Asteburu honetan hasiko da "Zinea eta emakumea" erakustaldia

Asteburu honetan hasiko da "Zinea eta emakumea" erakustaldia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburu-honetan-hasiko-da-zinea-eta-emakumea-erakustaldia/@@download/image/2012664716zinea_eta_emakumea.jpg
2012/12/13
berria
Asteburu honetan hasiko da "Zinea eta emakumea" erakustaldia
Aurtengoa 26. edizioa izango da, eta ekainaren 8tik 14ra bitarte luzatuko da. Iruñeako Golem zinema aretoan izango dira sail guztietako emanaldiak; den denak emakume zinemagileen lanak.

Izan ere, horixe da nazioarteko erakustaldi honek urtez urte mantentzen duen helburua: emakumezkoek egindako zinema ekoizpena erakutsi eta haien lana jende artera hedatzea. IPES Elkarteak antolatutako ekimena da, eta aurtengoan Patricia Ferreiraren Els nens salvatges lanaren emankizunarekin hasiko da. Malagako Zinemaldian 2012ko Film Onenarentzako Urrezko Biznaga irabazi du, hain zuzen.

Astelehenean, halaber, sail ofiziala hasiko da. Orotara lau film luze eskainiko dituzte beronen baitan, eta bakoitzak gai konkretu bat landuko du: ikasleek egiten duten prostituzioa, zoriontasuna, hogei urteko bi gazte marokoarren ametsak, eta Brasilgo mamu-herri bateko bizimodua. Emankizunak goizeko 11:00etan eta iluntzeko 20:00etan izango dira, eta film bakoitzeko gonbidatu bat izango da horietako bakoitzean.

Estatu mailan, emakumea eta zinea uztartzen dituen zinema erakustaldirik zaharrena da honakoa, eta Nafarroan eskaini ez diren lana hiriburura eramatea lortu izan du urtez urte.

Gainerako sailak


Dokumentalak
Ekainaren 11n eta 12an egingo dute dokumentalen saila, eta bi lan barneratuko ditu: bata Patricia Ferreirarena, eta bestea Oliva Costak zuzendutakoa. Emanaldiak 17:30ean izango dira.

Film laburrak
Ekainaren 13an film laburren txanda iritsiko da. Emankizunak arratsaldez egingo dituzte, Golem aretoko Yamuguchi zinema-tokian, iluntzeko 22:30ean hasita.