Arte plastiko eta ikusizkoen 'Gure Artea' sariak izendatu dituzte

Arte plastiko eta ikusizkoen 'Gure Artea' sariak izendatu dituzte Dario Urzay, Damaris Pan eta Peio Aguirre izan dira aurtengo sarietarako aukeratuak. Udazkenean egingo dute sari banaketa ekitaldia. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arte-plastiko-eta-ikusizkoen-gure-artea-sariak-izendatu-dituzte/@@download/image/gurearteak21.jpg
2021/06/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Dario Urzay, Damaris Pan eta Peio Aguirre izan dira aurtengo sarietarako aukeratuak. Udazkenean egingo dute sari banaketa ekitaldia.
Arte plastiko eta ikusizkoen 'Gure Artea' sariak izendatu dituzte

Gure Artea arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko sariketa da eta hiru modalitate izaten ditu: ibilbide artistikoa aitortzeko saria, sorkuntza lana aitortzeko saria, eta arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2021eko Gure Artea sarietako irabazleak nortzuk diren jakinarazi du eta aurten Dario Urzay, Damaris Pan eta Peio Aguirre izango dira sarituak. 

Dario Urzay artista bilbotarrak 40 urte baino gehiagoko ibilbide profesionala egin du arteetan eta, epaimahaiaren hitzetan, "esperimentazioari irekita, azaleren plastika eta horretarako teknikak ikertzen ditu bere artelanetan, inprimaketa fotografikoak, erretxinak eta bernizak baliatuz, pintura esploratzen du, mikrotik hasi eta makroraino, biologikotik geologikoraino, irudiaren eta prozeduraren arteko interakzioaren problematikari jarraipena emanez, ikuslearen begirada inoiz ere ahaztu gabe, obra artistikoaren eraketaren funtsezko elementua den neurrian". Ibilbide artistikoaren saria aitortu diote epaimahaikideek. 

Damaris Pan mallabitarrak lan artistikoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaskuntza-lana uztartzen ditu. Epaimahaiak azaldu duenez, Damaris Panen obra piktorikoa "pausatua da, planoak eta koloreak gainjartzeagatik berezia,  eta umoretsua delako, itxurazko presentzia biluziaren atzean bere konplexutasun osoa ezkutatuz. Damaris Panek ihes egiten dio errepresentazio-asmoari, beste errealitate berrien bila ateratzeko".  Sorkuntza lana aitortzeko saria jasoko du mallabitarrak.

Azkenik, Peio Aguirre elorriar idazle, arte-kritikari, editore eta erakusketen koordinatzaile independentea da. Eragile bitartekari eta testuinguru-sortzaile lanetan eta euskal artisten sarea eratzen, garatzen eta balioztatzen egin duen lana nabarmendu du epaimahaiak. Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria eskuratuko du. 

Epaimahaia Alicia Fernandezek, Pello Irazuk, Ion Munduatek, Mikel Onandiak eta Jone Alaitz Uriartek osatu dute. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria izango du eta udazkenean egingo dute sari banaketaren ekitaldi ofiziala.