Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-9/@@download/image/gomendioak_home.jpg
2019/05/02

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

TELESAIL BAT: 'Master of None' (Aziz Ansari, 2015-2017)


Azken urteotan oso modan jarri den dramedia -Drama eta Komedia uztartzean- azpigeneroaren zalea bazara ez galdu  Master of none zoragarria. Hasteko, arlo horretan, azken urteetako telesail bitxi eta berritzaileena delako. Lehen denboraldia, oso ona, bigarrena,  zoragarria.  Eguneroko keinu txikiek duten garrantziari buruzko maisulan honek, bere bizitzarekin zer egin ez dakien, Dev izeneko tipo baten istorioa kontatuko digu, New York hirian bizi den 30 urte inguruko aktorea. Hasieran pazientzia apur bat eskatzen duen arren, ohartarazi nahi dizuet, telesail honetaz erabat maiteminduko zarela.

FILM BAT: 'Nelyubov' (Andrey Zvyagintsev ,2017)

Andrey Zvyagintsev zuzendaria errusiarraren lan hau maisulan izatetik oso gertu geratu da. Helduen egoismoa umeen aurrean, bizitza modernoaren gogaitasun krudela medio eta erabat gaixorik dagoen erdi-goi mailako gizarte errusiarraren ispilu moduko bat osatzea lortu baitu.  Plano bakoitza ezinbestekoa bilakatzen da film honetan, enkoadraketa guztiek pisu propioa dute eta narrazio bisuala mirari txiki bat irudituko zaizu.

BIDEO-JOKO BAT: 'Days Gone' (PS4)


PlayStation 4 kontsolarentzat atera berri den joko esklusiboa. Zonbi izurrite baten eraginez, bizirik irtendako gizonezko baten larruan murgildu beharko zara: Deacon. Mundu irekia batean kokatua, superbibentzia, araketa eta batez ere akzio basati eta oso bizia eskainiko dizkizun izenburua. 

LIBURU BAT:  Fakirraren ahotsa (Harkaitz Cano, 2018)


111 Akademiaren eskutik 2018ko liburu onenaren saria irabazi berri du. Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta, trukean, inoren arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasten denean. Garai horretan jasoko du bigarren larru izango duen goitizena: Fakirra.

DOKUMENTAL BAT: 'Muchos Hijos, un Mono y un Castillo' (Gustavo Salmerón, 2017)


Dokumental dibertigarri, ero, sinestezin eta surrealista honen protagonista absolutua, karisma harrigarria duen Julita dugu. Abiapuntuaren metxa, betidanik izan dituen hiru ametsei buruz hizketan hasten denean pizten da. Seme-alaba asko, tximu bat eta gaztelu bat. Horra hor umetatik izan dituen hiru ametsak. Sinestezina dirudien arren hirurak bete dira, eta aitzakia hori erabiliz semeetako bati dokumental hau grabatzea bururatu zitzaion: Gustavo Salmerón aktore ezagunari hain zuzen. Eta “aitzakiatzat” diot, hiru desio horiek, ia-ia gutxienekoak direlako kontuan izanik emakume honek -eta familiak- egin eta esaten dituztenak ikusten dituzuenean. Muturrera eramanda, baina emakume honen begietatik, familia horren barruan ikusten ditugun gehiegikeriak eta diru-eralgiketa sinestezin horiek, ondoren paso emango dion porrot horrekin batera, azken urteetako Espainia zer den erakusten digu, ala behintzat erradiografia txiki bat egiteko balio digu. Emakume honen bizipenak, Gerra zibiletik hasi , krisi garairaino pasaz , guzti hori gaztelu batean barruan sartuta.