Aritz Sound System: “Erregionaleko disko jartzailea naiz, baina ez naiz lotsatzen"

Aritz Sound System: “Erregionaleko disko jartzailea naiz, baina ez naiz lotsatzen" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aritz-sound-system-erregionaleko-disko-jartzailea-naiz-baina-ez-naiz-lotsatzenquot/@@download/image/79p28aritz1_1363803105.jpg
2007/11/02
elkarrizketa
Testua: Lander Garro Argazkiak: Ander Gillenea
Azala zuri eta aritza beltz. Nekez aurkituko dugu esaldi egokiagorik Aritz Sound System hernaniarra definitzeko. Disko jartzaile ipurterre hau hara eta hona ibiltzen da beti, bere musikarekin, bere trasteekin, hamaika mobidatan. Laster, GAZTEZULO SOUND SYSTEM karpa erraldoian entzun ahal izango duzue bere musika. Dantza gogotik eginaraziko dizue. Bai horixe.

Enpresen menpeko mundu honetan, garapenaz, modernitateaz eta elkartasunaz horrenbeste hitz egiten den honetan, musika nondik datorren ondo begiratu beharreko kontua da. Musika, gehienetan, ez da musikariaren edo taldearen ekimena: enpresarena da. Musika produktua da, ahalik eta gehien saldu beharreko plastikozko objektua. "Musika ona edo txarra den eztabaidatu gabe, musika ikuspegi kritikotik begiratu behar da", dio Aritz Sound Systemek. Nork egiten duen musika, zertarako, nondik datorren entzuten duguna, zergatik jartzen dugun hau edo beste, zeren arabera hautatzen dugun; horiek dira egin beharreko galderak, belarriak gehiegi ireki aurretik. Baina ez dugu egiten, ez dugu ia inoiz egin, eta gero eta gutxiago egiten dugu, elkartasunezko mundu garatu eta aurreratu honetan….

Mutil mehar eta luzanga da Aritz, eta musikaz galdetzea ia akatsa izan liteke: hatza zaurian sartu duzu! Asko maite du musika, eta maitasun horrek musikaren aldeko militantziara eraman zuen. "Musikaren bidez nik sentitzen dudana konpartitzeko hasi nintzen musika jartzen", aitortu du. Militantziak, ostera, ospea ekarri dio, nahi gabe seguruenik. Musika beltzak astintzen du gehien hernaniarraren gogoa, baina hala ere, ez dio ezeri muzin egiten.  

Aritzek Hernaniko Tilosetan hartu du GAZTEZULO. Esku artean hamaika paper eta zera dakartza, eta denboraz ere ez dabil sobera. Ez du taberna zuloren batean elkarrizketa egin nahi, "ordu gehiegi" sartzen baititu horrelakoetan. Bego. Kale gorrian egin dugu elkarrizketa, Hernaniko goizeko soseguaren kulunka ederrean.

Musika beltza zabaltzeko egindako ahaleginagatik zara ezagun; beste zein musika duzu gustuko?

Musika estilo ugari. Zaila da musika definitzea, definizioak oso zabalak direlako, eta definizioak ez dira hartu behar…

Dogmak bezala?

Horixe. Estiloa erreferentzia da; elkar ulertzeko, besterik gabe. Nik, hala ere, ez dut ezer inolako musikaren aurka. Zergatik jartzen dut musika? Niri hainbat musika estilo gustatzen zaizkidalako, eta musika estilo horiek ezagutarazi nahi nituzkeelako. Esan dezaket, nolabait, musika jakin baten alde egiten dudala, eta horretan hainbatek ez dutela tokirik; countryak, adibidez, ez du lekurik.

Reggaea, azkenean, Jamaikako countrya da, ezta?

Reaggea ez da bakarrik Jamaikan egiten, e!

Countrya ere ez; Euskal Herrian ere batzuek egin izan dute.

(Kar, kar) Bazen, bai, dantzaldi talde ezagun bat… Tira, hasierako galderara itzulita, musika estilo batzuek ez naute erakartzen, baina ez dut haien aurka ezer. Nik 'beltza' izenekoa jartzen dut: reggaea, rapa, funka, soula, afro brasildar doinuak eta abar. Musika horrek asko esaten didalako. Kito.

