Arnasa hartu!

Arnasa hartu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/arnasa-hartu/@@download/image/71p39.jpg
2007/02/02
erreportajea
Nerea Lizarralde
Arnasa hartu!
Gizarte modernoetan tentsioan bizi gara. Edozertarako estu eta larri eta presaka ibiltzea da ohikoena: jan, lan egin, ikasi, leku batetik bestera mugitu... Oraingo bizimoduak horretara behartzen omen gaitu. Hau da hau estresa! Estresa  kontrolatzeko, azkenaldian oso modan jarri dira ekialdetik datozkigun erlaxazio teknikak. Ezagutzen al dituzu?                                       

Pilates metodoa, Hollywoodeko izarren teknikarik gogokoena
Erresistentzia, malgutasuna, indarra eta kontrol mentala bateratzen ditu Pilates metodoak. Kontzentrazio eta diziplina handia behar da. Bizkarrezurra eta giharrak sendotzeko gomendagarria da teknika hau. Joseph Pilates alemaniarra izan zen asmatzailea; jaio zenetik, Pilatesek asma, erreuma eta antzeko gaixotasunak izan zituen, eta horregatik, gorputza indartzeko teknika baten bila ibili zen. I. Mundu Gerran Ingalaterran preso zegoela, erizain lanetan ibili zen.

Pilates metodoa jarraitu zutenek 1918ko izurri handia saihestu zutela diote. Hitlerrek berak Alemaniako armada entrenatzeko eskatu zion, baina Pilatesek AEBetara ihes egin zuen. XX. mende bukaeran, modan jarri zen Ingalaterrako eta AEBtako modeloen, musikarien eta aktoreen artean.

Tai-xia,
espirituaren kirola
Kondaira baten arabera, duela 800 urte, Chan Shan Feng izeneko monje taoista batek, Wudango mendi sakratuetan, suge eta hegazti baten arteko borroka ikusi zuen. Sugeak, mugimendu arin eta motelekin, hegaztiaren erasoa saihestea lortu zuen; hegaztia leher eginda joan zen, harrapakinik gabe. Pasadizoak garbi uzten du filosofia honen helburua: lasaitasuna eta auto-ezagutza, bortizkeriarik gabe eta boterea erakutsi beharrik gabe.

Tai-xiak ("Tai" akzioa da eta "xi", barne energia) antzinako borroka tekniketan du jatorria. Gaur egun, espirituaren borroka artetzat jotzen dute. Arnasketa sakona eta mugimendu arin eta patsadatsuak dira tai-xiaren berezitasuna. Tai-xiak hainbat gaixotasunen arriskua alde batera uzteko eta sendatzen laguntzeko balio duela agerian geratu da mendeetan zehar; batez ere, metabolismoarekin, tentsioarekin, arnas aparatuarekin eta bihotzarekin lotutako gaitzak saihesteko da ona.

Shiatsu-a, Txinako eta Japoniako masajea

"Shi" (hatza) eta "atsu" (presioa). Gorputzaren eta espirituaren arteko desorekari aurre egiteko masajea da. Gure energia toki batzuetan blokeatzen denean edo ahuldu egiten denean, sufritu egiten dugu. Shiatsu teknikak gorputzaren harmonia berreskuratzen lagunduko digu.

Qi gong/XI kung teknikak, energiaren gimnasia

Txinako medikuntza tradizionalean, duela 2.000 urte hasi ziren teknika hau lantzen. Akupunturan bezala, xi kungak, gure gorputzean, xi-aren sare energetiko bat dagoela sinisten du. Hiru ideiatan oinarritzen da: mugimenduaren kontrola (naturala, geldoa eta lasaia), arnasaren kontrola (geldoa eta ariketekin sinkronizatua) eta pentsamenduaren kontrola (energia gorputzaren barnealdera bideratzen duena).

Hainbat mugimenduren gimnasia da. Ez da esfortzu fisikorik egin behar, eta arnasa poliki hartzea da kontua. Izan ere, erlaxaturik eta lasai gabiltzanean, naturarekin harremanean jartzea lortzen dugu.

Yoga, ezagutu zeure barneko mundua

Mendebaldean, ziurrenik, teknika ezagunena dugu yoga. Indian sortu zen duela 5.000 urte. Arnasa, meditazioa eta jarrera jakin batzuk ditu oinarri, eta askoren ustez, bizitza ikusteko modua erabat aldarazten du.

