Aste santurako aholkuak

Aste santurako aholkuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aste-santurako-aholkuak/@@download/image/6p22-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Euskal Herrian barrena bidaiatzeko aholku batzuk emango dizkizuegu

Araba
• Arabako Errioxatik hasiko gara. Bai ederra hango ardoa, ezta? Biasteri aldera joko dugu. Herriak Erdi Aroko usaina du eta hango kaleetan paseoan, zaldunen bat ezpata eskuan duela ageriko zaigula pentsatuko dugu. Santa Maria de los Reyes eliz zaharreko aurrealdea margotuta dago eta urteek aurrera egin arren, jatorrizko koloreei eutsi die. Herrian bertan zenbait bodega bisitatzeko aukera dago, batzuk oso zaharrak. Handik gertu, Burgos eta Araba artean, Ran arroila dago eta jaitsierak egin daitezke. Ostatua: "Erletxe" (941121015) eta "Larretxori" (941600763) landa etxeak.
• Arabako mendebaldean Valderejo natur parkea dugu. Lau herri ditu parkeak, Lahoz, Lalastra, Ribera eta Villamardones, baina gaur egun lehendabiziko bietan baino ez da jendea bizi. Naturarekin eta animaliekin gozatzen dutenentzat leku egokia da Valderejo. Izan ere, putreak bizi dira hemen. Vallegrull mendiko amildegietan, esaterako, saien habiak ikus daitezke, prismatikoez baliatuta. Jakina, mendi txango ederrak egitea ere badago. Ostatua: Valderejotik gertu, Boveda herriko "Herranetxe" (947353182) landa etxea.
Bizkaia
• Biasterik bezalaxe, Balmasedak ere Erdi Aroko kutsua du. Zubi zaharra eta gotiko berantiarreko eliza ikusi beharrekoak dira. Dena den, eta prozesioak gustukoak ez izan arren, Balmasedara Aste Santuan joanez gero, ez da bertako segizioa galdu behar. XV. mendean sortutako ohitura da Balmasedako prozesioa eta garaiko kronikek diotenez, izurrite larri baten ondoren egiten hasi zen. Aipatzekoa da garai batean Euskal Herriak aduanak zituela Gaztelarekin eta aduana hauetako bat hemen zegoela, zubi zaharraren ondoan. Ostatua: Balmasedatik gertu, Sopuertan, "Andima Zahar" (946504077) eta "Lezamako Etxe" (946504237) landa etxeak, eta Balmasedan bertan "Begoña" ostatua (946102326).
• Naturan murgilduko gara berriro ere. Bizkaiko kostaldea ikaragarri polita da; Galea lurmuturra, San Juan de Gaztelugatxe, Elantxobe, Lekeitio... Hala eta guztiz ere, Urdaibai itsasadarra nabarmenduko dugu. Urdaibai Bermeo eta Gernika artean dago, biosfera erreserba da 1984. urtetik eta, beraz, babestuta dago. Padura eta itsaslabar ederrak dituzue bertan eta horrez gain, Euskal Herrian ia erabat galdutako Kantauri aldeko artadiak. Gernikan ere historian barrena ibiltzeko aukera izango duzue, baita parranda egitekoa ere, eta kostaldean Laga eta Laida hondartzak daude. Ostatua: Arteagako "Zelaieta" (946251013) eta Errigoitiko "Madalen Aurrekoa" (946254631) landa etxeak, eta Mundakako Portuondo kanpina (946877701).
Gipuzkoa
• Orio eta Zarautz lotzen dituen errepidetik Pagoetako natur parkera joan daiteke. Eremu hau babestuta dago eta zuhaitzei dagokienez, oso aberatsa da. Ildo honetatik, parkea hobeto ezagutzeko, azalpenak eskaintzen dituen zentroa dago. Babestuta dagoen arren, nork bere jana eramanda, bertan jateko lekuak daude. Ibialdiak egiteko bideak ere badaude eta beraz, naturarekin gozatzeko aukera paregabea da. Agorregiko errotak eta ola bisitatu beharrekoak dira. Ostatua: natur parke gehien-gehienetan bezala, gau bakar batean akanpa daiteke Pagoetan. Inguruetan: Zarauzko "Berazadi Berri" (943833494) eta "Gaikoetxe" (943132900) landa etxeak eta hiru kanpin, Orion (943834801) eta Zarautzen ( "Gran Camping Zarautz"- 943831238- eta "Talai Mendi -943830042).