Zer diozu Euskal Herrian egindako reggaeaz?

[Hausnarrean geratu da denbora luzez] Lan asko dagoela egiteko. Reggaea ez da musika erraza. Entzuten denean, dena berdina dela, erraza dela dirudi, baina ez da horrelakoa. Hemengo taldeak reggaea egiten hasten direnean, konturatzen dira ez dela erraza. Kontua da, gainera, Jamaikako reggaea kopiatzen saiatzen direla -talde asko, ez denak- eta hori akatsa da, nire ustez. Musika ingurunea da, eta Jamaikan reggaea txikitatik edaten dute, egun osoan, irratian, kalean. Hemen ez da hori gertatzen. Ikastolan ez digute hori irakasten; dantzak ikasten ditugu, txirula… Zu has zaitezke reggaea entzuten, eta halako batean egin nahi zenuke, baina ez da horren erraza. Reggaea ez da konpasa bakarrik. Hemengo bateria jotzaileek, adibidez, konpasa ondo eramaten dute, baina gero, hala ere, ez dauka zerikusirik; sentitu egin behar da.

Hemengo batek zein reggae mota egin beharko luke?

Besteek egiten dutenarekiko menpekotasuna sahiestu beharko lukete, adibidez; beraiek sortu. Ezberdina litzateke, baina balekoa. Ingalaterran egiten den reggaea Jamaikakoaren oso ezberdina da, baina niri asko gustatzen zait. Ingalaterran beste eguraldi bat dago, beste musika batzuk entzuten dituzte, mota askotako eraginak jasotzen dituzte, eta reggaean, noski, hori dena nabaritu egiten da.

Bada zerbait arraziala, ezta? Abesteko orduan, adibidez, batek bere ahotsaren mugak kontuan hartu behar ditu, zuri batek ezin baitu beltz batek bezala abestu…
Nik ez diot horri horrenbesteko garrantziarik ematen. Reggae ona egin daiteke zuria izanda ere. Ez da arrazen araberakoa, ezta hizkuntzaren araberakoa ere. Askotan aipatzen da hori, ezta? Reggaeak ingelesez behar duela, eta abar. Ni seguru naiz reggae ona egin daitekela euskaraz, eta saiakera batzuk egin izan dira. Adibidez, Trepik oso disko ona atera zuen Arauak taldearekin: Trepi eta Arauak izenekoa…

90eko hamarkadaren amaieran disko jartzaileek rocka eta popa jartzen zuten gehienbat. Gero musika elektronikoa iritsi eta erabat nagusitu zen. Zuk, ordea, musika 'organikoa' jartzen segitzen duzu… Salbuespena zara, ezta?

Lekuaren eta dj-ren arabera gauza ezberdinak jarri izan dira. Jamaikan, adibidez, dj-ek reggaea jarri izan dute… Uste dut ezin dela horrela orokortu. Dena den, dj-aren figura musika elektronikoarekin lolotuta dago. Nik egiten dudana oso gutxik egiten dugu. Modu naturalean ateratzen zait, ez dut hori bilatzen. Nik beharra sentitzen dut musika zabaltzeko, beste batzuek pintatzeko edo beste zerbait egiteko sentitzen duten bezala. Kontua da, oro har, niri zerbait sentiarazten didan musika ez dela normalean entzuten dena, ez dela jaietan entzun edota dj-ek jartzen dutena; ez, normalean, behintzat.

Jaiak aipatu dituzula… 'Ausardia' behar da festetan zuk jartzen duzuna jartzeko?

