Aurreskuk dantzari jarri ditu gazteak

Aurreskuk dantzari jarri ditu gazteak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aurreskuk-dantzari-jarri-ditu-gazteak/@@download/image/8p36-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Joanes Etxebarria
Aurreskuk dantzari jarri ditu gazteak


Baionako gazte talde batek sentitu zuen gaztetxe baten beharra. Horren karietara sortu zuten 1998an Aurresku elkartea. Hasieran Baionako Herriko Etxearekin elkarlanean aritu nahi zuten, baina behin eta berriro ezezkoak jaso ondoren, beren bideari ekitea erabaki zuten.
Hiru urtez hainbat ekitaldi antolatu ondoren, diru pittin bat eskuratu eta lokal bat alokairuan lortu zuten. 2001eko otsailean Lauga salaren atzeko 220 metro karratuko areto bat hartu zuten. Konponketa eta apaintze lanei ekin behar izan zieten hasieran, fite eta ongi. Horma batean Rage Against the Machine taldearen azken diskoaren azaleko marrazkia margotu eta honako leloa idatzi zuten: "Rage Against the Faxisme: The battle of Baiona".
Otsailaren 23an, Negu Gorriakek Baionan egindako kontzertuaren ondoren, lokala ireki zen eta ondotik, sekulako arrakasta izan du Ipar Euskal Herri osoan. Aurreskuko gazteak, hala ere, ez daude geldirik. Ireki zutenetik hona, kontzertu andana etorri da eta iñauterietan eta beste zenbait ekitaldietan lanean aritu dira. Beren helburua gaztetxea elkargune izatea da, esaterako, "zenbait euskal arazoetara hurbiltzeko eta euskaldunei besteek dituzten zailtasunetara begirak irekitzeko", diote. Gaztetxea Baionako elkarte eta taldeei ateak zabalik ditu eta gerora begira, zenbait ikastaro antolatu nahi dituzte, txalaparta ikastaroa, adibidez.
Esan bezala, Aurreskuk ez du Baionako Herriko Etxearen laguntzarik, baina hala ere, gazteak pozik daude; laguntzarik gabe, nahi dutena egin ahal dutela diote, ez baitaude inorekin zorretan. Dena den, gaztetxeak euskal dinamika bat sortu duenez, Herriko Etxea oso gustura ez dagoela dirudi eta beraz, presionatzen hasi omen da, lokala hertsi dezaten. Dena den, gazteek lanean darraite.