Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-15/@@download/image/bostgomendioak_home.jpg
2019/06/21

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen

DISKO BAT
Saudade É Fatal - Physis versus Nomos (2016)
Diskoak badu tristura puntu bat, baina oro har bere erritmo pausatuek epeltasun goxoa helarazten dute. Bizitzako borroketatik garaile atera ondoreneko melodiak dira. Auska horretan eroso mugitzen da Beñat Antxustegiren folk intimista. Argi du tristezia beharrezkoa dela poza bere osotasunean sentitu ahal izateko, edertasunaren argi-ilunak agerian utziz. Disko honek emozionatzen bazaitu, zu ere dozenaka gudetatik bizirik atera zarelako da.

DOKUMENTAL BAT
Instrument - Fugazi (1999)
Ostiral gaua da, baina ez duzu plan berezirik. Etxean gelditzea erabakitzen duzu. Hozkailutik garagardo botila bat hartu eta sofan esertzen zara. Atmosfera horretan ederki sartzen da Fugazi taldeari buruzko Instrument dokumentala. Talderen bat baldin bada horrelako dokumental bat merezi duena hori Fugazi da, bere garaiko talderik garrantzitsuena eta aldi berean gutxietsiena izan baitzen. Bertan taldearen 10 urtetako ibilbidea azaltzen da: elkarrizketak, entseguak, kontzertuak... Fugazi taldearen filosofia ulertzeko ezinbesteko pieza izateaz gain, 90. hamarkadan etorriko ziren hainbat talde ospetsu (Nirvana, Pearl Jam, At the drive-in, Rage against the machine, Pixies...) ulertzeko gakoa ere bada.

TELESAIL BAT
Chernovyl – Craig Mazin (2019)
Bost ataletako telesail laburra da bezain intentsua da. 1986an Txernobylen gertatutakoaz denok dakigu zer edo zer. Nola zentral nuklearrean leherketa bat egon zen eta horrek material erradioaktiboa zabaldu zuela Bielorrusia, Errusia, Ukrania, Escandinavia eta Europa Zentralera. Gordinki azaltzen du hau guztia telesailak, bere horretan, erakutsiz erradioaktibitatea bezain beste hedatzen direla gezurrak, kalte berdina edo handiagoa eginaz. Ezinbestekoa ahanzturan eror ez dadin historiako desastrerik handienetako bat.

LIBURU BAT
Ask the Dust – John Fante (1939)
30. hamarkadan kokatzen da eleberria eta Arturo Bandini, idazle izan nahi duen pertsonaiaren pentsamendu eta anekdotak kontatzen ditu. Bandini Los Angeles bizirauten dabil. Bere lehen kontaketa argitaratu ondoren arrakastaren zain dago, errekonozimendu artistikoaren esperoan. Idazteko moduan ohartuko zara Bukowski-rengan sekulako eragina izan zuela eleberri honek, horrenbesteraino ezen egungo edizioetan azaltzen den hitzaurrea berea baita. Esan genezake Fante izan zela errealismo zikinaren aitzindaria.

ARGAZKILARI BAT
Beris Photography @berisphotography
Ainhoa Beristain izena beharbada ez zaizu ezaguna egingo, agian Beris Photography sinadura ere ez, baina ziur bere argazkiak hainbatetan ikusi dituzula. Azkoitiar hau Matadeixen egon ohi da bertatik igarotzen diren taldeak betikotzen, gehienetan zuri beltz indartsuan. Abila da kontzertuko unerik hunkigarrienak harrapatzen, betiereko emozio etengabea transmitituz bere teknikarekin. Musika taldeen promozio argazkiekin ere ausartu izan da eta baita paisaiekin ere, baina batez ere kontzertuetako animalia da Beris. Bere argazkiak ikusteko gogoz gelditu bazarete klikatu hemen