Aroa Arrizubietak jantzi du Arabako Bertsolari Txapelketako txapela

Aroa Arrizubietak jantzi du Arabako Bertsolari Txapelketako txapela Manex Agirrerekin kantatu zuen buruz burukoan gasteiztarrak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aroa-arrizubietak-jantzi-du-arabako-bertsolari-txapelketako-txapela/@@download/image/aroa.jpeg
2024/03/18
Manex Agirrerekin kantatu zuen buruz burukoan gasteiztarrak.
Aroa Arrizubietak jantzi du Arabako Bertsolari Txapelketako txapela

Larunbat arratsaldean jokatu zen, Gasteizen, Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Honako hauek aritu ziren bertsotan: Gasteizko Aroa Arrizubieta Barredo; Aramaioko Peru Abarrategi Sarrionaindia, Manex Agirre Arriolabengoa eta Paula Amilburu Izargarai; Abetxuko Iñaki Viñaspre Simon, eta Urretxu/Gasteizko Asier Otamendi Alkorta.

Sei bertsolarien ariketa puntuagarriak bukatuta, Aroa Arrizubieta eta Manex Agirre pasatu ziren buruz-burukora, eta azkenean Arrizubieta izan zen garaile 614,5 punturekin. Puntu bateko aldea atera zion bigarrenari.

Xabi Rico Iturriotzek jantzi zion txapela txapeldunari.  Gasteizko Bertso Eskola sortu zuen 1982an, beste batzuekin batera eta bertso eskolako irakasle, bertsolari, eta beste hainbat lanetan ere aritu izan da. 

Nierves Del Alamo aritu zen aurkezle lanetan eta Oier Suarez, berriz, gai-emaile. Finalean bost lagun izan ziren epaimahaian: Fernando Sopelana, Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Iker Elexpuru eta Patzi Aizpurua. Idazkari lanetan, berriz, Endika Jimenez aritu zen.

Hauxe izan zen Arrizubieta txapeldunaren agurra:

Promesa haundiz ahoak betez
ari dira bonbak lehertzen
eskubideak murrizten eta
jendea etxegabetzen
nola nahi dute honen aurrean
geldi geratu gaitezen
nahiz ta betatzen ari zaizkigun
berdin Bilbon zein Gasteizen
sinisten dugun honetan irmo
dihardugu GKSn
politiko ta enpresen
aurrean altxatuz ezen
egungo gazte belaunaldien
zeregina ez ote zen
borrokatzea bihar gaur baino
hobeto bizi gaitezen.