(Kar, kar) Bai, egia esan. Pentsatzen dut, nolabait, musika mota hori jartzen aitzindaria naizela, nire aurretik batzuk ibili diren arren. Eta egia da askotan ez dutela nik egiten dudana ulertzen. Toki askotara, horregatik, oso mentalizatuta joan beharra dago. Hala ere, aspalditik nabil honetan, eta ez dit askorik eragiten. Denetik entzun dut: "Hau ez da gure estiloa", "Zure musikak jendea desmobilizatzen du"…

Halakorik!
Bai. Hori jai batzuetan esan zidan morroi batek. Serio esan zidan: "Bai, zure musikak jendea porroak erretzera bultzatzen du". Morroiak, noski, sekulako aitzurra zuen… eta berak esan zidan! Bitxia iruditu zitzaidan. Hala ere, uste dut gauza hauez gutxiegi hitz egiten dela, modu sakonean, behintzat.

Gehiago hitz egin beharko genuke?

Bai, zalantzarik gabe. Asko jota musika kritikatzera irits gaitezke, deskalifikatzera, baina ez dugu eztabaidatzen.

Zein da musika jartzeko plaza ona?

Hernani! Bai, nahikoa plaza ona da. Izan ere, musika zabaltzeko ahalegin handia egin da herri honetan. Musikarekiko aurreiritzi mordoa izaten da. Euskal Herrian toki bakoitzean musika mota jakin bat jartzen da, eta hortik ateratzea oso-oso zaila da. Txosnetan rocka jartzen dute, hemengoa nahiz kanpokoa; diskoteketan, technoa… Niri, beraz, erdian egotea egokitu zait.

Eta askotan tokiz kanpo…

Txosnetan, adibidez, rocka ez jartzeagatik gaizki ulertuak izan ditut, eta euskarazko musika ez jartzeagatik ere bai. Gustuko ditudan musikak apenas egiten dira euskaraz, eta niri horrek zailtasun handiak sortzen dizkit. Hala ere, espero dut hori ere iristea; hau da, musika horiek euskaraz normaltasunez egiten hastea. Diskoteketan ez dut inoiz musika jarri, baina 'giro horretako' hainbat festatan, bai. Behin, beste hiruzpalau dj-rekin aritzea suertatu zitzaidan. Goizeko ordubiak aldera zen nire txanda, eta ordurako, ikusia nuen nire musika han tokiz kanpo zegoela, oso techno gogorra jartzen ari baitziren besteak. Hala eta guztiz ere, hasi nintzen jartzen, eta segituan ikusi nuen jendeak harrituta begiratzen zuela, "Nor ote da hau?" galdetuz bezala. Hurrengo dj-a atzean nuen, harrituta hura ere, eta poliki-poliki ukalondoarekin ni botatzen hasi zen, "Hi, ez gaitzak loak hartuarazi!" pentsatzen ariko balitz bezala; "¿Qué pasa, maestro?", galdetzen zidan.

Zuk cd-ekin jartzen duzu musika…

Bai, 'erregionaleko' disko jartzailea naiz, horrela hartzen naute batzuek, baina ez naiz lotsatzen. Gaizki ikusita dago cd-ekin musika jartzea. Orain aldatzen ari da ideia hori, baina tradizionalki, disko jartzaileak biniloak jarri ditu. Ni gauza horiei ez diet horrenbesteko garrantziarik ematen; formatoari, alegia. "Aberatsa" izan beharra dago biniloak jartzeko, oso bitarteko garestia delako, baina tira... Ni ez naute 'puntako tokietatik' deitzen.

Disko jartzaileari sarritan gertatzen zaion beste gauzetako bat, entzuleen atrebentzia izan ohi da: "Jope, jarri zerbait dantzatzeko!".

(Kar, kar) Bai, niri beste hau ere esan izan didate: "Noiz hasiko zara?".
Euskal giroan fenomeno ironiko bat gertatu da: lehen 'hemengo' musika baino ez genuen jartzen, eta kanpoko zertxobait. Orain, ordea, pixka bat irekitzen hasi gara, baina musika komertziala jartzeko, 'komertzial' hitzaren zentzurik makurrenean.

