Aurtengoan Usopop jaialdia uztailaren 7an egingo dute Saran

Aurtengoan Usopop jaialdia uztailaren 7an egingo dute Saran https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aurtengoan-usopop-jaialdia-uztailaren-7an-egingo-dute-saran/@@download/image/20126196135uso_pop.jpg
2012/12/13
berria
Musika berriak eta amalurra uztartzen dituen jaialdia da Usopop, eta aurtengoan hainbat aldaketa dakartza: batetik, data uztailaren 7ra aurreratu dute, eta bestetik, Lizarrietako belaunean izan beharrean, Sara herrian bertan egingo dute. Lau talde igoko dira eszenatoki gainera musika mota ezberdinak eskaintzera, eta giro apartaz gozatzeko aukera izango dute bertaratuek.

Musikari independenteak izan ohi dira urtez urte Usopop jaialdiko protagonistak. Euskal Herrikoak zein atzerrikoak, beren onena ematera hurbiltzen dira Sarako Lizarrieta lepora. Aurtengoan lekua bera eta baita ere aldatu dituzten arren, jaialdiak ez ditu bere oinarriak galdu,  eta musikari bikainak eta entzule gogotsuak erakarriko ditu.

Ordua oraindik zehazteko bada ere, kartela finkaturik dago dagoeneko: Botiobol Baionako folk taldea, Gari Hertzainak taldeko kantari ohia, Belako mungiar talde gaztea, eta Elorn dj-a.

Antolatzaileek gonbitea luzatu dute, eta sarrera erabat librea izango da. Hurbildu ongi pasatzera eta gau jaialdi lasaiaz gozatzera.

Taldeak


Botibol
Baionako folk taldeak estreinatu zuen Usopop jaialdia, eta aurten bigarrengoz izango dira Saran. Beren lan berriena, The Wild Cruises, aurkeztuko dute, baina ez dituzte aurreko hiru CDetako kantuak ahaztuko.

Gari
Iñaki Igon Garitaonaindia Murgiondo txikitatik izan da Gari, eta bere bakarkako musika ibilbidea ere izen berarekin egin du, Hertzainak taldea utzi zuenetik. Legazpiarra entzuteko aukera bakan horietako bat izango da Usopopen.

Belako
Mungiako taldeak Gaztearen XXI. Maketa Lehiaketa irabazi berri du, eta beren rock ukitu moderno eta indartsua ez da oharkabean pasa. Maketa grabatzen hasi aurretik, dena den, Usopopen izango dira.

Elorn
Zitari hasiera eta amaiera emateko, doinu elektronikoak jarriko ditu Elorn dj-ak.