Artedrama laborategian

Artedrama laborategian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/artedrama-laborategian/@@download/image/20114209320Artedrama_txikia11.jpg
2012/12/13
berria
Artedrama Euskal Laboragiaren VI. edizioa ospatzen da Aulestin apirilaren 24tik 30era. Aktore, zuzendari, antzerkigile eta antzerkizale euskaldunei zuzenduriko topagunea. Tailerrak eta hainbat ikuskizun izango ditu ardatz.


Kartel txukuna osatu da aurten ere. Gisa honetako topaketei dagokien lez egile berriekin eta lan abanguardistekin osatua. Apirilaren 25ean Urki Muguruzaren "Munstroa" antzezlana eskainiko da, biziraupenerako lehiaren inguruko gogoeta bat. Apirilaren 26an Josu Martinez eta Txaber Larreategik Kristiane Etxaluz xiberutarra eta Alfonso Etxegarai bizkaitarraren arteko ezohiko harremanean oinarrituriko dokumentala aurkeztuko dute; "Sagarren denbora". Ostiralean Dejabu Panpin Laborategiaren "Gure bide galduak" antzezlanak Frankismoaren azken urteetan kokaturiko istorioa kontatuko du. Larunbatean Miren Gaztañagaren "Stereo" dantza ikuskizuna eta Metrokodroka taldearen “Herio Heroi” antzezlanaren txanda izango da. Igandean Joseba Aurkenerena eta Peio Chipiren "Iduzkilore" antzezlana egongo da ikusgai. Eta bukatzeko, astelehenean Donostiako Antzerki saria irabazi duen "Errautsak" antzezlana, Artedramak, Le Petik Theatre de Pain eta Dejabuk elkarlanetik sorturikoa.
Tailerrak ematen aktore eta ikerlariak arituko dira: Ainara Gurrutxaga, Miren Tirapu, Maria Urzelai, Miren Gaztañaga eta Iñake Irastorza. Antolakuntzak aditzera eman duenez dozena bat lagun inguruk eman dute izena dagoenekoz.
Aurkezpen ekitaldian "ekimen xume baina izpiritual garrantzitsutzat" jo zuen Laborategia Ander Lipus antzerkigileak. Ez dakigu izpiritualki zer egingo ote duten, baina antzeman daiteke giro eta ikuskizun politak izango dituela bertara gerturatzen denak.