Festa hauetako ezaugarria, errugbi jokalariak dira. Taldeka joaten dira, ardoz eta Ricard-ez ondo hornituta, eta euskal indigenen kantak abesten dituzte, 60ko eta 70eko hamarkadetan 'hit'-ak izandakoak lehenetsiz. Mutil onak dira, baina komeni da haiekin gozo jokatzea.

Donostia

Donostiako jaietan, kaleak lepo beteta egon arren, batek ez daki festa non ote dagoen. Nire herrikideak (australiarrak), ia indigenak baino gehiago ote dauden: horra susmoa. Donostiako jaiak munduko gauzarik gogaikarriena direla erabakitzekotan nengoen, Piratak ikusi nituenean. Halako talde handia osatzen zuten, eta trakets egindako ontzietan (kamioien gurpilekin egindakoak, edo egur oholez: eskasak, edozein kasutan) Kontxako hondartzara iristen ikusi nituen.

Hondartzan zegoen jendeak harrituta zirudien, eta horregatik jakin nuen, Piratak ez daudela begi onez ikusita. Jendeak nahiago ditu turistak, Piratak baino. Baina Piratek hondartza hartu zuten, eta zarata atereaz, Alde Zaharrera jo zuten, botilak eskuetan, indigenen hizkuntza hitz eginez: euskaraz. Beraiekin joan nintzen, izozkiez eta su artifizialez nazkatuta. Hantxe hasi zen jaia.

Bilbo

Guggenheim-az gain, Bilbo ez nuen ezagutzen. Ez nekien handia edo txikia ote zen. Eta izan, ez omen da handiegia. Hori bai, jaiak ospatzeko modu megalomanoa dute, bidenabar. Txosna deituriko barrakak ezagutu nituen, Gasteizen eta Donostian, baina Bilbokoak oso bestelakoak dira Donostiakoak halako bost dira Bilbokoak, eta festa egiteko orduan, ez dute donostiarren uzkurkeria.

Bizkaiko hiriburuko festen beste ezaugarria txapelgorriak dira. Han zipaioak esaten diete batzuek, edo beste hitz potoloren bat. Festa ordu txikietan sartu orduko, hantxe azaltzen dira. Baserritarren txapelaz jantzita dabiltzan gizon armatuak ez dira, ofizialki, festaren parte, baina, egonaren-egonaz klasiko bilakatu dira: beti dabiltza han.

Euskal Herriko hiriburuetako besten bira amaituta, hainbat ondorio atera nituen.

Lehen ondorioa:
País Vasco, Euskal Herria, Pais Basque, Navarra, Euzkadi. Euskaldunak ez dira bat, dozena bat badira, izanean, izenean, eta izaeran. Baina indigena guztiek antza handia dute, hori bai. Eta ia denek esaten dute Euskal Herria. Gogorra behar du beraientzako, beraien herrietan eta hirietan gutxiengo izatea, Piratak izatea. Baina umorea dute.

Bigarren ondorioa:
euskaldunek kaletik dantza egiten dute, apur bat Rio de Janeiron bezala. Gerria mugitzeko orduan, ordea, enborrak bezalakoak dira.

Hirugarren ondorioa:
Hobe Rebecca galdu ez banu, hemen mutilek egin didaten kasua kontuan hartuta.

Azken ondorioa:
Ajea.