Nafarroa
• Nafarroako iparraldean, Bertizaranako inguruetan denetarik dugu egun batzuk pasatzeko: mendiak, herri ederrak, istorio zaharrak, dorretxeak... Zerrenda amaigabea egin beharko genuke inguruotan ikus daitezkeneekin. Guk proposamen bat egingo dizuegu: Arizkunera joan zaitezte. Bertan, Bozate auzoan agotak bizi omen ziren. Inork ez daki zehatz-mehatz zeintzuk ziren agotak, baina kontua da mende luzez baztertuta bizi izan direla. Arizkun eta Bozate artean, bestalde, Ursuatarren dorretxea ikusi ahal izango duzue; bertakoa zen Pedro de Ursua, Ameriketan, El Doradoren bila abiatu zen espedizioburua. Jakina denez, beste euskaldun batek, Lope de Agirre oñatiarrak, Pedro de Ursua hiltzea agindu zuen. Ostatua: Erratzuko Baztan kanpina (948453133). Bertizaranako landa turismo bulegoa: 948592386.  
• Erriberri Nafarroako erresumako historiarekin estu lotuta dago. Hemen dago, esaterako, Carlos III. Nafarroako erregearen gaztelu-jauregia. Ederra benetan. Hala ere, erromatarren eta gotoen aztarnak era badira Erriberrin. Horrez gain, bi eliz ditu: Santa Maria, gotikoa, eta San Pedro, aurrealde eta klaustro erromanikoak dituena. Erriberritik gertu, Pitillaseko aintzira duzue, txoriak ikusteko toki aproposa, eta baita Olibako Monastegia ere. Ostatua: "Camping Ciudad de Olite" (948740604). Turismo bulegoa: 948741703.
Lapurdi
• Euskal Herrian kobazulo ugari dago, baina ezagunenak, Zugarramurdi eta Urdazubikoez gain, Sarakoak dira. Hemen ibili zen Joxe Miel Barandiaran ikerlaria. Historiaurreko aztarnak topa ditzakegu Sarako lezeetan: iltzeak, hezurrak, hortzak... Bestalde, garai batean akelarreak egiten omen ziren hemen. Gidatutako bisitak egiten dira. Ostatua: "Ferme Goyenetche" kanpina (59542171), eta "Pikassaria" (59542151) eta "Lastiry" (59542007) ostatuak, nahiko merkeak.
Nafarroa Beherea
• Nafarroako Behereko hiriburua, Donibane Garazi, herri zoragarria da eta Nafarroako Erresumaren historiari estu lotua. Kaleetan barrena paseoan ibiltze hutsak merezi du zinez: harresiak, gotorlekua, Nafarroako Gorteen Etxea... Dena den, bi bisita aholkatuko dizkizuegu. Batetik, Apezpikuen Presondegia. Izan ere, Donibane Garazi apezpikuen egoitza izan zen. Presondegian, besteak beste, lurrazpiko aretoa, zaindarien gela eta ziegak ikus daitezke. Bestetik, Grevin Museoa ere bisita daiteke: mosketeroak, kortsariak, arrantzaleak, Luis XIV. Frantziako erregearen ezkontza... Ostatua: Etchegoin aterpe/hotel merkea (59371208), Hotel des Rempats ostatua (593713-79), eta Plazza Berri kanpina (59371-19). Etxeak eta apartamentuak ere alokairuan har daitezke: 59370357. 
Zuberoa
• Zuberoa paradisua izan daiteke abenturazaleentzat. Batez ere, bi kirol egin daitezke hemen; rappela eta arroilak jaistea. Hamaika arroila daude Zuberoan. Holtzarte, Altzaineta, Holadubi... Azkeneko hau bisitatzea proposatuko dizuegu. Holadubiko haitzartea Logibarretik hogei minutura dago oinez eta bost kilometroko luzeera du. Arroila jaisteko asmoa baduzue, materiale egokia eraman behar duzue, neopreonozko jantzia tartean. Izan ere, arroila bukatu arte ez dago bertatik ateratzerik. Dena den, arroilarik ezagunena, zalantzarik gabe, Kakuetakoa dugu. Ostatua: Larrañeko Ixtila kanpina (59286309). Kakuetako arroilari buruzko informazioa: 59287344.