Hor dago koxka: zergatik entzuten da gehien, gehien entzuten den musika? Jendeari zinez hori gustatzen zaiolako? Ez dut uste. Jende horrek ez du beste gauzak entzuteko aukerarik eduki. Musika jartzeko bizpahiru aukera badituzu, bizpahiru horien artean aukeratu beharko duzu. Aukerak gehiago zabaldu ahala, gehiago handitzen da aukeratzeko askatasuna. Zuk aipatzen duzuna, hala ere, oso kezkagarria da. Nik urte mordoa daramat geure giroa ireki nahian, eta oso lan zaila da. Orain, ordea, horixe ikusten ari naiz: musika komertziala erraztasun handiz jartzen dela.

Bisbal, Bustamante eta antzekoak jartzen dira…

Ni ez naiz musika ona edo txarra dela esatearen aldekoa. Ez dut uste musika txarra dagoenik, baina musika ikuspegi kritiko batetik entzun behar da, musikak ideologia dakarrelako. Rocka huts-hutsean entzutetik edozer entzutera pasatu gara.

Eta horren aurrean?

Lan asko dago egiteko. Asko. Hitz egin behar dugu, asko hitz egin, asko eztabaidatu...

Bitxia da, hala ere, geurean hori gertatzea, non eta 'kanpokoa' beti mehatxu bezala ikusi den.

Bai, nik arazo handiak izan ditut kanpoko musika jartzeagatik. Euskal kultura defenditzeko esaten dira gauza horiek, baina hori ere eztabaidatu beharko litzateke: zer da euskal kultura? Nik uste dut kanpokoak aberastu egiten gaituela, beti ere kanpoko hori baldintza jakin batzuetan badator, noski. Gai polita da hori, ezin da errazkerian erori. Lehen esan bezala, musikak ideologia dakar, eta adi egon beharra dago. Lan asko dugu oraindik egiteko eta bakoitzaren esku dago. Niri dagokidanez, zuzeneko musikaren bi aurpegiak ezagutzen ditut. Zerbait eskaintzeko duen 'artixta' bezala, Aritz Sound System izenarekin edo Selektah Kolektiboaren parte bezala, Euskal Herriko txoko asko bisitatu ditut. Eszenatoki askotan ibilia naiz, eta zuzeneko musikan ikuspegi desberdina eskaintzen dugu; sound systemaren ideia, alegia. Musika, begira egoteko zerbait bezala baino, entzuteko eta musika horrekin dantzateko ikuspegia.

Antolaketa ere gertutik ezagutzen duzu…

Bai, aspalditik nabil gauzak antolatzen (Igande Musikatuak, Hip-hop egunak, Artixten Topaketa, Molotoff Irratiko txosnaren egitaraua...). Ezin dugu besoak gurutzatuta geratu. Gustuko ditugun emanaldiak nork antolatu zain egon beharrean, ekimena hartu eta guk geuk antola ditzagun. Zergatik ez?

Musika hedabideen esparrura eramateko esfortzua ere egin duzu; irrati bidez, esaterako.

Bai, urteak dira gustuko doinuak irrati bidez zabaltzen hasi nintzenetik. Hernaniko Molotoff Irratian, adibidez; 18 urte daramatzat saioa egiten eta irratiko barne antolaketan parte hartzen. Irrati libreek Euskal Herrian izugarrizko lana egiten dute musikaren zabalkundean. Jendearen esku dagoen komunikazio tresna ederra dira, eta indar osoz defendatu behar ditugu. Gaur egun, Molotoff Irratian eta Info 7n (www.info7.com) saioak egiten ditut. Euskal nazio ikuspegia duen irrati hasi berria da Info 7, guztion babesa behar duena. Prentsa idatzian ere banabil. Aspalditik GAZTEZULO eta Entzun! aldizkarietan nabil laguntzaile, eta aldizkari hauei esker jende askorengana iritsi ahal izan naiz, bai diskoen aipamenak eginez, taldeei elkarrizketak eginez edota gustuko ditudan musikei buruzko erreportaiak idazten. Gara egunkarian ere astero idazten ditut disko berrien aipamenak.

Euskal Herrian euskarazko informazioa falta da hainbat musika estilori buruz?

