Athletic Generalisimo

Athletic Generalisimo https://www.gaztezulo.eus/albisteak/athletic-generalisimo/@@download/image/69p28_1365096419.jpg
2006/12/01
erreportajea
Jon Odriozola
1969an, Seaskak zazpi ikaslerekin bere lehen gela zabaldu zuen urte berean, Athleticek hogeigarren kopa irabazi zuen. 

1969a elurtsu hasi zen Euskal Herrian. Urte hartan, esaterako, Ipar Euskal Herriko ikastolak biltzen dituen Seaska jaio zen. Zazpi ikasle hasi ziren Arrangoitzen martxan jarritako gelan. Bestalde, Jon Oñatibia oiartzuarrak “Methode d"eskuara radiophonique” ezagutarazi zuen: irratiz, Lapurdiko euskara ikasteko metodoa.

1968-69 ikasturtean, bestalde, Bilboko Unibertsitate Barrutia sortu zuten, Valladolid eta Bizkaiko barrutiak bereizi ondoren. Bide batez, Zientzietako, Medikuntzako eta Arte Ederretako goi-mailako eskolak abian jarri zituzten. Handik urte batzuetara, 1980an, Euskal Herriko Unibertsitate publikoak lehen urratsak eman zituen.

Astopista

1969an, Bilbo-Behobia errepidea eraikitzen hasi ziren: bai, joan-etorrian patrika ederki xahutzen digun errepide bihurgunetsu hori, 69an “jaio” zen! Gaur egun, zer izango litzateke Durangoko azoka errepide hori gabe!

Arantzadikoak ere buru-belarri zebiltzan 1969an: zientzia elkarteko bi kidek Ekaingo leize-zuloaren sarrera topatu zuten. Hura oso aurkikuntza garrantzitsua izan zen: Ekaingo irudiak, paleolitiko garaiko artearen aztarna garrantzitsuenak dira Lescaux eta Niaux-ekoekin batera.

Anquetil eta Kopa

Gatozen kirolera. Jacques Anquetil handiak erdietsi zuen 1969ko Euskal Herriko txirrindulari itzulia, eta Patxi Gabika bizkaitarra sailkatu zen bigarren lekuan. Futbolean, aldiz, bi euskal talde ari ziren garai hartan lehen mailan: Reala eta Athletic.

Urte hartan, Generalisimoaren kopako finala jokatu zuten txuri-gorriek Madrilgo Santiago Bernabeun. Elx 1-0 mendean hartu ondoren, Etxeberriak (Josebak ez, noski), hogeigarren kopa altxatu zuen. Talde hartan, besteak beste, Iribarrek, Txetxu Rojok, Javier Clementek eta Iñaki Saezek jokatu zuten.