Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-24/@@download/image/gomendioak_home.jpg
2019/09/13

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

PELIKULA BAT
'Parasite' – Bong Joon-ho (2019)

Donostiako Zinemaldian izango duzu aukera, ezinbestekoen artean sartu behar duzun izenburu hau. Bong Joon-ho (Okja, Memories of Murder) zuzendari korearraren azken lan honek, Urrezko Palmorria eskuratu du Canneseko azken zinema-jaialdian eta bertan klase borroka eta familia loturak oinarri dituen komedia gordina erakusten du, zinema beltzaren zertzeladak dituena. Urrian estreinatuko da Euskal Herriko areto komertzialetan.

 

TELESAIL BAT
'Succession' – Jesse Armstrong , Adam McKay (2018-... HBO)

Iaz estreinatu zen serie hau gomendatu nahi dizut, azken urteetako telesail zaparrada horren azpian, ezkutuan, ostrazismoan geratu den izenburu horietako bat iruditzen zaidalako. Familiari, aberastasunari eta botereari buruzko ikuspegi oso entretenigarri, mingarri eta autentikoa eskaintzeaz gain, umore beltz ukituak dituen melodrama shakespearetar paregabea iruditu zaidalako. Abuztuan estreinatu zen bigarren denboraldia, eta HBOn daukazue ikusgai.

BAKARRIZKETA BAT
'Hannah Gadsby: Nanette' (Netflix)

 Zoragarria eta iraultzailea iruditu zait bakarrizketa hau: Hannah Gadsby komediantearen Nanette. 70 minututan zehar kanalean zabaltzen den emakumeak umorearen mugez, edota gizonezko zuri heterosexualek kritikak jasotzeko duten gaitasun ezaz dihardu besteak beste. Komedia eta dramaren artean nabigatzen duen bakarrizketa bikaina, lasaitasuna eta tentsioaren arteko joko batean murgiltzen du ikuslea, zer den sinplea eta zer sakona kontzeptuen artean. Ez nuke esango ikuskizun komiko bat denik; monologo iraultzaile bat baizik, boligrafoa eta orri zuri bat hartu eta apunteak hartzeko modukoa. Txistearen inguruko erradiografia, falozentrismoari kritika sakona eta #MeToo mugimenduaren aldeko defentsa sutsua. LGTBIaren inguruko esperientzia bat, baina bere espresio gordin eta autokritikoena erakutsiz.

DOKUMENTAL BAT
'O.J.: Made in America' (2016)

Bost ataletan, O.J.-ren gorakada ikusteko aukera izango duzu, izar bihurtu zen arte; eta batez ere, izan zuen erorialdi ikaragarriari buruzko errepaso sakona ikustekoa. Nola ikasi zuen gazte afroamerikarrak bere mitoa eraikitzen futbol unibertsitarioan eta profesionalean; irudi hori mugaraino promozionatzen ikasi ere, AEBetako “beltz zuriena” bilakatu zen arte. Eta nola, bere emazte ohiaren hilketaren gauetik aurrera, amets hori betiko suntsitu z(u)en. Hain erreala eta gordina, Hollywooden gidoilari onenaren burutik irtendako istorio baten aurrean zaudetela sentituko duzun. Dokumentala ez baita epaiketan eta adibide zehatz horretan soilik zentratzen, garai hartako testuinguruan kokatzen gaitu, Ipar Amerikak bizi izan zituen une latzak mahai gainean jartzen ditu, adibide zehatz honekin talkan: aipaturiko arrazismoa, basakeria poliziala, aberastasuna eta pribilegioak, etxeko indarkeria, komunikabideen eboluzioa, erlijioa... Azken finean, O.J.: Made in America bilakatu da gizarte estatubatuarra azken 50 urteetan kezkatu duen ia guztiaren 8 orduko azterketa ikaragarria.

LIBURU BAT
Analfabetoa – Iñigo Astiz (2019)


Denok gara analfabeto iberieraz idatzitako inskripzio baten aurrean, baina horrek ez du esan nahi gaur egun inguratzen gaituzten mezuak osotasunean ulertzen ditugunik. Hain zuzen ere, kodeak, zeinuak ulertzeko saiakerak —batzuetan ezintasunak, beste batzuetan ulertzeak ematen duen poz txikiak— zeharkatzen du Iñigo Astizen bigarren poema liburua.