Arrakasta, nor(bera) izatea

Arrakasta, nor(bera) izatea Arrakastaz eta identitatearen eraikuntzaz hausnartzeko gonbita egiten duten bi liburu ekarri ditugu atal honetara. Gizarteak marrazten dituen bideetatik haratago, norberarena bilatzearen premiaz eta ingurukoek hori ikusi eta babestearen ezinbestekotasunaz gogoeta egiteko parada emango dizute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arrakasta-nor-bera-izatea/@@download/image/luma.jpg
2024/08/16
erreportajea

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta @mailegetx

Arrakastaz eta identitatearen eraikuntzaz hausnartzeko gonbita egiten duten bi liburu ekarri ditugu atal honetara. Gizarteak marrazten dituen bideetatik haratago, norberarena bilatzearen premiaz eta ingurukoek hori ikusi eta babestearen ezinbestekotasunaz gogoeta egiteko parada emango dizute.
Arrakasta, nor(bera) izatea

Irati Goikoetxearen Nor eleberri laburrak identitatearen inguruko gogoeta egiten du eta, batez ere, egoerak planteatu eta galderak egiten ditu.

Hamalau urte inguruko bost nerabe dira liburuko protagonistak, eta atal bakoitzean irakurlea pertsonaia bat edo biren bidelagun izango da, euren barne-mugimendu edota egonean barna. Erantzun gabeko galdera asko dituzte gaztetxoek, eta beraien nortasuna garatzeko bidean oztopoak, irrikak, irainak, ulertuak eta ikusiak izateko zailtasunak eta babesa topatuko dituzte.

Hainbat gai edo bizitzako alderdi jorratzen dira liburuan: nortasuna, sexu-identitatea, onarpena eta ukapena, tratu txarrak eta tratu onak, maitasuna, laguntasuna, enpatia, errespetua, beldurra, familia, eskolako giroa eta harremanak…

Bost protagonistek geure burua ispiluan begiratzeko parada ematen digute eta baita nerabezaro garaiko gure bizipen eta izatera itzultzeko ere. Liburua kolpe batean irakur daiteke, baina patxadaren laguntzaz, geruza ezberdinak aurki daitezke eta norbere buruari galderak egiteko eta hausnartzeko galdera-sorta ere bada liburuan jasoa.

Karmele Gorroña Irrimarra-ren ilustrazioek ez dute istorioa janzteko bakarrik balio, adierazkortasun handikoak dira eta ilustrazioek eurek bakarrik ere badute zer esana.

Gizarteak normaltzat jotzen ez dituen jokamolde eta nortasunak zigortzeko edota baztertzeko joera izaten du, denok uniformizatzeko bidean. Inposatutako markoan kabitzeko ahalegina egin beharrean, norbera izatearen aldeko hautua egitea eta, era berean, ingurukoek gu ikustea eta guk ingurukoak ikustea ere nahitaezkoa dela gogorarazten du liburuak.



Izenburua: Nor
Egilea: Irati Goikoetxea
Argitaletxea: 1545
Orrialde kopurua: 139

Arrakastaren arrastoari erreparatzen
Jasone Osorok, berriz, Arrakasta saiakeran euren ibilbidean arrakasta izan duten hamaika lagun elkarrizketatu ditu: Joxemari Agirretxe Porrotx pailazoa, Eneko Atxa sukaldaria, Izaro Andres musikaria, Harkaitz Cano idazlea, Eva Domingo kazetaria, Maider Egues kazetaria, Jon Garaño zinema-zuzendaria, Aizpea Goenaga antzerkilaria, Markel Irizar txirrindularia, Itziar Ituño aktorea eta Gorka Urbizu musikaria.

Bakoitzari bere esperientziaren inguruan galdetu dio Osorok: haurtzaroaz, kritika nola kudeatu duten, porrotik izan al duten… Elkarrizketak osorik ekarri beharrean, eurek kontatutakoa zortzi ataletan banatu du: haurtzaroa, izaera, aliantzak, kritikak, sabaiak, sormena, porrota eta arrakasta.

Arrakasta zer den definitzea norberaren araberakoa dela uste du Osorok, aldakorra ere bai, baina bi alderditan banatu du nagusiki: bata, kanpo begiradatik sortua, kuantitatiboa dena, produktibitatearekin, ospearekin eta errentagarritasunarekin lotua; eta bestea, barrukoa, ongizatearekin, autoestimuarekin eta ilusioarekin zerikusia duena. Lotura duten arren, garrantzia eta asebetetze maila ezberdina izan dezakete norberaren baitan.

Arrakasta lortzeko formula magikorik ez dagoen arren, hiru zutabe nagusi nabarmendu ditu: geure burua ezagutzea, eta gure desirak, gaitasunak eta mugak jakitea; aliantzak, hau da, inguruan aurkitzen ditugun eskuak edo oztopoak, nor daukagun ondoan eta nola, zein dugun erreferente etab.; eta borondatea, daukagun guztiarekin zer egiten dugun, ekin ala ez, ausarta izan ala ez, beldurrari gailentzen utzi ala ez.

Hamaika lagun hauen testigantzek eta bizi-esperientziek argi uzten dute norbere barruko izanari eta nahiari kasu egitea, norbere buruan sinestea, lan egitea, oztopoak gainditzeko eta bidea une oro maldatsua izan ez dadin testuinguru lagungarria izatea, eta borondateari eusteko indarra ezinbestekoak direla. Atera dudan ondorio nagusiena? Arrakastarik handiena norbera izatea dela, eta norbera izaten laguntzen diguten horiez inguratzea.



Izenburua: Arrakasta
Egilea: Jasone Osoro
Argitaletxea: Elkar
Orrialde kopurua: 197