Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-12/@@download/image/bostgomendioak_home.jpg
2019/05/24

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

DISKO BAT
Courtney Barnett - Tell Me How You Really Feel (2018)
Australiarra Euskal Herrira datorrela aprobetxatuta (maiatzaren 28an Biarritzeko Atabal aretoan) bere azken lana behin eta berriz entzuten dihardut eta hala ez bada Need a little time abesti bikainaren leloa ezin burutik kenduta nabil. Barnett-ek, bere lehen diskoko (Sometimes I Sit and Think, and Sometimes I Just Sit) arrakastaren ondoren, aipatu zuen ez dizkiola munduan jada dauden abestien multzo handiari beste batzuk gehitu nahi, bere abestiek zentzu bat izatea nahi duela. Bere hitzei fidel kantu sorta jostalari eta dotoreak dakartza disko honetan eta letrak inoiz baino konfesionalagoak dira. Hasiera batean oso disko sinplea dirudi, baina hain zuzen, hor datza bere maisutasuna. Sentimenduak hitz apal eta melodia ederretan jartzea ez baita lan makala.

DOKUMENTAL BAT
Alive Inside (Micahel Rossato-Benett, 2013)
Alzheimerra eramangarriagoa egiteko eta munduari konektatzeko eurentzat garrantzitsuak diren abestiak entzunez gaixoak nola pizten diren erakusten du dokumentalak. Ia hitz egiteko gai ez diren eta euren burua zein den ere ez dakiten pertsonak esnatzen ditu musikak, kantuan eta dantzan egiteraino iritsiz. Minutu batzuez bada ere, dementzia eta Alzheimerra ahazten dituzte euren nortasuna berriz ere besarkatuz. Hau guztia islatzen du dokumental triste bezain eder honek. Dan Cohen gizarte langileari jarraituz, eta bere bitartez, ikusi ahal izango da gaixoengan nola eragiten duten euren iraganeko abestiek, urteetan lo egon diren oroitzapen eta emozioak piztuz.

PELIKULA BAT
Errementari (Paul Urkijo, 2017)
Pelikula ona izateaz gain, Errementariren alderdi ederrena egungo zinema teknikak eta euskal folklorea naturaltasunez uztartzea da, misterioz eta umorez betetako atmosferak sortuz. Topikoetan erori gabe, euskara zaharra dute aktoreek ahoan, garaiko Euskal Herriaren alegiazko ikuspegia eskainiz. Ziur denok entzun dugula modu batera edo bestea Patxi Errementaria eta deabruaren arteko afera, baina ziur ez zaigula inoiz hain modu bikainean kontatu.

LIBURU BAT
On the Road – Jack Kerouac
Zenbait film egin badira ere Kerouac-en eleberri arrakastatsuenean oinarrituz, bakar batek ere ez du lortu liburuak darion freskotasuna eta bat-batekotasuna islatzea. 1951. urteko apirilaren 2tik 22ra bitarte idatzitako nobela hau idazlearen (liburuan Sal Paradise) autobiografia modukoa da, barne monologo moduan aurkeztua. Mexiko eta Estatu Batuetan zehar Kerouac eta bere lagunek burututako bidaiak kontatzen ditu: bertan drogak, musika, sexua eta liskarrak azalduko dira oso modu espontaneoan, jazz melodia inprobisatuak bailiran, idazleak burutik pasatzen zaiona filtrorik gabe idatziko du. Beat belaunaldiak utzitako maisulanetako bat dudarik gabe.

ARGAZKILARI BAT
Pierre Balancey @balatx
Ukituko gabeko natura modu basatienean erakusten digute Pierre Balancey-ren argazkiek. Iparraldeko abenturazale honek tontorrik zailenak igo eta itsasorik sakonenetan murgiltzen da kamera eskuan. Horri esker @balatx Instragram kontua jarraitzen baduzu bere abenturen berri lehen pertsonan izango duzu. Arnasarik gabe uzteko moduko argazkiak, naturaren handitasunean zein txikiak garen gogorarazten digutenak. Zoragarriak!