Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-20/@@download/image/3dd658c6-0cdf-4ed9-b8ed-1abab865a242.jpeg
2019/08/02
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen

TELESAIL BAT: DARK

Alemanian jaiotako telesail honen bigarren denboraldia estreinatu berri da duela gutxi, eta lehen denboraldiak zur eta lur utzi bagintuen, istorioaren jarraipenak oraindik ere gehiago harritu gaitu. Alemaniako herri txiki, lasai eta apartatu batean bi umeren desagerpen misteriotsuak sekulako istorio bikain eta apur bat korapilotsua askatuko du; zientzia fikzioa, iluntasuna, familien arteko tira-bira eta ezusteko itzelak, gertaeren itzulinguruak... dena sekulako musika eta irudiekin. Hori bai, Interneten pertsonaien zuhaitz genealogikoak bilatzea gomendatzen da!

PLAN BAT: MUSIKA HAMABOSTALDIA, HASIBERRIENTZAKO GIDA

Dagoeneko 80. aldiz musikaz jantziko dira Donostiako zein inguruko kale eta eszenatokiak. Musika Hamabostaldiak sekulako egitaraua antolatu du urteurrena ospatzeko; baina, inoiz egon al zara musika klasikoko kontzertu batean?

Musika klasikoa atsegin duzu baina ez dakizu nondik hasi. Musika klasikoko kontzertu batera joan nahi duzu baina ezagutzarik ez duzula uste duzu. Agian errusiar musika, antzinako musika, musika erromantikoa edo garaikidea gustatuko zaizu, baina deskubritzen duzun bitartean beharrezkoa da esploratzea.

Musika Hamabostaldiak, musika klasikoaren esparru liluragarrian zure lehen urratsak eman ditzazun, proposamen eta ekintza ezberdinak jasotzen dituen gida hau prestatu du. Gainera, ez badakizu zer aurkituko duzun Musika Hamabostaldian, Spotify zerrenda hauek gomendatzen dizkizute belarria lantzeko. Gozatu!

Zorte on!

FILM BAT: LA SENS DE LA FÊTE

Intouchables maisulanarekin gozatu bazenuten, ezin duzue Eric Toledano eta Olivier Nakacheren film zoragarri hau galdu. La Sens de la Fête frantsesez, hemen C'est La Vie izenarekin estreinatutako film dibertigarri eta ederra da honakoa. Aktore itzelak, leku magiko bat, hasieratik gaizki aterako den itxura duen ezkontza beldurgarria... zer atera daiteke gaizki?

ERREZETA BAT: MELOI SALMOREJOA

Udan gozatzeko moduko errezeta frexko eta erraza duzue honakoa. Salmorejoa gustuko baduzue, ezin duzue galdu! Oso erraz egiten da eta benetan ederra da emaitza. Salmorejoaren antzera egiten da, baina tomatea erabili ordez, meloia aukeratuta. Lehenik, aurreko eguneko ogia txikitu behar duzue; ondoren, irabiagailuan batu ogia, zatitutako meloia, baratxuri pixka bat eta olio txorrota; gehitu ere gatza eta ozpin apur bat. Ondo nahastu, hozkailuan gorde tarte batez, eta zerbitzatu urdaiazpiko txikituaz eta olioz!

GOMENDIO EKOLOGIKO BAT: HORTZETAKO PASTA NATURALA

Plastikoen eta kimikoen erabilera murrizteko saiakeretan bazabiltza, produktu hau gomendatzen dizut; hortzetako pasta ekologikoa. Marka asko daude merkatuan, eta norberak ere etxean egin dezake. Nik hau probatu dut eta oso pozik nago oraingoz. Georganics deitzen da, eta ez du plastikorik, ez edukiontzian ezta errezetan ere; gainera, ez du fluorrik. Bere formula mineraletan aberatsa den buztinarekin eginda dago, eta kaltzio karbonatoa da bere osagai nagusia. Horrekin batera, coco olioa eta mendafina ditu.