Aro berri baten hasiera

Aro berri baten hasiera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aro-berri-baten-hasiera/@@download/image/sarezulo_138_1361455902.jpg
2013/03/04
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez @aldakur
Zeelanda Berrian eta ikuskizun polemiko samar batekin aurkeztu zuten urtarrilean Mega zerbitzua, Megaupload ordezkatzera eta hodei konputazioa irauli nahian datorrena.


Urtebete igaro da Megaupload zerbitzu ospetsua itxi zutenetik. Egile eskubideen denfentsan oinarrituta, Ameriketako Estatu Batuetako FBIak Kim Schmitz –Kim Dotcom ezizenaz ezaguna–, eta proiektuaren beste sortzaileak kartzelara bidali zituen; eta zerbitzua bertan behera utzi, noski.

Hilabete hauetan, baina, argi geratu da ezin dituztela Sarean fitxategiak elkarbanatzeko aukera eskaintzen duten zerbitzu guztiak akabatu, edo ez dutela nahi. Izan ere, Megaupload desagertu ostean hainbat aukera berri sortu dira eta, beraz, ez dugu Internet bidez musika edo filmak deskargatzeko ahalmena galdu.
@KimDotcom eta enparauek, espetxetik atera bezain pronto, baliabide berri bat diseinatzeari ekin zioten eta, horrela, Megauploaden bortxazko agurraren lehen urteurrenean Mega aurkeztu dute, www.mega.co.nz helbidean, hain zuzen ere.

Mega honek erregistratutako erabiltzaile bakoitzari 50 GB eskaintzen dizkio doan. Kontuan hartu, orain arte, antzeko zerbitzuek (Dropbox, Google Drive, Ubunutu One)  2 eta 5 GB arteko biltegia eskaintzen zutela eta dutela; aldea nabarmena da, hortaz. Gainera, besteen kasuan gertatzen ez den bezala, Megara igotzen ditugun fitxategi guztiak zifraketa baten bitartez babesten dira, RSA 2048 bit-eko algoritmoan oinarrituta. Babes neurri honen ondorioz, pasahitza ezagutzea ezinbestekoa da edozein fitxategi eskuratu ahal izateko. Sistema honek gure datuen erabateko pribatutasuna bermatzen du eta, 50 GBeko edukiera dugunez eskura, gure disko gogorreko babes-kopiak Sarean modu seguruan biltzeko zerbitzu aproposa da Mega, besteak beste.

Zifraketa honen helburu nagusia, ordea, datuak babestetik haratago, @KimDotcom-ek eta bere langileek igotzen diren fitxategien edukia ezagutuko ez dutela bermatzea da. Alegia, hemen, edukiak erabiltzaileen ardura dira, ez Mega proiektuarenak, azken honek ez baititu ezagutzen. Horregatik, legea urratzen duen fitxategirik baldin badago tartean, erabiltzailea izango da hauen erantzule bakarra. Gauzak horrela eginda, arazo judizialak saihestu nahi dituzte edo, beste modu batera esanda, @KimDotcom-ek eskuak garbitu nahi ditu.

Beste berrikuntzetako bat zerbitzuaren arkitektura da, sare banatuen sistema baitu oinarri. Ez dago zerbitzari nagusi bat, baizik eta nodo edo puntu ezberdinak, eta honela, fitxategiak munduko hainbat zerbitzari ezberdinetan gordetzen dira. Beraz, FBI-ak @KimDotcom-en proiektu berria zapuztu nahi izango balu, operazio bat baino gehiago beharko luke, zerbitzari bakar bat zentsuratzea ez baita nahikoa.

Edozein kasutan, @KimDotcom-en asmo berriaren hasiera besterik ez da Mega hau. Datozen hilabeteetan, filmeekin eta musikarekin lotura zuzena duten hainbat zerbitzu argitaratuko ditu, eta merkatua hankaz gora jarriko du, ziur.

INFORMAZIO BILA



Azpitituluak euskaraz
Telesailak eta filmak bertsio originalean ikusteak abantaila handiak dakartza, baina azpitituluak gaztelerazkoak ala frantsesezkoak izaten dira gehienetan. Helbide honetan euskarazko hainbat aukera aurkituko dituzu.

HARRITU GAITU



FirefosOS
Mozzilla fundazioa, Firefox nabegatzailearen sortzailea, abentura berri batean murgildu da, smartphonentzako sistema eragile bat sortzeko, hain zuzen ere. FirefosOS honek, orain arte iPhone OS-ek eta Android-ek menderatu duten merkatuan lekutxo bat lortu nahi du.

KATXONDOENA



Lupulu
Etxean garagardoa nola egiten den jakin eta ikasi nahi duen jendeari informazioa emango dion proiektua.