Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-26/@@download/image/bostgomendioak_home.jpg
2019/09/27

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

DISKO BAT
Orbel – Hegan (2019)
Orbelen musika argazkietan irudikatzen saiatuko banintz zuri beltzeko paisaia bakartiak izango lirateke. Nostalgia eta malenkonia izango lukete atmosfera gisa, iparraldekoen musika unibertso barnerakoi batera bidaiatzea bezalakoa baita. Melodia ilun, itogarri bezain lasaigarrien artean igeri dabiltza akordeak. Beren aurkezpen EPan ingelesa erabili bazuten ere, lehen diskorako euskara hautatu dute eta horrek aberastu egin duela euren musika esatera ausartuko nintzateke. Ederra!

TELESAIL BAT
Misfits – Howard Overman (2009)
Britainiar telesail honek behar bada ez ditu efektu berezi onenak izango, baina maisuki uztartzen ditu zientzia fikzioa, umorea eta drama. Jokabide antisozialak dituzten gazte talde bat dira telesailaren protagonista. Zigor moduan komunitate zerbitzuak burutzeko programa batean lanean aritzera behartuak daude. Horretan dabiltzala ekaitz arraro batek super botereak emango dizkie eta trama aurrera doan heinean deskubritzen joango gara. Horrela esanda ez dirudi gauza handirik, baina pertsonaia bakoitza oso ondo eraikia dago eta guztiak maitatzen amaituko duzu segur.

PELIKULA BAT
True Romance – Tony Scott (1993)
Lasai, ez izutu izenagatik, ez da komedia erromantiko txoro bat. Behin minutuak aurrera doazela Tarantino agorraraziko dizunez, berriz ere esteka honetan sartuko zara zuzendaria zein den begiratzera eta harritu egingo zara Tarantinoren izena ez duzulako aurkituko. Beraz, lan hori aurrezte aldera abisatzen dizut pelikula zuzendu ez bazuen ere gidoia bai, berak idatzi zuela, eta kasik berak zuzendu izan balu bezala dela. Amerikarraren pelikulak gozagarri egin dituen osagai guztiak ditu: une absurdoak, pertsonaia xelebreak eta biolentzia ugari.

LIBURU BAT
Alejandra Pizarnik – Poesia Completa
Nik edizio hau gomendatu dut horrekin nabilelako esku artean, baina Pizarnik-en edozein testu da gomendagarria. Bere hitzetan sentsualitatea dago, malenkonia, tristura, dudak, beldurrak, pasioa... bere nortasun eta bizitzaren isla aparta dira, eta hain justu partikulartasun horrek egiten du horren berezi eta horren unibertsal Pizarnik.

ILUSTRAZIOAK
Isa Muguruza
Estilo errealista eta aldi berean fantastikoa hauteman daitezke Muguruzaren ilustrazioetan. Unibertso urrun batera eramaten gaitu, hortik egungo kezka eta arazoak azaltzeko. Bere ilustrazioak sentsualak dira, baina aldi berean emakumearen ahalduntzeaz dihardute forma ezberdinetako gorputza azalduz eta maskulinitate eredu zurrunak apurtuz.