Atom Rhumba

Atom Rhumba https://www.gaztezulo.eus/albisteak/atom-rhumba-2/@@download/image/69p39.jpg
2006/12/01
erreportajea
Julen Azpitarte
Atom Rhumba
Atom Rhumbak "Amateur Universes" izeneko diskoa argitaratu berri du Oihuka zigiluarekin. Orain arte bezala, funk moldaketekin ederturiko rock and roll doinu hezeak dakarzkigute.

Bosgarren disko hau Atom Rhumbaren lanik gordinena da; izan ere, bizkaitarrek zuzenean erakusten duten doinutik hurbilen dagoen grabazioa da. Hala, nahiz eta rock and roll kantu gordinak izan, abestiak ñabardura ugarirekin edertu dituzte: teklatu eta koru gehiago, bibrafonoak, steel gitarrak eta haize-instrumentu ugari sartu dituzte, besteak beste.

Bestalde, grabazioan izen handiko musikariek parte hartu dute, tartean, Hendrik Röever Los Deltonos bandako liderrak, Juanillo Ke Rule reggae taldeko abeslari ohiak, Javi P3Z eta Fermin Muguruzarekin aritzen diren haize-musikariak, eta Jon Wahl, 90eko hamarkadan Kalifornian sortu zen Clawhammer rock talde handiko liderra. Estatubatuarrak "Stand up!" kantuko hitzak idatzi ditu. "Amateur Universes" hau cd formatuan eta biniloan argitaratuko dute.

Emaitza, seikote honen lanik indartsuena da. Aurreko diskoetako ukitu beltza apur bat baztertu dute, eta rock and roll gordinean murgildu dira buru-belarri. Hala, 50eko hamarkadako sustraidun doinuetatik edan dute rumberoek, grabazio organikoa, erabat fisikoa eginez: azken batean, disko sinplea baina sendoa da "Amateur universes". Bertako doinuak Gallon Drunk ingelesen edota Radio 4 estatubatuarrek grabatzen dituzten doinuen parean daude, ezbairik gabe.

Europara begira

Oihuka diskoetxeak kaleratu du Atom Rhumbaren diskoa -aurreko disko guztiak Munsters zigiluak argitaratu zituen-, eta Europan ezagunagoak egitea da taldearen helburuetako bat. Bizkaitarrek Japonian aurkeztu zuten "Backbone Ritmo", euren aurreko diskoa, eta dirudienez, Frantzian eta Alemanian jotzeko gonbiteak jaso dituzte. Otsailaren 23an Bilboko Kafe Antzokian izango dira.