ASTEBURUAN IKUSI, ENTZUN, JOLASTU ETA IRAKURTZEKO 5 PROPOSAMEN!

ASTEBURUAN IKUSI, ENTZUN, JOLASTU ETA IRAKURTZEKO 5 PROPOSAMEN! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-8/@@download/image/bostgomendioak_home.jpg
2019/04/26

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
ASTEBURUAN IKUSI, ENTZUN, JOLASTU ETA IRAKURTZEKO 5 PROPOSAMEN!

LIBURU BAT
Seta – Alessandro Baricco (1996)
Zeta bezala itzuliko genukeen liburua prosa forman idatzita dagoen poema bat da. Guztiaz deskonektatu eta eserialdi bakarrean irakurtzea gomendatzen dizut, istorio laburra denez, esperientzia gozagarriagoa izango baita. Zertaz doan gutxienekoa da, kontatzeko moduan baitago berezitasun handiena. Ez dago hitz bakar bat ere soberan, guztia erabat neurtua dago irakurlea hunkitzeko. Behin liburua itxita mundua ederragoa irudituko zaizu.

DISKO BAT
Rose Escargot – Kerobia (2006)
Euskal musikaren harribitxietako bat. Isburt deitzen den alegiazko lekuan, Rose Escargot pertsonaiak bizitzen dituen hamaika istorio kontatzen dizkigu diskoak. Escargot-en bizitzaren zergatia azaltzen saiatzen da taldea, bere ihesa, pentsamenduak, erruak eta pozak melodia finez bilduz. Rose Escargot alegiazkoa bada ere, gu guztiok identifikatuta sentitu gaitezkeen biografia unibertsal bat sinatu zuten nafarrek.

TELESAIL BAT
Peaky Blinders (Steven Knight, 2013)
Birmingham, lehenengo gerra mundiala amaitu berri. Gangster familia batek kontrolatzen du lurraldea eta zaldi apustuen lokala. Familia burua Thomas Shelby da, gizon azkar, kalkulatzaile eta handizalea. Hori dela eta bere negozio, ilegalak noski, zabaltzen hasiko da botere eta diru gehiagoren atzetik eta horrek arazo ugari sortuko dizkio. Aipatzekoa da telesailaren irudi zainduaz gain musika nola erabiltzen den. Garaiko irudiak egungo musika piezekin nahasten dira bertan entzun ditzakegularik, besteak beste, Nick Cave (Red Right Hand abestiarekin irekitzen dira kapituluak) edota Artic Monekys.

ARGAZKILARI BAT
Eider Iturriaga
Aurrean jartzen zaion edozerekin ausartzen baldin bada ere, Iturriagak batez ere kontzertuetako argazkiak ateratzen ditu eta nola atera ere! Nabaria da, teknikak ezin hobeto menperatzeaz gain, musikazale amorratua dela, hori baita bere argazkiek helarazten dutena: musikarekiko pasioa. Oholtza gaineko elementuak aprobetxatzen iaioa da, eta fokuen argiekin jolasean lortzen dituen efektuak ikusgarriak baldin badira ere, detaile txikiei ematen dien garrantziagatik dut horren gustuko: izan daiteke irribarre bat, konplizitate begirada bat edota esku bat mikroa heltzen. Maisuki harrapatzen ditu bestela oharkabean igaroko liratekeen une ederrak.

DOKUMENTAL BAT
Refused are Fucking Dead (Kristofer Steen, 2006)
Refused hardcore talde mitikoaren azken urtea narratzen du dokumentalak. Bertan azaltzen dira taldekideek euren artean zituzten ezberdintasunak eta nola horiek banatzera eraman zituen justu, euren maisulana den, The Shape of Punk to Come argitaratu eta 11 hilabetera. Horrez gain, euren azken kontzertuaren kronika azaltzen da, poliziak eten zuena bertara hurbildutakoek suediarren Rather be dead oihukatzen zuten bitartean. Egia da taldeak bere itzulera eta disko berria iragarri ondoren, dokumentalak helarazten duen erromantizismoa apur bat galdu dela. Halere, ez naiz kexatzen, aukera izan baitut suediarrez oholtza gainean gozatzeko, latzak!