Arropa beganoa: arrakasta eta kontraesanen artean

Arropa beganoa: arrakasta eta kontraesanen artean 70. hamarkadako Dr. Martens botek egungo beganismoaren korrontearekin konektatzea lortu dute. Haatik, hegemoniaren aurkako mugimenduek hamarkadaz hamarkada marka horretako zapatak jantzi baditu ere, egungo larrurik gabe egindako botak merkaturatzea militantzia baino estrategia komertzial bat da gehiago enpresarentzat. Hain da horrela, marka britainiarren bota beganoen salmenta %279 hazi dela. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arropa-beganoa-arrakasta-eta-kontraesanen-artean/@@download/image/vegan-doc-martens.jpg
2019/10/24

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

70. hamarkadako Dr. Martens botek egungo beganismoaren korrontearekin konektatzea lortu dute. Haatik, hegemoniaren aurkako mugimenduek hamarkadaz hamarkada marka horretako zapatak jantzi baditu ere, egungo larrurik gabe egindako botak merkaturatzea militantzia baino estrategia komertzial bat da gehiago enpresarentzat. Hain da horrela, marka britainiarren bota beganoen salmenta %279 hazi dela.
Arropa beganoa: arrakasta eta kontraesanen artean

Cruelty free moda indartsu dator. Haziz doan joera da ekoizpen zein kontsumoan. Larrua erabili gabe egindako arropek, fabrikazio prozesua ere zaintzen dute, inongo pausuetan ez dadin egon animaliarik inplikatuta.

Horrela, Gucci, Armani edo Versace bezalako marka ezagunek larrua ez erabiltzea erabaki dute; eta Zara eta H&M markek jasangarriak diren bildumak merkaturatu dituzte, arnas apur bat emanez gure planetari.

Maniobrak ordea, mesfidantza sortzen du. Marka hauek ez dute inoiz interesik agertu beganismoarekiko, baina horrela erakargarriagoak direnez mugimendura batu dira. Zintzotasun morala falta dela kritikatzen dute ahots batzuk.

Halere, uka ezinezkoa da arropa beganoa erostearen joera haziz doala. Joera horretan hiru faktorek hartzen dute parte: aldaketa klimatikoagatiko kezkak, animalien ongizatea eta osasunaren zaintza. Aktibistek hiru argumentu hauek erabiltzen dituzte beganismoa erakusleihoetan azal dadin.

80. hamarkada inguruan beganismoa anarkismoak sistema borrokatzeko erabiltzen zuen tresnetako bat zen, bai pentsamenduan, jarreran, zein janzkeran. Mende erdi geroago, beganismoa lubakietatik lifestyle traoletara pasa da Dr. Martens-en zola sintetikoen gainean. Egun beganismoa aldarrikatzea ez da deserosoa eta jende famatu ugari batu zaizkio.

Horrela, zaleak irabazteaz gain, garaiko moralean txertatu da beganismoa edertasuna kontzeptu unibertsalak berdefinitzera behartuz. Polita al da larrua? Behiak nola tratatzen dituzten YouTuben ikustea nahikoa da larrua ez erabiltzera edonor konbentzitzeko, bizirik dauden animalietatik erauzten baitute larrua arropa sortzeko. Beraz, argi dago planetarekin jasangarriagoa dela moda beganoa. Orduan orain zer, arropa beganoa estandarizatu behar litzateke?

Itzuli gaitezen testua irekitzen duen adibidera. Good On You marken printzipio etikoak ebaluatzen dituen aplikazioa da, eta honen arabera, Dr. Martens ez da nahikoa ona arrazoi hauengatik: energiaren eta uraren erabilerari buruzko politikarik ez du, soldata duinak ordaintzearen bermerik ez du eskaintzen (Txinan eta Vietnamen fabrikak ditu) eta larruaren erabilerari dagokionez, produktu beganoak txertatu baditu ere ez du gardentasunik eskaintzen erabiltzen dituen material alternatiboen inguruan. PVC-z eginak egon litezke, ingurugiroarentzat kaltegarriena den plastiko motaz eta inork ez daki.

Arropa beganoaren beste ordezko batzuk biskosa eta poliesterra dira, zeta edo artilearen testurak imitatzen dituzten materialak. Hauek oso kaltegarriak dira ingurugiroarentzat. Poliesterra mikroplastikoz osatzen da eta biskosa sortzeko prozedurak oso kutsakorrak dira. Hala eta guztiz ere PETAk, animalien aldeko erakundeak, material hauek alternatiba “etikotzat” dituzte.

Hain justu, hau mugimenduak dituen kontraesanetako bat da: beganoa ez da beti jasangarria. Halere, batzuk diote mugimenduaren haztea ekiditeko industriak sortutako amarrua edo sineskeria dela. Finean, poliesterra edo biskosa toxikoak badira ere, behi larrua baino gutxiago dira. Azken honen erabilerak negutegi efektuak sortzen duten gasen igoera baitakar eta baita uren kutsadura ere.

Argi dagoena da bi jarrerak bateragarriak direla. Arropa beganoak ingurugiroan inpaktu gutxiago sortu dezake, eta animaliak zaintzen dituen bitartean pertsonei kalte egin. Hortxe dago paradoxa. The Atlantic, Israeleko armada, bere soldadu beganoei borrokarako larrurik gabe egindako botak eta artilerik gabeko txapelak egin dizkie borrokara joan daitezen jakinik inongo animali ez dela kaltetua izan.

Beganoa larrurik gabeko egindako edozer izan daiteke, baina horregatik ez da etikaren sinonimoa. Horretarako, industriaren aldaketak jasangarritasunarekin parez pare joan behar luke. Neurri batzuk jada indarrean daude. Azken urteetan marka ugari sortu dira material birziklatuekin egindakoak eta langileen duintasuna bermatzen dutenak, beti ere noski, cruelty free etiketapean.