Atzerrira ikastera joateko bekak: aukera aparta

Atzerrira ikastera joateko bekak: aukera aparta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/atzerrira-ikastera-joateko-bekak-aukera-aparta/@@download/image/iritzia_150_1396519838.jpg
2014/04/07
erreportajea
Testua: Judith Queija eta Javier Hernandez. Inmakulada Ikastetxea (Hernani)
Urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak atzerrira joateko aukera ematen die DBH eta Batxilergoko ikasleei. Uda honetan, gainera, ingelesa edota beste hizkuntza batzuk ikastera joateko aukera ere eskaini dute.

Beka horiek lortzeko Eusko Jaurlaritzak antolatutako prozesuan parte hartu behar da: ikasturtean izandako emaitzak hartzen dituzte kontuan, eta nota onenak atera dituztenek lortzen dute atzerrirako txartela. 5.000 pertsona inguruk eskaera egin duten arren, bakar batzuek soilik lortu dute beka horien bitartez aurten hizkuntzak beste herrialde batean ikasteko aukera.

Beka lortzea ez da batere erraza; izan ere, aurkeztutako ikasleetatik kopuru txiki batek baino ez du eskuratzen. Ikasle asko gutxiagatik ez dira onartuak izaten, eta aukeratua izateko, normalean, behin baino gehiagotan aurkeztu behar izaten da. Benetan kontuan hartzekoa da laguntza horiek lortu nahi dituzten ikasleek egin beharreko esfortzu ikaragarria. Noski, behin bekaz gozatu dutenek ezin dute berriro eskatu, eta horrela, joan ez direnei abagune gehiago ematen zaie.

Bekarekin beste herrialde batera bazoaz, bertako hizkuntzan asko mintzatuko zara, eta zure hiztegia aberastuko duzu, sorterriko biztanleekin hitz egiteko aukera izango baituzu. Bestalde, erresidentzia-egonaldia aukeratuz gero, hemendik joandako beste kideekin egoteko eta bidaiaz gozatzeko modua izango duzu. Bertaratzen diren ikasleek plangintza moduko bat errespetatu behar izaten dute, hots, klase-orduak edota familiarekin bidaiak egiteko egunak. Horrekin guztiarekin, etxeratzerakoan, gauza interesgarri asko ikasita bueltatuko dira, esaterako, kultura, gastronomia, eta beste hainbat xehetasun.

Prezioari erreparatzen badiogu, logikoki askoz merkeago ateratzen da diru-laguntzarekin joatea gure kabuz bidaia bera antolatzea baino. Ondorioz, dirurik ez daukan jendearentzat beharrezkoak dira horrelako laguntzak, halakorik ezean, zaila izan baitezakete gisa horretako esperientzia bat bizitzea.

Gure iritziz, beka hauek hizkuntza bat ikasteko abagune oso ona dira, hizkuntza bat menderatzeko bide bikaina baita sorterriko jendearekin hitz egitea. Noski, laguntza horiek lortzeak esfortzu handia eskatzen du, baina merezi du Eusko Jaurlaritzak ematen digun aukera apart hori baliatzen saiatzeak.