Artista italiar batek 15.000 eurotan saldu du bere eskultura ikusezina
Salvatore Garau artistak italiarrak ikusezina den eskultura bat saldu du 15.000 euroren truke. Artelanaren izenburua Io sono (Ni naiz) da, eta ikusi edo ukitu ezin daitekeen eskultura materiagabea da. Artistaren arabera, berak ez du "ezereza saldu, baizik eta hutsunea". Art-Rite etxeak maiatzaren 18an antolatu zuen enkanteko protagonista izan zen Garauren lana, eta artistak zenbait baldintza ezarri zituen salmentarako: eskultura norbanako baten etxean egotea, oztopo edo eraikuntzarik gabeko gela libre batean, eta 150x150 zentimetroko espazioan. Garauk bere obraren inguruan azaldu duenez, "hutsunea energiaz betetako espazioa da, eta hustu eta ezer geratzen ez bada ere, Heisenberg-en ziurgabetasun printzipioaren arabera, ezerez horrek bere pisua du. Beraz, kondentsatu eta partikula bihurtzen den energia du, hau da, gu bihurtzen da". Erosleak obraren izatea berresten duen garantia ziurtagiria jasoko du eta paper hori izango da ikusteko gai den gauza bakarra.
New Yorken ere beste obra ikusezin bat aurkeztu du, Afrodita Piange izenekoa; lurrean marraztutako borobil baten gainean kokatua dago eskultura materiagabea. Aurrez, Milanen ere instalazio materiagabea antolatu zuen eta bertan ipini zuen Buda kontenplazioan deituriko lana, perimetro zuriaren barruan. Antza denez, hortik abiatu zen existitzen ez den obra aurkeztearen ideia.
Artearen ibilbidea luzea da eta puntu honetara iritsi izana harrigarria bada ere, ready-made izeneko mugimenduak badu zerikusia. Honen arabera, erabilera arrunteko edozein objektu artelan bihur daiteke, artistak hala definitzen badu. 1917an Marcel Duchamp artistak pixalekua aurkeztu zuen, zineetan edo antzokietan egoten direnak bezalakoa; Fontana izena ipini zion eta maisulan artistikotzat jo zuen. Mende bat geroago, Garau artista italiarrak ezereza artelana izan daitekeela nabarmendu du, artistak hala esanez gero.