Asteburu honetan izango da Nafarroa Oinez

Urriaren 16an eta 17an hartuko du Lizarrak euskararen aldeko Nafarroa Oinez jaialdia, Hegan oinez lelopean. Aurtengo jaiak formatu txikia izango du eta jardunaldi bakarrean egin ordez, bi egunetan egingo da eta aurreikusitako ekintzak larunbat eta igandean banatuko dituzte. Gainera, aurten ez da gune guztiak zeharkatuko dituen ohiko ibilbiderik egongo eta ezta sarrerarik ere, hortaz, Nafarroa Oinezera hurbiltzen direnak hiriko puntu desberdinetan libreki mugitu ahalko dira.
Lizarrako Nafarroa Oinezen egitaraua hiriko zazpi espaziotan gauzatuko da. Urriaren 16an, larunbata, Foru eta Santiago enparantzetan, eta urriaren 17an, igandea, ikastola, Los Llanos parkea, Remontival pilotalekua, zezen-plaza eta Los Llanos Kulturaguneko lorategiak ere erabiliko dituzte.
Informazio puntuei bestelako funtzioa emango diete eta ibilbideko sarreretan egon ohi diren kutxak jarriko dituzte bertan, nahi duen orok bere ekarpena egin dezan. Puntu hauek egitaraua gauzatuko den tokietan kokatuko dituzte.
Egitarauko ekintzei dagokienez, larunbatean artisau azoka, batukada, kalejira, txaranga, eta trikitilariak izango dira Santiago plazan. Foruen plazan, berriz, Euskal Joko eta Kirolak, antzerki tailerra, eta Lizarra Kantuz egingo dute.
Igandean ekintzaz beteko dituzte Lizarrako zazpi kokaleku. Kontzertuak egingo dituzte zezen-plazan, artisau azoka Santiago plazan, puzgarriak eta animazioa Foruen plazan, Urrezko Aizkoraren finala pilotalekuan eta Elikagaien taupadak ikuskizuna Los Llanos parkean. Ikastolan, berriz, bertsolariak, Ene Kantak, animazioa eta herri kirolak, Kantuz txiki, eta elikadura eta sukaldaritza tailerra izango dira. Amaitzeko, Los Llanos kulturguneko lorategian Nafarroa Oinezeko ekitaldia, euskal fitness, dantza garaikideak, dantza taldeen emanaldia,eta dantza kantatu eta dantzatua egingo dute.
Ikastola lagundu nahi duen orori, webgunearen bitartez ekarpen ekonomikoa egiteko gonbita luzatu zaio, ospakizunaren bitartez lortu nahi den helburuetako bat eskuratu ahal izateko.