Artista gazteen erakusketa Garazin

Artista gazteen erakusketa Garazin https://www.gaztezulo.eus/albisteak/artista-gazteen-erakusketa-garazin/@@download/image/20111072727gazteartea.jpg
2012/12/13
berria
2011ko Itzal Aktiboa gazte sorkuntza sariaren bost finalisten obrak ikusgai daude urriaren 1etik azaroaren 1era bitartean

Arte Garaikidean lan egiten duten artista gazteei leiho bat ireki nahi izan die Itzal Aktiboa Elkarteak Euskal Kultur Erakundearen eta Donibane Garaziko Herriko Etxearen partaidetzarekin. Epaimahaiak ausardia, berritasuna, gogoa eta kalitatea baloratu ditu eta aurkezturiko egileen artean bost finalista aukeratu.

Bost finalista horien lanak Donibane Garaziko hiru lekutan egongo dira ikusgai urriaren 1etik azaroaren 1era bitartean: Apezpikuen presondegian, Zitadelako 7. zenbakian eta Zitadelako 22. zenbakian. Sari Nagusia, 2000 eurokoa, urriaren 14ean emango zaio bost finalista horietako bati. Donibane Garazi Hiriko saria ere banatuko da, publikoaren oharretan oinarritua.


Bost finalistak


Verónica Domingo Alonso 22 urteko da, Getxokoa, Areetakoa (Bizkaia). Bilbo eta bere ingurunearen arkitektura gogoratzen duen Txinako tintazko zirriborro sorta bat erakutsiko du.

Anne-Laure Garicoix 24 urtekoa da eta Donibane Garazin bizi da (Baxe Nafarroa). Akrilikoz, tintaz eta kolorezko arkatzaz eginiko La Chute d'Orlando Black izeneko margo handi bat erakutsiko digu.

Myriam Gesalaga Eizagirre 24 urtekoa da, Zarauzkoa (Gipuzkoa). Taula baten gaineko margoaren mugimendu indarraz inspiraturiko estanpa abstraktu sorta bat erakutsiko digu.

Zaloa Ipiña Bidaurrazaga 24 urtekoa, Bilbotarra (Bizkaia). Argi distira 7 izeneko argazkia erakutsiko du. Argazki hau, sorta baten parte da, argiari buruzko filma bat egiteko balio izan duena.
Andoni Maillard, 26 urtekoa, Arrangoitzekoa (Lapurdi). Araire 2000 izeneko eraikuntza erakutsiko digu. Obrak, gurdi baten itxura hartzen du, baina fetix gailu bilakaturik.