Aterkings: Rock"n"roll grina

Aterkings: Rock"n"roll grina https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aterkings-rocknroll-grina/@@download/image/53p11-1_1366750305.jpg
2005/06/03
elkarrizketa
Julen Azpitarte
Aterkings: Rock"n"roll grina
Aterkings taldeak "Rock'n'Roll" izeneko estreinako lana argitaratu berri du Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik. Izenburu esanguratsu horren barruan, 60ko hamarkadako garaje-rocketik eta punketik edaten duten 16 kanta gordin bildu dituzte. 

Taldea Markinako eta Elgoibarko bost lagunek osatzen dute. "Markinan daukagu entsegatzeko lokala, eta bertan giro polita sortzen da. Izan ere, beste talde batzuetako jendea ere bertara egokitzen da, tartean Brankan, Hot Dogs eta Kashbad-eko taldekideak izaten baitira han", nabarmendu du Alberto taldekiak.

Aterkinsg-eko partaideak rock'n'roll zale porrokatuak dira. Horren isla da taldearen izena: Chesterfield Kings garaje rock talde iparamerikarraren omenez aukeratu zuten. "Lehenik garai bateko musikaren zale amorratuak gara. Ondoren, elkarren adiskideak gara, eta azkenik, musikariak", argitu du Albertok.

Hizkuntzak nahasten

Hala, maiz ikusiko dituzu Euskal Herriko hainbat txokotan egiten diren kontzertuetan. Izan ere, taldearen hazia kez beteriko rock'n'roll aretoetan erein zuten. "Kontzertuetan topatzen ginen elkarrekin. Gure helburua ez zen taldea eratzea, baina bertsioak egiten hasi ginen, eta gero gure kantak atera ziren. Azkenik, zuzenekoak etorri ziren, eta dinamika horren barruan, taldea sortu zen", dio Albertok.

Diskoan euskara da nagusi, nahiz eta ingelesez eta gaztelaniaz eginiko kantak ere badiren. Iñigo Goikoetxea abeslariak bizkaieraz abesten du, eta tarteka "Come on" edo "Let's go" eta antzeko esamoldeak erabiltzen ditu, lotsa barik.
Hizkuntzen konbinazio horrek, bitxia badirudi ere, primeran funtzionatzen du. "Horrelako esamoldeak barrutik ateratzen dira, oihuen modura. Kantariari barru-barrutik ateratzen zaizkio, egiten dugun musika benetan maite dugulako", dio Albertok.

Hala ere, rock'n'roll basati eta zuzena jotzen duten talde euskaldun gutxi izan dira, eta horretan, aitzindariak direla esan daiteke. Alberto ez dator bat baieztapen horrekin, ordea: "Izan dira euskaraz abestu duten rock'n'roll taldeak, Labanak, esaterako. Hala ere, ez dugu ezertan aintzindari izan nahi. Normaltzat jotzen dugu hiru hizkuntzak erabiltzea. Euskal Herrian, badira euskara erabiltzen ez duten talde interesagarriak, Atom Rhumba eta Boogie Punkers, kasu. Bestalde, badira euskaraz abesten duten talde onak ere, garaje rocka ez maitatu arren", azaldu du Gonzalezek. Aterkings-en jarioak komunikatzeko ahalmen izugarria du. Euren zuzenekoak itzelak dira, eta entzulegoarekin bat egiteko erraztasun izugarria dute. Segi kickin' asses!