Arraytxiki web laborategia

Arraytxiki web laborategia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arraytxiki-web-laborategia/@@download/image/92p12array.jpg
2009/01/02
erreportajea
Gorka Julio
Arraytxiki web laborategia hainbat atariren bilgune izateko bokazioarekin jaio da. Bere baitan euskaltube.com, bildu.net, txioka.net, zerberri.com eta publikatu.com bildu ditu orain arte. Euskal Herrian IKT egitasmo berriak euskaraz garatzeko laborategia izan nahi du ARRAYTXIKIK.

Garapena
Arraytxikik (http://arraytxiki.com) tresna berriak sortuko ditu, baina horrez gain, lehenagotik abian direnen etengabeko hobekuntza bultzatuko du. Gainera, berrikuntzari lotutako atari irekia izanik, denetariko tresna teknologikoak sortzea du xede.

Akuariuma

Arraytxiki aterpetzen duen zerbitzariak badu beste atarientzako tokia ere. Hortaz, aplikazio edo webgune bat sortzekotan bazabiltza, Akuariumean har dezakezu ostatu, dohainik! Zure ideiaren zirriborroa bidali besterik ez duzu. Hori bai, euskarazko proiektuek, irekiek eta berritzaileek, erabateko lehentasuna izango dute.

Fish & Txips

Internet munduan lanean dabiltzan, edo sarearekiko interesa duten arrain txikiei, elkarren arteko komunikazio zuzena eskainiko diote Fish and Txips izeneko bilkurek. Ekimenaren sustatzaile eta lagunek hilero izaten dute hitzordua: lehen ostegunean, 20:00etatik aurrera, Donostiako Doka Kafe Antzokian.

Publikatu.com

Publikatu.com (http://publikatu.com) Arraytxiki Web Laborategiaren egitasmo publizista da. Bi zerbitzu mota ahalbidetzen ditu: iragarleek publizitatea zabaldu dezakete, batetik. Bestetik, edozein atarik Publikatu-n argitaratutako iragarkiak erakutsi ditzake. Iragarleek, Publikatuk eskaintzen duen zerbitzuari esker, Arraytxiki Sarea osatzen duten atarietan zabaldu ahal izango dute. Publikatuk, salneurri konpetitiboak eskaintzeaz gain, ekimen bakoitzak dituen beharren araberako erakusleihoak jartzen ditu iragarleen eskura.

Arraytxikiz gain, beste hainbat gune interesgarri aurkituko dituzu sare horretan: Zabaldu (http://zabaldu.com) albistegune ezaguna eta Blogari.net (http://www.blogari.net), blogak euskaraz sortzeko plataforma, adibidez

HARRITU GAITU


Iruña-Okako aztarnategiaren inguruan sarean sortutako polemikak harritu gaitu, hainbat webgune eta blogetan jarraipen handia izan baitu. Aipatzekoa da Sustatun argitaratutako mezu batek (http://sustatu.com) jasotako erantzun kopuru handia. Egia edo gezurra izan, ezin uka eztabaida piztu denik.

KATXONDOENA


Hainbat erabilpen modu dituzten Wifi gailu bereziak sortzen ari dira azkenaldian. Wifi bidez sarean sartu eta informazioa emateko hainbat modu eskaintzen dituzte. Chumby (http://chumby.com)  programa daitekeen ukimen-pantailadun gailua, edo Nabaztag (http://nabaztag.com) untxi inteligentea dira ezagunenak.

INFORMAZIO BILA



Euskal Herriko selekzioaren aldeko gune dinamikoa (http://naziobatselekziobat.org/) duzue hau. Euskal selekzioei buruzko informazioa eta aldarrikapenak biltzen ditu atariak. Horrez gain, gure blog edo webguneetara eramateko moduko banner eta irudiak eskaintzen ditu eta, baita eztabaidatzeko aukera ere, mezuetan erantzunak utziz.