ASTEBURUAN IKUSI, ENTZUN, JOLASTU ETA IRAKURTZEKO 5 PROPOSAMEN!

MENDI TXANGO BAT: Erlo
Eta zuk zer nahiago duzu udan, hondartza ala mendia? Bigarrena aukeratu baduzu, adi txango bikain honi: Erlo mendia, Zestoatik abiatuta. Ibilaldia Lili jauregitik abiatzen da Ekain kobazuloruntz; ondoren Zastarrain eta Goltzibar errekak jarraitzen ditu, Agiteraino. Basotik doan bide eder eta freskagarri honek liluratuta utziko zaitu! Zanzarkotzako bordara iritsiko zara, eta aurrerago, abandonatutako harrobia igaroko duzu. Handik, misterioz betetako baso ikusgarria zeharkatuko duzu. Aldapa gora nahiko gogorra den arren, itzalpe ederrean igaroko zara. Basoa amaitzean, abandonatutako hainbat borda topatuko dituzu; handik, Erlorekin batera Kakutara igotzeko aukera ere izango duzu. Ez du galbiderik Erlok, gurutze erraldoi batek koroatzen baitu. Igo ondoren, merezitako atsedena har dezakezu Xoxoteko bordan; sagardoa eta arrautz frijituak patatekin!
UDAN GOZATZEKO TELESAIL MARATOIA: 'Outlander'
Uda garai bikaina da telesail maratoia egiteko. Amodioa, fantasia, historia eta erotika, dana batera nahastu eta irudi bikainez egindako koktel elegantea duzu Outlander telesaila. Movistar+en dituzu lau denboraldiak; Eskoziaren historia ezagutuko duzu gidoi original eta pertsonaia indartsuen bitartez. Highlandsetako kulebroi honi ekiteko prest?
FRESKATZEKO ERREZETA BAT: Txitxirioak kinoarekin
Beroarekin, entsalada besterik ez zaigu sartzen, baina letxuaz nazkatu bazara, hona errezeta erraz eta gozo bat; txitxirioak kinoarekin. Aurretik kozinatu (bereizirik) txitxirioak eta kinoa; hozten uzten dituzun bitartean, txikitu fin-fin tipula morea (tipulinak ere balio du), piper berdea, tomatea eta azenarioa. Batu dena, eta gehitu olio txorrot txikia. Urrezko ukitua emateko; gehitu zainzuriak!
ONDARTZARAKO LIBURU BAT: 'Analfabetoa', Iñigo Astiz
Ondartzan gozatzeko irakurketa bikaina duzue Iñigo Astizen bigarren poema liburua: Analfabetoa. Astizek mundua ikusteko erabiltzen dituen betaurrekoen prismatik deskribatzen du ingurua. Dena gaizki dagoenean ere, badelako zoriontasunerako tarterik. Positibotasun horrek on egingo dizu!
OPORRETARAKO PROPOSAMEN BAT: Utzi mugikorra etxean eta gozatu abenturaz!
Gomendio nahiko inozoa dela pentsatuko duzu, baina benetan, proba egitera animatzen zaitut. Uda honetan zoazen lekura zoazela, utzi mugikorra etxean, eta baliatu zaitez bestelako tresnez munduan zehar ibiltzeko. Ahaztu Googlemaps, TripAdvisor eta bestelako app-ak, eta berreskuratu errepide-mapak, galdetu jendeari, probatu jatetxe bat gomendiorik irakurri gabe... Sekulako abentura biziko duzula zin dagizut! Eta noski, argazkiak ateratzeko, erabili argazki kamera!