Asteburu honetan, Mangamore 2012 jardunaldiak Amorebieta-Etxanon

Asteburu honetan, Mangamore 2012 jardunaldiak Amorebieta-Etxanon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburu-honetan-mangamore-2012-jardunaldiak-amorebietaetxanon/@@download/image/201210101620mangamore.jpg
2012/12/13
berria
Manga eta anime kultura japoniarraren jarraitzaileek urteroko zita dute asteburu honetan Amorebieta-Etxanon. Stand-ak, bideojokoak, lehiaketak, tailerrak… ez dira faltako hiru eguneko egitarauan. 

Ureshi da Mangamore manga eta anime jardunaldietako maskota edo irudia. Jorge Claver Rodriguez gazte nafarrak sortutako maskota horixe izango da ostiralean ekitaldiei hasiera emango diena, eta ostiralean, larunbatean eta igandean Euskal Herriko nahiz atzerriko jarraitzaileak hurbilduko dira Amorebieta-Etxanora.

Egitarau potoloa prestatu dute antolatzaileek, eta uneoro zabalik izango diren stand, erakusketa, bideojoko, karaoke eta beste hainbat eskaintzaz gain, egun bakoitzerako jarduera bereziak aurreikusi dituzte.

Egunez egun
Ostiral honetan, urriak 12, arratsaldeko 17:00etan emango diete hasiera ekitaldiei. Iluntzeko 21:00ak bitarte, papercraft, yukata eta anbu maskarak egiteko tailerrak egingo dituzte, eta eszenatokian, halaber, J-Pop bideoak, Para Para, koreografiak eta Cosplay erakustaldiak (manga jantzien erakustaldiak, alegia) izango dira. Adituek ere euskara eta manganimeari buruz eztabaidatzeko aukera izango dute.

Larunbata egun handia izango da. Tailerrei dagokienez, besteak beste, sukaldaritza, shogi, shiatsu eta origami ikastaroak egiteko aukera izango dute bertaratuek; ezsenatokian friki jolasak eta taiko erakustaldia, besteren artean, egingo dituzte, eta aikido, karate eta capoeira ikasteko aukera ere izango da. Adituek, bigarren egun honetan, kimonoa nola jantzi aztertuko dute.

Azkenik, igandean, tailerrekin jarraituko dute, eta Yu gi oh — Japoniako manga telesaila da— oinarritutako txapelketan parte hartzeko aukera ere izango da.

Dena den, egitarau osoa ikusi nahi baduzu, sartu hemen.