Yogarekin hasteko lehen urratsa arnasa ondo hartzen ikastea da. Yoga egiteko txoko edo gune egoki bat lortu behar duzu, lehenik; zaratarik gabekoa, ahal bada. Ohean edo lurrean etzan zaitezke. Kontzentratu egin zaitez zure arnasarekin. Arnas geldoa, sakona eta isila. Gorputzeko atal guztiak, zelula guztiak, arnasten ari direla pentsatu eta sentitu behar duzu.

Hurrengo pausoa grabitatea sentitzea da. Gihar guztiak erlaxaturik, Lurrak erakartzen zaituela sentituko duzu. Gorputzetik ihes egitea ere lor dezakezu; gustuko duzun leku batera, zerura, hondartza batera…

Feng-shuia, oreka eta harmonia zeure etxean

Antzinako maisu txinarrek naturaren indarrari eta formei begiratuta garatu zuten jakinduria mota hau. Xi-a edo bizitzeko energia ondo bideratzeko eta mantentzeko artea da. Harmonia gure etxean bertan aurkitzean datza feng-shuia (haizea eta ura). Diziplina honek etxearen, naturaren indarren eta geure buruaren arteko oreka bilatzen lagunduko digu. Zertarako? Arrakasta, zortea eta osasuna izateko, eta baita etxean gurekin bizi direnekiko harreman ona izateko ere.

Feng shuiak baditu etxea antolatzeko arau jakin batzuk. Batetik, ahal badugu, ez dugu horma aurrean dugula ikasiko edo lan egingo. Beste aukerarik ez badago, uraren argazki bat ipiniko dugu paretan (itsasoa, laku bat, ur jauzi bat…). Paretak atzealdean izateak, bestalde, babesa emango digu.

Beste arau bat, lo egiteko arazoa dutenentzat. Logela soilik lo egiteko edo sexu harremanak izateko dela pentsatu behar duzu. Lo egin aurretik ondo aireztatu gela, eta atera bertatik tresna elektroniko guztiak (edo estali, izara batekin).

Ikasketekin edo lanarekin zerikusia duen edozein gauza ere atera egin behar da, baita ariketa fisikoa egiteko tresnak ere. Ohea ere ezin da edonon edo edonola jarri; burua ekialderantz edo iparralderantz izan behar dugu eta, oinak eta burua ezin dira atearen alde berean egon.

Ordena eta txukuntasuna ere ezinbestekoak dira, harmoniaren iturri baitira. Ez utzi gauzak lurrean botata. Apalak ere ezertarako erabiltzen ez ditugun trasteak pilatzeko erabiltzen ditugu askotan; hobe da armairuak erabiltzea, gutxienez desordena "estali" egingo baitugu.

Zeure kabuz erlaxatu



Yoga egiteko astirik ez duzu? Ez duzu Pilates klaseak ordaintzeko dirurik? Ez duzu teknika hauetan sinisten? Ez zaizu batere interesatzen? Guk estresak jota zabiltzaten guztioi aholku praktiko eta erraz batzuk emango dizkizuegu.

- Har ezazu arnasa sakon sudurretik bost aldiz. Begiak itxi eta kontzentratu soilik arnasketan. - Har ezazu dutxa bat, urak giharretako tentsioa kentzen du eta. - Barre egin ezazu eta hurbil zaitez umore onez dagoen pertsona batengana.- Joan zaitez paseoan ibiltzera; gutxienez 10 minutu, eta gustuko duzun leku batean.- Entzun musika: zure talde gogokoena, musika lasaigarria..- Bikotekideari edo zure lagun bati besarkada bat eman.- Ohean zaudela, ez pentsatu ezertan. Lo egitera goazenean, burmuineko atal batzuk “deskonektatu” egiten dira; arrazionaltasuna, esaterako. Horregatik, une horretan, pentsamendu negatibo guztiak uxatu egin behar ditugu; bestela, arazo guztiak handitu egingo ditugu.- Zein da zure estresaren iturria? Edozerk ezin dizu estresa eragin. Ezer ez da hain garrantzitsua. Estresa aldi baterako izango dela pentsatu behar duzu. Ez larritu.