Astelehenean hasiko da 'Crossover.Telesailen kultura' jaialdia, Donostian

Astelehenean hasiko da 'Crossover.Telesailen kultura' jaialdia, Donostian Telesailak aurkeztuko dira, eta elkarrizketak eta saio bereziak ere izango dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/astelehenean-hasiko-da-crossover-telesailen-kultura-jaialdia-donostian/@@download/image/52814375024_1b044f2b25_k.jpg
2024/04/17

Argazkiak: Crossover jaialdia

Telesailak aurkeztuko dira, eta elkarrizketak eta saio bereziak ere izango dira.
Astelehenean hasiko da 'Crossover.Telesailen kultura' jaialdia, Donostian

Datorren astelehenetik larunbatera, hilaren 22tik 27ra, izango da Gipuzkoako Foru Aldundiak Kultur Factory agentziarekin batera antolatzen duen Crossover. Telesailen kultura erakusketa Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean (Santa Teresa komentua) eta Tabakaleran. 

Jaialdian Robin Green, Diego Rey, Danele Sarriugarte, Emilio Domenech, Eider Saez, Ana Marcos, Elvira Minguez, Ibai Zabala, Gaizka Izagirre, Khalid El Paisano, Tristán Ulloa, Itziar Atienza, Clara Roquet, Marta Etura, Irene Escolar, Koldo Serra, Olaia Urtiaga, Maitena Salinas, Elena Anaya eta Sara Zozayak hartuko dute parte, besteak beste.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "estreinaldi esklusiboak" eta telesailen munduko hainbat alderdi aztertzen dituzten elkarrizketak izango dira. Estreinaldien artean Apples Never Fall drama misteriotsua eta Marbella thrillerra daude. Gainera, Without Sin eta Las largas sombras aurkeztuko dira.

Elkarrizketetan, berriz, telesailen kulturari, politikari eta fikzioari buruzko eztabaidak antolatu dituzte, sare sozialetako intimitateari buruzko analisiak, eta baita ikus-entzunezko industrian emakumeen aurkako indarkeriari buruzkoa ere. Ikusmen-efektuei buruzko masterclass-ak ere eskainiko dira. 

Gourmet sailean, telesailei buruzko solasaldiak eta horietan inspiratutako plateren dastatzea izango da, eta serie ezagunen arteko guduen atalean,  Northern Exposure eta Miami Vice telesail klasikoak jarriko dituzte aurrez aurre. 

Jaialdiaren programazio osoa hemen kontsulta daiteke.

Erakusketa eta liburu aurkezpena
Jaialdia hasi aurretik, gaur, 18:00etan, Iñaki Aliste Lizarralde ilustratzaile gipuzkoarraren Behind the Screens erakusketa inauguratuko dute. Erakusketa Santa Teresa komentuko Atari espazioan izango da maiatzaren 5era arte, eta bertan serieen barrualdera bisita bat egiteko aukera izango da, planoen eta ilustrazioen bidez. Plano eta ilustrazio horietan pantaila txikiko pertsonaia gogokoenetako batzuk bizi diren espazioak birsortzen dira. Bisitariak 100 original eta print baino gehiago ikusi ahal izango ditu, Friends, Breaking Bad edotaThe Simpsons telesail ezagunetako etxe eta lantokiekin.

Bestetik, Robin Green-ek bere liburua aurkeztuko du gaur. Gidoilari eta telebista ekoizle lanetan aritua da eta sari garrantzitsuenetako batzuk eman dizkiote telesailen munduan egindako lanagatik. Gaurko aurkezpenean, Northern Exposure eta The Sopranos telesailetan egindako lanagatik lortutako hiru Emmy sariez eta bi Urrezko Globoez ere hitz egingo du. Elkarrizketa arratsaldeko 19:00etan izango da, Santa Teresa Komentuko Ekitaldi Aretoan.