Bai, eta, neurri batean, kolaborazio horiei esker hutsune hori zertxobait bete daitekeela uste dut. Bide horretan, 2002an Bob Marley; Begirunea, maitasuna eta askatasuna izeneko liburua kaleratu nuen Txalaparta argitaletxearekin. Ez dut idazle senarik, baina argitaletxeak egindako eskariari erantzunez idatzi nuen liburua, eta horrelako gehiago behar dira Euskal Herrian.

Disko denda ere eduki zenuen garai batean.

Bai… Buf! Istorio luzea da! Laburbilduz, inguruan duzuna aldatu nahi baduzu, lanean hastea beste aukerarik ez duzu. Garagardoa eskutan duzula gauzak kritikatzea erraza da, baina horrekin ez duzu ezer aldatuko. 

arloteen musika eder hori


Aritz Sound System ezagutzen dutenek ondo dakitenez, bera da Euskal Herrian reggae musikaren alde gehien egin dutenetako bat. Han eta hemen, ehunka plaza zein aretotan jarri du Hernanikoak Jamaikako musika. Harreman berezia dago Aritz eta musika mota horren artean. Merezi du labur reggaea zer den azaltzea, hortaz.

1950eko hamarkadara arte Jamaikan ez zen ezer grabatzen, eta turistentzat aritzen ziren bandak ziren hango musikaren ardatza.

Hala ere, 1950eko hamarkadan irrati publikoa sortu zen, eta horrekin jauzi teknikoa eman zuten. Pista bakarreko mahaiaz, doinuak grabatzen hasi ziren, modu mugatu baina erabakigarrian: hortxe hasi zen Jamaikako musikaren historia. Garai hartan Karibeko musika egiten zuten; kalipsoa eta beste hainbat. Jamaikarrek, ordea, AEBetako musika ere entzuten zuten, eta rithm and bluesarekin kutsatzen hasi ziren. Bertako musika kanpokoarekin nahasi zuten, doinu berriak sortuta. Ska musika deitu zioten horri.

Berehala bi musika estudio sortu ziren, eta, mugida horren baitan, musika taldeak ugaritu ziren. Gutxinaka, ska musika biziak erritmoa galdu zuen, eta hortik rockstady deitutakoa sortu zen. Aritzek esandakoaren arabera, musikak tokian-tokiko egoerarekin zerikusia du, eta musika moteltzeak ere azalpen soziopolitikoa izan lezake: “Ska musika sortu zenean, Jamaikan independentzia garaia zen: baikortasun eta itxaropen garaia, urte alaiak... Beraien bizitza hobetuko zela uste zuten, eta horrek erritmo biziak sortzen zituen musikan. Handik gutxira, ordea, okerraz jabetu ziren, eta musika, beraien gogoarekin batera apaldu egin zen”. Turismoak eta soularen eraginak ere garrantzia izan zuten ska musikaren garapenean, noski. 70eko hamarkadaren ingurumarian sortu zen reggae musika Jamaikan. Early Reggae izena zuen hasieran, eta gai aldetik arinagoa zen: hondartzak, paradisua… Jamaikako egoera, ordea, gero eta nabarmenago ari zen okertzen, eta ghettoen sorrerarekin batera, rastafari filosofia sortu zen, eta, harekin, reggaea. Reggae hitza, izan ere, etimologikoki ragga hitzetik dator, eta ragga, ingelesezko raggamuffin hitzetik, zeinak arlote edo zarpail esan nahi baituen. 

Aritz Sound System-en kuttunak



Zinema. "Herri zanpatuaren ikuspegitik Euskal Herriaren egoera jorratzen duen filma ikusi nahi nuke noizbait".
Musika. "Rapa, reggaea, funka, soula eta, oro har, musika beltzaren barruko estiloak nahasten dituen diskoa entzun nahi dut, Euskal Herriko zein nazioarteko gaiak errespetuz landuko dituena, eta hika mintzo diren abeslariak eztarria urratzen".
Literatura. "Paperean edo digitalean musikari buruzko idatziak euskaraz aurkitu nahi nituzke".
Gastronomia. "Janari, edari eta, oro har, ahotik zein sudurretik sartzen diren elikagaiek eta drogek gure gorputzean duten eraginaz mintzo diren euskarazko film, kanta eta liburuak".