Asel Luzarragaren aldeko kontzertua

Asel Luzarragaren aldeko kontzertua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asel-luzarragaren-aldeko-kontzertua-2/@@download/image/20103172028Asel.jpg
2012/12/13
berria
Asel Askatu taldeak kontzertu akustikoa antolatu du Bermeoko Kafe Antzokian, hilaren 27an, larunbata. Ruper Ordorikak, Mikel Urdangarinek, Joseba Tapiak, Gatibuk, Ken Zazpik, Joseba Irazokik, Kerobiak, Pettik, Txuma Murugarrrenek, OSTek, The Uski's-ek, Asier Serranok eta Leire Saituak parte hartuko dute. Edorta Jimenezek eta Irati Jimenezek gidatuko dute kontzertua. Sarrerak hamar eurotan jarri dituzte salgai. Jasotako dirua Luzarragari auzia eragiten ari zaizkion gastuak ordaintzeko izango da.


Ekimenak salaketa badakarrela, baina era berean elkartasun kontzertua ere badela adierazi dute Asel Askatu taldeko kideek. "Asel ezagutzen dugunok badakigu pertsona sano erreflexiboa dela, langilea, koherentea eta konprometitua bere idealekin. Oso era aktiboan jarduten du injustiziak salatzen zein hurkoen bizimodua hobetzen. Besteak beste, Txileko maputxeen kausa defenditzen du. Biolentziarik ezaren aldeko konpromisoa agertu du hala berbaz nola lumaz". Joan den urteko abenduaren 31n atxilotu zuten Asel Luzarraga Txilen, atentatu batzuetan parte hartu izana egotzita. Hilabete eta erdi kartzelan igaro ostean, etxeko atxiloaldi egoeran dago orain, epaiketaren zain.