Astelehenean hasiko da 'Egunean behin' jokoaren zortzigarren denboraldia

Astelehenean hasiko da 'Egunean behin' jokoaren zortzigarren denboraldia Hamaika asteko iraupena izango du eta abenduaren 12an bukatuko da. Ohiko funtzionamendu eta galdera motak izango ditu jokoak, baina berrikuntzak ere izango direla aurreratu dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/astelehenean-hasiko-da-egunean-behin-jokoaren-zortzigarren-denboraldia/@@download/image/egunean-behin.jpg
2021/09/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hamaika asteko iraupena izango du eta abenduaren 12an bukatuko da. Ohiko funtzionamendu eta galdera motak izango ditu jokoak, baina berrikuntzak ere izango direla aurreratu dute.
Astelehenean hasiko da 'Egunean behin' jokoaren zortzigarren denboraldia

Egunean Behin jokoaren zaleentzat albiste ona izango da, ezbairik gabe, galdera-erantzunen zurrunbiloan sartzeko aukera izatea beste behin. Datorren astelehenean, hilak 27, itzuliko da jokoa zortzigarren denboraldiarekin.  CodeSyntax enpresak sortutako jokoaren denboraldi berriak hamaika asteko iraupena izango du eta abenduaren 12an amaituko da.

Egunero 60.000 aritu ziren lehian aurreko denboraldian, eta 20.000 aldi berean finalean. Hori berriz lortzea dute helburu oraingo honetan ere, eta funtzionamendu bera izango du jokoak. Erabiltzaileek egunean 10 galdera erantzun beharko dituzte egun bakoitzean, ahalik eta azkarren eta ahalik eta erantzun gehien asmatuz. Jokalarien jakintza, trebezia eta matematiketarako abilezia neurtuko dituzte galderek eta, ohikoa den moduan, euskal gaiak izango dira oinarri. Horretaz gain, trebezia bisualarekin lotutako itaunak izango dira, Eurovisioarekin zerikusia dutenak, gehiketa eta biderketak edo saguaren labirintoarenak. Astero berrikuntzak izango direla iragarri dute, besteak beste, hiztegi galdera berriak.

Parte hartzen duten guztien artean sailkapena osatuko da astero, eta denboraldi amaieran finala egingo dute. Finalak azkenekoaren antzeko formatua izatea aurreikusten dute. Ez dute oraindik data zehaztu baina Gabonen aurretik egiteko asmoa dute, ETB1en zuzenean. Izan ere, ETB izango da zortzigarren aro honen babesle nagusia. ETBz gain, honako babesle hauek ere izango ditu jokoak: Elhuyar, DanobatGroup, Badalab, Cikautxo, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Guuk, AEK, Ficoba eta ULMA enpresa taldea.

Aste bakoitzean babesle bakoitzak jarriko duen sariaz gain, sailkapen orokorrean geratzen diren hiru lehenek sari hauek izango dituzte: Samsung telebista adimentsua, Vivo 770 telefono aurreratu bat, eta Xiaomi Redmin Note 8. Bi Chromecast ere zozkatuko dituzte, Internet bidezko zerbitzuak lotzeko telebistara.